Udaberri honetan ere Eusko Eguna ospatuko da Ezpeletako merkatu estalian, iaz, tokiko monetaren 10. urtebetetzearen karietara, 1.500 pertsona bildu ondoan. Aurten, besta herrikoi handia antolatuko da, apirilaren 13an, larunbatean. Aktibitate eta animazio anitz izanen dira, eta, hola, haurrak eta helduak loriatuko dira, goizetik gaueko ordu ttipietara!
Ipar Euskal Herriko tokiko monetak garatzen segitzen du. Euskoa moneta soil bat baino anitzez gehiago da: gizarte-lotura eta elkartasun ekarlea, balio jakin batzuk sustatzen dituen sarea eta lurraldearen eraldaketa kultural, ekonomiko eta ekologikoaren zerbitzura dagoen tresna ere bada. Urteroko besta honetan, nabarmenduko dira biharko lurraldea sortzen ari diren alternatibak. Eusko Eguna bateratzailea izanen da, topaketaz eta solasaldiz betea, belaunaldiak nahasiko dira, beti giro goxo eta alaian.
Eguna 10:00etan hasiko da, elkarteen herrixkarekin, laborarien eta artisauen merkatuarekin eta jantzi eta sehaska hustearekin, tokiko moneta eskutik eskura ibilarazi, kalitatezko tokiko produktuak salerosi eta bigarren eskuko produktuak berrerabiltzeko.
Eskola oporretako lehen asteburua izanen denez, hainbat aktibitate proposatuko zaizkie haurrei, goizetik arratsera. Goizean, itsuen futbol partida antolatuko du ASJ Espelette klubak, antzara joko erraldoia, laborantzako landare-motak ezagutzeko tailerrak, ereintza eta hazi-bonba tailerrak, asto bizkarrez ibiltzea, herri kirolak, etab. Arratsaldean, ikuskizunak izanen dira, hala nola Pontx pailazoarena edo Hegalaldia elkarteak proposatutako harraparien laxatzearena. Eta haurrik trebeenek kermezako erakusmahaietan sari bat baino gehiago irabazten ahalko dute!
Goizean, huts egin ezin diren honako hitzordu hauek izanen dira:
– Pilota-partiden jarraitzaileentzat, Oinatz Bengoetxea txapeldunaren erakustaldia. Ikuskizun ederra!
– Euskaraz mintzatzen ikasi nahi dutenentzat: Plazarak antolatu “Euskara ikasten hastea” tailerra. Horren ondotik, egun osoan ahal bezainbat euskaraz mintza!
– Historiaz eta ondareaz gehiago jakin nahi dutenentzat, bisita gidatua Ezpeletako herri barnean.
– Ekonomiaz eta desazkundeaz interesatzen direnentzat: Euskoa: hazkunde-ondoko gizarterako trantsizio-tresna hitzaldia, Ralentir ou périr liburuaren idazlea den Timothée Parrique ekonomialariarekin, Euskal Herria Burujabe lurralde-proiektuaren koordinatzailea den Elise Dillet Bizi!-ko militantearekin eta ekonomia sozial eta solidarioaren arloan Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari ordezkaria den Maitena Curutchetekin. Mugagabeko hazkundea ezinezkoa denez mundu mugatu batean, desazkundea beharrezkoa ote da? Eta nola gauzatzen da hori gure lurraldean?
Erantzunetarik bat gure azietan dago, bereziki Eusko Egunean proposatuko zaizkizuen jakietan. Zirkuitu laburrak Euskoaren proiektuaren erdigunean egon dira tokiko moneta sortu zenetik, eta, beraz, arta berezia eskainiko zaie Eusko Egunean jatekoei eta edatekoei. Eguerdian, iaz bezala, laborarien bazkaria prestatuko da, laborarien merkatuko produktuekin. Eta arratsean, tokiko produktuekin ere, klasiko handi bat moldatuko da: tartifleta!
Egun osoan giro goxo eta alaia segurtatzeko, Txitxirioak txaranga, jendea leku batetik bestera ibilaraziko duen Tipli Tapla batukada eta zango-makolen ikuskizuna izanen dira. Gero, arratsean, Patxi eta Konpainiak Dantza Piko eskainiko du eta Herrian Kantuz koruaren boz ederrak entzunen dira. Azkenik, Kontrabanda taldeak kontzertua joko du, eta gaualdia bururatuko da DJ Doy ezpeletarrarekin!
Sartzea urririk eta libro denentzat, goizetik gauera!
Egitarau osoa eta ordutegia: euskoeguna.euskalmoneta.org