Uda hastapen honetan eta aktualitate hertsagarritik pixka bat urruntzeko, gai arinago bat proposatu nahi liguke Elise Dilet-ek eta euskarazko literatura aipatu. Eguneroko biziak denbora guti uzten du plazerez irakurtzeko eta jende anitzen kasuan, uda da horretarako momentu egokiena.
Oztopoen gainetik
Ez dut erranen euskarazko literatura militantziaz irakurri behar dela. Militantziaren zama aski pisua izan daiteke hori gabe ere eta, bestalde, ez dut nehor epaitu nahi. Literaturarekin dugun lotura arras pertsonala da.
Gainera, bizi dugun diglosia egoeran, oztopo ugari ditugu euskaraz irakurtzeko bidean.
– Gehienok frantsesez (edo gaztelaniaz) ikasi dugu eta nahiz eta euskara ongi jakin, askotan, emekiago irakurtzen dugu euskaraz erdaraz baino. Trabatuak sentitzen gara euskaraz, are gehiago erdaraz dugun errextasunarekin konpara dezakegulako.
– Euskalkiei esker, aniztasun handia dago idazteko maneren aldetik, baina estilo batzuk (erran-moldeak eta hiztegia) aski urrun zaizkigu. Horrek irakurketa gehiago zailtzen du.
– Euskarazko liburu anitz baldin badira ere, askoz gehiago baditugu frantsesez, ageriagoak, aipatuagoak, eskuragarriagoak.
– Literaturaz aparte, frantsesezko hitzez inguraturik bizi gara eta gauza batzuk euskaraz idatziak baldin badira (eta beharrik badira), usu frantses bertsioaz lagundurik ageri dira, askotan frantsesezko testuaren itzulpenak dira, eta gehiegitan ageri da euskaraz idatziak izanik ere frantsesez pentsatuak direla.
Aldapan gora
Hori dena ezin da ukatu, baina gainditzen ahal da euskaraz irakurtzeko plazera ezagutzeko. Nik mendian ibiltzen hastea bezala ikusten dut. Hastapena zaila da: usaia falta, zapata gogorregiak, zaku pisuegia, hotza, beroa, egarria, ezparak, bidea ezin asma, amore emateko tentazioa… eta duda nardagarria: « zergatik inposatzen diot hori ene buruari, etxean goxo-goxo egon ordez??? » Baina eutsiz gero, burua altxatzen hasten gara eta inguruan den guztia agertzen zaigu. Eta mendi-kaskora heltzean, zer harrotasuna, zer zoriontasun sakona! Bigarren ibilaldia lehena baino pixka bat errexagoa izanen da eta, entrenatzearen poderioz, mendi gero eta zailagoak gainditzeko gai bilakatzen gara. Euskaraz irakurtzeak ere entrenamendua eskatzen du gozatzeko eta hasierako oztopoak baino urrunago begiratu behar da plazera ikusteko.
Baina, lehenago, zerbait ikasi behar da: laxatzea, lasaitzea, perfekzioari uko egitea. Onartu behar dugu ez ditugula hitz guziak ulertuko eta elementu batzuk eskapatuko zaizkigula. Guk, irakurle gisa, hutsune horien gainetik salto eginen dugu. Kontakizunean zuloak izanen dira, baina haren haria gure maneran josiko dugu. Azkenean, erdaraz irakurtzen dugularik baino askoz aktiboagoak gara. Mendian bezala, aitzinatu arau aurkikuntza berriak biltzen ditugu: ezagutzen ez genuen edo ahantzia genuen hitz bat, erran-molde dotore bat, ideia adierazteko bide berri bat. Euskaraz irakurtzeak, euskal literaturan murgiltzeak, hizkuntza aberasteaz gain, irudimena ere aberasten du, ametsak elikatzen ditu, euskaraz egiten ditugun ametsak.
« Euskaldun gisa xantza handia badugu euskarazko literaturaren ekoizpena biziki aberatsa delako. Iaz, adibidez, 700 bat liburu aurkeztu ziren euskarazko literaturaren topaketa nagusia den Durangoko azokan. »
Hona hemen bost proposamen maletan sartzeko:
– Beti mugan, Ruben Ruiz (Kontrabanda eta Comète sarearen inguruko eleberri historikoa, Baztanen kokatua)
– Ene baitan bizi da, Maddi Ane Txoperena (Amatxi-iloba harremanak eta bizipenak – neskatoak 50eko hamarkadan)
– Bichta éder, Eneko Bidegain (Lapurdiko kostaldeko gaztelu batean gertatzen den intrigazko istorioa)
– Mesfida zaitez, Bea Salaberri (Baxenabarretik Baionara ikastera doan emazte gazte baten militantzia-bidea)
– Ni ez naiz Mikel Laboa, Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Joseba Larratxe (Eleberri grafikoa, Laboaren biografia, umorez eta fantasiaz betea)
Udan zein urte guzian euskaraz irakurtzeko uneak ez dira eskas. Euskeraz zerbait irakurri gabeko unerik ez dut iragaiten.Prentsa gehienik segur. Baina irakurtzeko gairik ez zaizkigu falta: Baditugu nobela « zahar » eta klasikoak: Gauaz parke batean (J Mirande) Elsa Scheelen , Leturiaren egunkari izkutua, Exkixu (Txillardegi), Otto Pete (Anjel Lertxundi) Biok euskalun berriek idatziak baona eukara jator eta erres batean.Artikulu honetan aipatutak liburuak ere onak dira. Euskara jator jatorraz irakurtzeko idazki zaharrak , bertsuak, kantu herrikoiak ere nak dira. Baita gure mendeko literatura errebistak ere: hauen artean 1982 an hasi zen MAIATZ Baionako literatura errebistan denetarik aurkitzen da: olerkia, eleberriak, pentsakerak, pastoralak , liburu berrien aurkezpena.