Gernika Palestina, Deialdi Herritarraren ekainaren 8ko ekimenaren bideoa.
Genozidio bat. Gure begien aurrean, genozidio bat.
Herri baten, bere lurraren eta biztanleriaren suntsiketaren lekuko izaten ari da mundua, hainbat estaturen eta erakunderen konplizitatearekin. Dagoeneko historiako handienetan dagoen basakeria honen aurrean, Bilbotik, tinko, amorruz eta ozen esaten dugu Ez garela geldirik geratuko, ez garela isilik egongo. Ez gaituztela konplize izango.
Alderantziz, aurrean izango gaituzte! Aurrean eta Palestinaren ondoan!
Palestinako lurrean gertatzen ari dena ikuste hutsa jasanezina bada, zer ote da egunero etxean, sendian, norberarengan bizitzea, egunero heriotzaren eta suntsiketaren zain, egun bat bestearen atzetik.
Basakeria honen lekuko garen munduko herritarrok, Palestinako genozidioa ahalegina gertatu zenean, historiaren zein aldetan geunden esan beharko dugu etorkizunean. Eta esan beharko dugu zer egin genuen hura geratzeko.
Historiaren arorik ilunenetara itzultzea edo bestelako etorkizun bat defendatzea erabakitzen den bidegurutze historikoan gaude! Gure mundualdiko une erabakigarri batean gaudela jakitun gara!
Horregatik, gutxitan bezala, milioika gara mundu osoan kalera ateratzen ari garen herritarrak. Badago esperantza, asko gara mundu osoko kaleetan nahikoa da esatera atera garenak! bestelako mundu bat nahi dugunak!
Gu ere, hemen, Euskal Herrian, Gernikaren herrian, historiaren alde egokian kokatu diren milioika herritarrekin batera goaz. Guk ere giza duintasunaren sinbolo bihurtu den Palestinako herriarekin bat egiten dugu eta hemendik ozen aldarrikatzen dugu: Ez! Estatu sionistari ez! eta bai Palestinako herriaren eskubideei!
Eta gaurko egunez bereziki Europar Batasunari eskatzen diegu ez dezatela kolaboratu, ez aktiboki ez pasiboki, Israelgo gobernu sionistarekin.Europar Batasunari eskatzen diogu, bere esku dagoen guztia egiteko basakeria honekin amaitzeko. Nahikoa da!
Entzun dadila mundu osoko herri eta hiriburuetan kalean gauden milioika herritarren oihua: Gure izenean ez! Hemen jarraituko dugu genozidioarekin amaitu eta Palestinako herriaren berezko eskubide guztiak aitortu arte.
Egiten dugun ezer ez da nahikoa izango, baina ezer ez dago soberan! Entzun dadila Bilbotik Palestinara lau haizetara gure oihua:
Genozidioari ez!
Gora Palestina askea!