Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalea Donibane Garazi, 2025eko apirilaren 20a
Donibane Garazin, 2025eko apirilaren 20eko Aberri Egunean irakurria izan den adierazpena:
Gaur hemen, Donibane Garazin bildu gira Aberri Eguna ospatzeko. Munduko herrialde gehienek duten bezala, guk ere gure nazioaren eguna dugulako. Hizkuntza, kultura eta lurralde propioak ditugu. Euskara. Zazpi herrialde. Nazio bat. Ez gira besteak baino gehiago, baina ezta gutiago ere. Gure herriaz harro gira eta izaten segitu nahi dugu!
Azken bi urteetan bezala, aurten ere Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak bat eginik antolatu dugu Aberri Eguna, Elgarrekin.
Elgarrekin diogu, mugimendu abertzalean indarrak batu behar ditugulako eta norabide berean lan egin eraldatzailea eta euskararen aldekoa den gure proiektu abertzalea lau haizetara hedatzeko. Elgarrekin, baita ere, abertzaleetarik haratago, aniztasunean, lurraldeko eragile ezberdinen arteko lankidetzaren bidez, indartsuagoak baikara Euskal Herriko erronkei elgarrekin aurre egiteko.
Elgarrekin diogu, jokoan ainitz dugulako. Bihurgune klimatiko, kultural, sozial, politiko eta demokratikoa bizi dugu. Hitz gutitan, sistema kapitalistak sortu duen zibilizazio krisi larria. Eta orain, eskuin muturra eta bere ideia atzerakoiek are gehiago larritu dezakete egoera. Jokoan dira oinarrizko baloreak eta gure jendartearen kohesioa. Garai historiko hau aukera bilakatu behar dugu. Euskal Herriak erantzun sendo eta ausartak eman behar ditu.
Herriaz ari gara, Euskal Herria garelako eta libre bizi nahi dugulako, beste herrialdeekin berdintasun osoz. Herri libre bat izan nahi dugu. Herria diogu ere, hemen bizi diren biztanle guztiez ari garelako, eta guztien gainetik interes orokorra lehenetsi behar delako. Eta herria ere erraten dugu, bertako biztanleekin borrokatu behar baitugu, modu kolektibo, parte-hartzaile eta demokratikoan.
Burujabetza diogu, hori delako gure herriarentzat proposatzen dugun helmuga eta bidea. Euskal Herriaren aitortzan jauzi berri bat egiteko eta eraikitzen ari garen alternatiba burujabeetan zabalkunde bat emateko garaia da. Orain arteko proiektu konkretuak sendotu eta berriak plantan ezarri behar ditugu egunez egun burujabeago izan gaitezen. Gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugu, orain eta geroan. Orain da momentua eskumen gehiago emango dizkigun instituzio berri bat aldarrikatzeko. Orain da momentua Ipar Euskal Herriak botere gehiago izan dezan gure indarrak mobilizatzeko.
Bada garaia urrats berri bat egiteko Euskal Herri burujabe bat eraikitzearen bidean. Alternatiba konkretuak eremu guzietan garatuz baita maila instituzionalean ere. Azken hilabete hauetan, Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalari buruzko bi urrats nabarmentzen dira: EHBairen autonomia proposamenaren aurkezpena alde batetik, eta Batera plataformaren berpiztea bestetik. Botere gehiago emanen digun erakunde berri baten alde mobilizatzeko tenorea da. Indar harreman berri bat sortu behar dugu estatu frantsesaren aitzinean, Ipar Euskal Herriak erabakitzeko ahalmen gehiago ukan dezan.
Itxaropena gira. Lehen aldikoz, ezkerreko abertzale bat dago Parisen diputatu gisa. Aurten, laborantza hauteskundeetan lurraldeari atxikiriko laborantza herrikoiaren aldeko eredua eta eskaintza abertzalea nagusi izan dira. Baina ainitzez urrunago joan behar gira. Euskal Herria euskaldun, jasangarri, solidario, justu, feminista, demokratiko eta burujabe bat lortzeko, mugimendu abertzalean jende gehiago antolatzea baitezpadakoa da. Hori da gaur zabaltzen dugun deia.
Era zabalean antolatzeko deia zabaltzen dugu. Egungo egoerak eta aitzina segitzeko an bizioak gure engaiamendua berritzea eskatzen digute. Herriko hauteskundeak, euskara, kultura, etxebizitza, klimaren aldeko borroka, sindikalismoa, feminismoa, lurraren eta laborantxaren defentsa, gazteria, elkartasuna… Gure lurraldean errotua diren aldarriak aitzina eraman ditzagun!
Gaur ere oroitarazi nahi dugu azken urteetan elgarrekin arituz pauso handiak egin direla bake prozesuan aitzinatu eta euskal presoen auziari aterabidea emateko. Oraindik denak ez daude etxean. Helburu hori lortu arte segituko dugu lanean!
Gora Euskal Herria!