
Kulturen arteko gerla bati buruz ari ote zaigu mundu hau? Agian ez! Elkarrekin, edo bederen elkarren ondoan bizitzen ahal ote gara giristinoak eta musulmanak? Uste dut baietz, ezen lehenago gertatu da bakean bizi izan zirela batzuk eta besteak, eta gainera juduak ere horiekin, Ipar Afrikan, Asian eta Europan. Etsenplutako Andaluzia aipatzen da maiz, eta bereziki Granada hiria, arrazoi osoz. Baina zenbat euskaldunek badakite gisa berean antolatzen zirela gureganik anitzez hurbilago, Tutera hirian, Nafarroako Erriberan, Ebro ibaiaren bazterretan?
Berberak eta gero arabiarrak Iberian sartu zirenean islamaren izenean, iberiar franko erlijio berrian sartu ziren, bereziki Erriberan. Horko musulman gehienak tokikoak ziren, hots baskoiak. Lau mendez nagusi egon ziren Tuteran eta eskualdean, beren meneko judu eta giristinoekin bakean biziz. Azkenean Alfontso Borrokalaria Iruñeko eta Aragoiko erregeak Tutera hartuko du 1119 urtean, Bearnoko jaunaren laguntzarekin.
Erriberako musulmanak, lau mendez gobernatu ondoren, Nafarroako errege kristauen menean biziko dira beste lau mendez. Erregeek zainduko dituzte. Horien beharra bazuten, arma egile trebeak baitziren, eta soldadu onak. Nafarroako erresuma txikia usu tinkatzen zuten Aragoiko eta Gaztelako errege indartsuek, bere mugen zaintzeko armada ona behar zuen, eta lan horretan ongi zerbitzatzen zuten musulmanek ere.
Musulman egoteko zuzena beti atxiki zuten beraz erregeen eta foruen aterpean. Haatik nagusia beti nagusi baitago, Tuterako erdigunea giristinoei utzi behar ukan zuten Quiles errekaren bazterretan plantatzeko, eta meskita katedral bilakatu zen, ezkildorreak minaretearen lekua betez. Hirur komunitateen arteko harremanak ez ziren gaur uste litzatekeen bezain idealak. Komunitate bakoitza bere auzunean bizi zen. Egunaz jendea handik atera zitekeen lanerako edo komerziorako edo… Baina iluneko bere auzunera itzuli behar zuen. Haatik orokorki hirur erlijioetakoak beren artean hein bat ongi konpondu ziren mendez mende.
Holaz 1512 urteraino bakean biziko dira Tuterako giristino, judu eta musulmanak. Hor Fernando Errege Katolikoak Nafarroa hartuko du gerlaz, Gaztelako tronuari lotuko, eta usaiako tolerantzia hautsiko, judu eta musulman erlijioak debekatuz. Juduek hiru hautu zituzten: giristinotzea, kanporatzea edo sura joatea. Tuterako musulmanentzat haatik buruzagi berriak ez dira hain bortitz agertuko, guti baitira ere gelditzen direnak, baina beren ondasun lodienak hartuko dizkiete.
Zortzi mendez gure atean bizi izan zen bakea nolaz ezinezkoa litzateke orain judu, kristau eta musulmanen artean? Zenbait aldiz guk baino zentzu gehiago bazuten gure aitzinekoek. Gainera Tuterako musulman horiek baskoiak ziren, gure arbasoetarik, beharbada euskaradunak, dena dela euskal herritarrak.
Nafarroan zortzi mendez judu, kristau eta musulmanen artean bizi izan zen bakea nolaz ezinezkoa litzateke gaur?
Musulmanek arabieraz otoitz egiten dute. Baina gero, etxean eta karrikan arabiarrak ez direnak, adibidez kabilak, tokiko hizkuntza naturalean mintzo dira. Eta guk, kristauek, meza-bezperak latinez genituen Vatikano II kontzilioraino, salbu predikua eta eguneko hiru anjelusak. Baina gero latina elizan uzten genuen bistan dena, herriko hizkuntzara itzuliz otoitzetan ere. Beraz Tuterako musulmanak nola mintzo ziren meskitatik eta otoitzetik bazter? Ez ote Nafarroakoa hizkuntzetan, hots nafar erromantzez eta/edo euskaraz, beste herritar guziak bezala?