Urte berria noiz hasten ote ? Abenduaren bukaeran ?
Elizetako ezkil handien hamabigarren kolpean ?
Urtats aiparuz bixkotxa janik, xanpainaren edatean ?
Piriniotako azken hartz arreak iratzartzen direnean ?
Edo bolantak ta kaxkarrotak herri plazarat jaustean ?
2 x 2 = 4, beti hola da, batura matematiko.
Atomo guziak Bing Bangen sortu eta hor dira betiko.
Abenduaren 31an, urte berria hasiko ?
Arnas berria, ta bizi poza, hor jiten direa ttanko ?
Ez ote gira sobera zehatz ta sobera zientifiko ?
Urte berri bat, proiektu, idei, ta gogoentzat parada :
Klopari adio, mendizale izan, edo lanpostua alda.
Baina hori noiz ospatzen dugun nahi nizueke galda
Urtarrilaren 1a usaian, urteko egun zailena da!
Eta ondotik ta aski luzaz su bazterra eta salda !
Noiz berpizten den urtea orain pentsatu dezagun ontsa :
Zaharrek ainitz zakiten hortaz, ez gaitezen hortaz lotsa.
Etxez etxe zen entzuten ahal dantzarien xilintx hotsa
Bolantek eta Kaxkarrotek’e zirtzilak joaiten bortxa !
Ihauteriek zuten ekartzen urte berriaren poza.
Ihauteriak inguratzen du gure kultura guzia.
Bertsolariaren hitz jokoa ta dantzarien abilezia
Musika aire ezagunak ta zirtzil antzerki bitxia
Urte berria jinarazteko hau dena ez da ahantzia
Datak berdin du baina manerak aldiz badu garrantzia.
Xanpainari ta urtats gauari ez diot egin nahi traba
Besta ederra eginen dugu beste guzien gisara
Aldiz liberti ta dantzatzea azkar atxiki behar da.
Donapaulen ta Garazin ere berpiztuak dira jada
Beraz Ihautez euskararekin guziak karriketara !
bikain
urte berri on KLIXKAri eta ENBATAko guzieri
JCI