Otsail Ostegunak Amikuzen euskaraz antolatzen diren otsaileko ostegunetako hitzaldien izenak dira. Zabalik elkarteak antolatzen ditu 1997tik geroz eta aurten 18. saioa izanen da. Gaualdi horiek helburu bikoitza dute: pentsamendua eta ezagutzaren inguruko eztabaidak eta topaketak bultzatzea eta euskararen erabilera indartzea. Aurten, azken ostegunean berezitasun bat izanen da. « Zergatik ez ? » formakuntza tailerra! Gure hizkuntzarekin dugun harremana doloretsua, konplexez betea eta itoa izaitetik, hortaz gogoeta egitea eta jarrera baikorrak sustatzea izanen du helburutzat.
Hara segidan arrats bakotxean euskaraz gozatzen ahalko duzuen gaia!
Otsailaren 6a : Eñaut ETXAMENDIren kantagintza. Mithindarraren kantu guzien publikatzearen karietara (Maiatz argitaletxean), berarekin eginen dugu kantu horien bidaia. Nola sortu zituen, ze kontestutan, aire eta hitzen egiteko sortzaileak erabili moldeak, artistaren erreferentziak, … horra xilatzera entseatuko giren sekretuak. Kantuz hasi eta finitzeko bistan dena!
Otsailaren 13a : Zero hondarkinetara nola hel ? Gipuzkoan duela urte guti ikaragarriko esperientzia bizitzen ari dute. USURBILeko herria aintzindari, gaur 140000 bizitzale dira beren hondarkinen kasik % 80a birziklatzen dutenak, lehen %20a doi-doia gainditzen zutelarik. Pello ZUBIRIA eta Malores ETXEBERRIA Hernaniko Zero Zabor taldekoek beren lekukotasuna ekarriko digute. Jasta gisa, behereko bideo honen lehen 6 minutak beha dezazkezue.
Otsailaren 20a : FAGOR Etxetresnak erorita, zertan dira kooperatibak ? Arrasateko mirakuiluak, inarrosaldi handia ezagutu du azken urtean. Rene HARLUXET Mithindarra eta Ximun LACROIX Behauztarra, biak Mondragon taldeko kooperatiba bateko patzuerrak dira. Bi belaunaldi diferentekoak izanki, beren esperientziaren berri emanen daukute, bai eta nola ikusten duten gaurko egoera.
Otsailaren 27a : Zergatik ez ? formakuntza tailerra. Kataluniatik jina zauku Tallers per la llengua (TELP) formakuntza moldea. Gure hizkuntzarekin dugun harremana doloretsua, konplexez betea eta itoa izaitetik, hortaz gogoeta egitea eta jarrera baikorrak sustatzea du helburu. Topagunea, euskara elkarteen federakuntzak, proposatzen duen formakuntza laburra da hau. Helburua da bakotxari bi gogoeta eginaraztea bere hizkuntz portaerari buruz, noiz ari den euskaraz, noiz ez, noiz artzen ahalko zen eta ez den artzen halere.
Haatik ikastaldi hunek helburu biziki pratikoa du : nola egin daiteke egoera desberdinetan euskaraz hitza hartzeko, errexkiago eta naturalki. Hamabi laguneko multxoekin antolatzen da eta bi oren pasa irauten du. ZABALIK elkartearen xedea da sentsibilisaziorako lehen urrats gisa gaualdi honetarik abiatzea, ondotik formakuntza sail oso bat idekitzeko gai beraren haritik. Ez duda, haatik eman zure izena urtarrilaren 29ko email bidez ([email protected]) edo deituz : 07.88.18.88.96 zenbakira. Ikastaldi bat edo gehiago antolatuak izaiten ahalko dira ikusiz jende kopurua.