Asko ari da hitz egiten asteleheneko gertaeretaz. Bilbok inoiz jasan duen eraso larriena izan dela. Biolentziarekin ez dela ezer lortzen. Eskaparate batzuen apurketa ez dela konparagarria milioika heriotzekin. Ertzantzak indarkeria gehiegi erabili zuela. Ertzantzak askatasun osoa eman ziela kaputxadunei nahi zutena egiteko. Bilbo sute batetik libratu zuela ertzantzak…
Biolentziaren erabilera zilegiaz eta ez zilegiaz ere hitz egiten da. Eraso neoliberalak eragindako sarraskiaren aurrean normala dela jendeak bortxara jotzea. 100.000 euroko kalteak eragin direla. Txikizioak lanpostuak sortuko dituela. Alderdien kondenak. Besteek ez dutela kondenatu. Guggenheimen zeudenei bost axola zaiela kalean gertatzen dena. Istiluez baizik ez dela hitz egiten medioetan.
Izan dira ere galdetu dutenak kaputxadunek egindako balentriak zer lortu duen. Medioetan egun bateko loria, bi teleberrietako ospea. Troika pozik heldu zela Bilbora, eta pozik egin zuela ospa, erreforma gehiago exijituz, sakrifizio gehiago eskatuz. Troikak nahi duena egiten duela, ahal duelako. Boterea duelako. Eta hala da. Baina berdina galdetu zitekeen ere, manifestazioa, bakean, amaieraraino iritsi izan balitz. Ezer lortuko al litzateke?
Galdera hori oso erabilia da mobilizazioetan parte hartu nahi ez dutenen artean. Grebarekin zer lortzen da? Geldituko ote dugu erreforma? Manifestazioarekin zer lortzen da? Lortuko al dugu troikaren asmoak gelditzea? Eta hemen sartzen gara mobilizazioetara deitzen dutenen helburuetan.
Zer lortu nahi zuten kaputxadunek? Ez dakit. Ezin jakin, beraz, nahi zuten helburua lortu duten. Nik behintzat greben eta mobilizazioen balioa neurtzeko badut modu bat. Blog honetan aipatu dut noizbait, greben kontrako mantrei nolabait erantzuteko. Nire ustez, mobilizazio batek bete du helburua, baldin eta bertan parte hartu dutenak indartuta ateratzen badira bertatik.
Gizarte eraldaketa ez da egun batetik bestera etorriko. Prozesu luze bat izango da, zaila, gatazkatsua, baina aurrera egingo badu indarrak metatzen joan beharko dugu. Jendea behar da, jendea kalean, jende asko eta asko kalean.
Ez dago dudarik sistemak biolentziarekin erantzungo duela bere interesak arriskuan ikusten dituen momentuan. Askotan egin du.
Prozesu luze hori ibili nahi dugunak ez gara hegemonikoak. Korrontearen kontra goaz, eta hori oso nekagarria da, boterea duenak medio asko baititu gure ahalegin alimalekoak isilarazteko. Nekeza da eta esfortzu handia eskatzen du.
Horregatik, niretzako, mobilizazio arrakastatsu bat da, kontzientziaziorako eta kaleko pedagogia egiteko balio izateaz gain, bertan parte hartu dugunak pilak kargatzeko balio izan duena. Bertatik indarrez, gogoz, aurrera egiteko grinaz ateratzen bagara, “Jo, zer jendetza! Zein ederki! Hurrengoan gehiago!” esanez, gauzak taxuz egindako sentsazioaz etxeratzen garenean esaten dut nik arrakastatsua izan dela mobilizazio bat. Niretzat hori da helburua, indarrak metatzen joatea, geroz eta jende gehiago biltzen joatea, kaleak kolapsatu arte.
Asteleheneko manifestaziotik, egon zen jendetza egonda ere, burumakur, etsita, ezinak jota atera nintzen, eta nire inguruko asko ere bai. Bistan denez, niretzat ez zen mobilizazio arrakastatsua izan.
Orain biolentziaren erabileraren zilegitasunaz hitz egiten jarraituko dugu, defentsiban. Boteredunak eroso. Kaputxadunek beren helburuak bete zituzten? Ez dakit. Guk, behintzat, ez.