Bere bizitzan naigabe ainitz jasanik, azkenik bere alaba galdurik, joan zauku Manuel Lasarte bertsulari handia. Ofizioz arotza zen. Bizitzako urterik gehienak Orion iragan ditu.
17 urtetarako plazetan bertsuka abiaturik, 42 urtez jarraian ibili da, hortik bizipidearen parte bat ateraz.
Lasarteren bertsu jarri andana bat K7 delakoetan argitaratu zituen Elkar dizketxeak. Omenaldi zonbait antolatuak izan zaizkio, aipagarriena 1975ko Martxoan bere sort-herrian. Egun hartan altxatu zuten orroitharria beti xutik dago Nafarroako Leitzan.
60 urtetarik goiti bakanxago plazaratu zen.
Ni ere doi bat kurutzatu izan naiz Manuelekin. Oraino pertsuka hasi gabea nintzalarik, Baigorriko laborari xahar batzu entzunak nituen Lasarte-z mintzo. Igandetan Loiolako Irratitik hedatzen ziren bertsu saioak entzuten baitzituzten. Leitza-ko “Franki” baserritik atera Manuel Lasarte-ren bertsuak ulergarri eta haren ahoskera gozoa gustagarri zitzaizkien.
Xalbador zenaren ehorzketan ikusi nuen lehen aldikotz. Entzun orduko gustaturik, “gordean neuzkanak” izeneko haren liburua erosi eta aldi pare batez irakurtu ere bai.
Maizenik Nafarroan eta Gipuzkoan kantatzen zuen bainan Iparraldera ere deitua izaiten zen noizetik noizera; hala nola 1960ko hamarkadan Eihalarreko kermezakari, eta Mixel Itzainak antolatu bertsu saioetara.
Denak xoraturik egoiten ginen neurtitz aberatsekin pertsua osatzeko nolako errextasuna zuen. Neurrietan ez zen behaztopatzen eta bertsu lerroak elgarri ongi josten bazakien.
Euskara garbian pentsatzen zuen, eskola zaharreko bertsulari guzien antzera. Ateraldi finak zituen plaza gizon serios eta maitagarria agertu da beti.
Uztapide, Zepai eta Basarrirekin aprendizgoak eginik, Mattin eta Xalbadorrekin ere ibili zen. Bertzeak bertze, Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Agirre, eta Mitxelena, Etxeberria, Xanpun zituen bere adintsuko beste bertsulariak. Belaunaldi gazteagoekin ere ukan ditu abesteko parada asko.
Idazle ona
Oharturik gauzarik xehenak zoin xinpleki eta polliki kondatzen zituen, Antonio Zavala Auspoa argitaletxeko zuzendariak azkarki sustatu zuen hitz laxoan ere idaztera, eta harek dizkio liburuak argitaratu. A.Zavalak bultzaturik urte ainitzez artikuluak idatzi zituen “Diario Vasco”n. Egunkari hartan, euskarazko artikulu bakarrak Lasarterenak izaiten omen ziren.
“Lazkao Txiki gogoan” eta “Uztapide go-goan”, eta geroxago “beranduko lanak” beste hiru liburu idatzi zituen. Beraz, Lasarteren obra eskuragarri gelditzen da. Hots, desagertzen ari diren bizimoldeen lekuko paregabea!
Norat goatzin jakiteko on baitugu nundik heldu giren jakitea, milesker Manuel utzi diguzun lan oparoarentzat! Zure Familiak eta oroz gainetik zure seme bakar bertsulari Eusebiok jakin bezate heien doluminean parte hartzen dugula!
Jean-Louis Laka