Igandeko hauteskundeetan bildu belarondoko garratzaren ondotik, ezkerreko hautesle asko beldurtzen bezala, Hollandek Valls deitu du gobernu berria osatzeko. Jakes Bortayrouk orroitarazten dizkigu Valls-ek egin balentriak barne ministro karguan. Azpimarratzen du ere zergatik baikor izan gaitezkeen hauteskundeen emaitzak ikusita.
Aburu hau idazterakoan atera da berria: Hollendek Valls izendatu du lehen ministro karguan. Horrela erantzun nahi izan dio herri hauteskundeetan alderdi sozialistak jasan duen porrot historikoari. Haatik definitu duen bide orrian aldaketa nabarmenik ez da ageri. Bere ildo sozial-liberalean segitzen du.
“Erantzukizun itunari” kapelutik atera duen “elkartasun ituna” gehitu dio eta bere gobernuko koalizioa salbatzeko asmoz, trantsizioa energetikoari erreferentzia egin dio. Beste zerbait espero zitekeen ? Hollande eta buruzagi sozialista gehienen partetik segur aski ezetz.
2012ko maiatzetik hona, promesak eta hauteskunde kanpainako diskurtsoak goiko apaletan altxaturik, urratsez urrats demostratu dute zein klase interes babesten zituzten, zein garapen eredu hobesten zuten, zein puntutaraino irentsi et asumitua zuten ideologia ekonomiko liberalaren errezeta nagusiak, egoera okertu baizik ez badute egiten ere.
Sakelan gelditzen zitzaion azken karta atera du frantses presidenteak, hots sundaketetan fama handiena duen ministroa. Etorkinentzako bozka eskubidearen promesa pikutara igorri duena, nortasun kontroletako baieztagiriarena bezala. Rom-en kanporaketak defenditu dituena edota 35 orduko legea deuseztatu nahi duena. Valls Manuel, Euskal Herriarentzat Frantziako aurpegi itsusiena: errepresioa jarraitu eta Auroren estradizioa gauzatu duena, bake bidean PP-ren blokea sustengatzen duena, Lurralde Kolektibitatea mespretxu osoz ukatzen duena. Sarkozyren profila duen pertsonaia ezagutuz, hitz eta esku gogorrak aurreikus daitezke, ordenaren goraipatzea, espantukeria batzuk bai eta polemika frango ere. Bere karrera politikoan etapa berri hau lagungarria izanen ote zaion ezin erran. Sozialisten hondamendia saihestuko ote duenez, zalantza frango aldiz.
Euskal Herrian azti handia izan gabe ere, paria daiteke ez direla garai hoberenak hurbiltzen. Abertzale eta sozialisten arteko harremanak ez ditu errextuko, herri hauteskunde hauetan han hemenka lotu diren aliantzak kulunkaraziz.
Hautesle kopuruaz gain, balio handiko esperientziak
biltzeko aukera ere izan dira hauteskundeak:
prestaketa lan sakon eta emankorra,
ehundaka jenderen aktibazioa
eta herri politikagintzan inplikazioa.
Abertzale ezkertiarren gorakada
Panorama horrek halere ez digu gordetu behar hauteskunde horiek ekarri duten uzta. Prentsak jadanik luze zabal azpimarratu du abertzale ezkertiarren gorakada, hautetsi eta auzapez andana bat emaiten duena. Bainan hautesle kopuruaz gain, balio handiko esperientziak biltzeko aukera ere izan dira : prestaketa lan sakon eta emankorra, ehundaka jenderen aktibazioa eta herri politikagintzan inplikazioa, tokiz toki beste sektoreekin lan egiteko parada, erronka politikoei buruzko gogoeta aberatsak eta horiei erantzuteko heldutasun politiko ariketak, aliantza esanguratsuak, jendarteari nahiz beste indar politikoei mezu zorrotzak.
Nahiz eta erabakiak tokiko taldeen esku egon, nahiz eta talde horiek abertzale mugida baino zabalago izan, oro har koherentziarekin jokatu dute abertzale ezkertiarrek bultzatu ekipa horiek. Bil Gaiten dinamika abiatu zelarik holako kapital politikoa biltzea espero zen. Gaur, espanturik gabe parioa kausitu dugula erran daiteke. Gaur EH Bai baztertu ezinezko eragile politikoa da, gero eta pisu politiko gehiago duen indarra. Garai berri bat irekitzen zaigu, aukera bezainbat erantzukizunez betea. Eta lehen lehenik, hautetsien antolatu eta elkar laguntzea, herri mailako politikagintzan emankor eta sinesgarri izan gaitezen. Udalbiltza bezalako proiektu estrategikoa indartzea ere aipa daiteke eta dudarik gabe abertzaleen emaitza hauek borroka ildoak lagunduko dituzte: Iparraldeko ezagupen eta egituratze instituzionala, euskararen aldekoa, AHT-ren kontrakoa, etxebizitza, trantsizioa ekologikoa eta beste hainbat. Ondoko hitzorduak prestatu beharko dira, 2015eko lurralde hauteskundeak (erregiokoak eta departamentalak), maiatzeko europarrak ahantzi gabe. Heldu diren hilabeteetan hauteskundeen dinamika baliatuz, beste erronka nagusietako bat dugu EH Bai ahal bezainbat militanteekin herriz herri antolatzea, funtzionamendu demokratiko bat xutik ezarriz.
Valls badator? Bai, bainan Euskal Herrian errezibitzeko prestatuak gara!