Aurtengo Nafarroaren eguna, lehen aldikotz 35 urtez, Baigorriko auzapezaren ongi etorri beroa lagun iragan da. Apirilean zehar usaian bezala Kulturaldiaren karietarat antolatutako kontzertu, elkartasun eta eztabaida gaualdiek Nafarroaren Egunean oihartzun gehiago hartu dute, Baigorriko Herriko Etxeak Nafartar eta Baxenafartar hainbat hautetsirekin antolatutako ezohizko topaketa lagun.
Joan den martxoko hauteskundeetarik landa Baigorriko auzapez bilakatu den Jean-Michel Coscarat-ek Nafarroaren Eguna hastapenean, nafartar eta euskaldun guzier luzatu die ongi etorria. Nafarroa eta euskara goraipatuz parte hartzaile guzier egun haundi horren goxatzera gomendatu die.
Basaizeako antolatzaileek, Kulturaldia bururatzen duen Nafarroaren Egunaren bezperan Mikel Laboari eskainitako gaualdi xoragarria eta arrakastatsua azpimarratu dute, oro har ekitaldi gero eta arrakastatsuagoak ezagutu dituelarik Nafarroaren Eguneko aintzineko hilabeteak.
Aurtengo berritasuna izan da, auzapezaren ongi etorriaz gain, Herriko Etxeak antolatu duen elgarretaratzea Nafartar hautetsien artean, Nafarroaren Egunaren karietarat. 1979ko lehen ediziotik geroz azpimarratzekoa da lehen aldikotz maila hortako ezagupena lortu duela Basaizearen lanak… Nafarroaren Egunaren xedeak jendartean gero eta gehiago errotzen ari direla marka.
Edizio sustagarri honen ondotik, Basaizeako antolatzaileek berriz ere azpimarratu dute beren lanaren aintzinerat eramaiteko xedea, eragile guziekin, Baigorriko Herriko Etxearekin eta inguruetan nahi duten hautetsi guziekin. Geroan ere, euskarazko edo euskal kulturarekin zerikusia duten ekimenek Basaizearen hauspo lan pare gabearen gainean kondatzen ahalko dutela ez da dudarik.