Europako hauteskundeen emaitzak interpretatzea ariketa aski delikatua da, izan den abstentzio handia kontuan hartuta. Hala ere zenbait tendentzia interesgarri ageri dira. Ondorio azpimarragarriena da alderdi espainolisten gainbehera ikusgarria. PP eta PSOE alderdiek ez dute egin %15-16tik gorako emaitzarik (salbuespena PPk, Nafarroan, %25ekin). Hego Euskal Herrian, PPk eta PSOEk, bataz beste, %26,86ko emaitza baizik ez dute lortu (bakoitzak boz kopuru bertsua lorturik). EAJk eta EH Bildu-k, ordea, %43,68ko emaitza lortu dute.
Datu horiek onak dira Espainiari loturik segitzea aldarrikatzen duten alderdiak anitz ahuldu direlako eta abertzaleak indartzen ari direlako; ez dira hain onak, erakusten dutelako
abertzaleen alde bozkatzen dutenak erdia baino gutxiago direla, nahiz eta erdi horretara hurbildu.
Kontuan hartzeko ahulezia da, independentzia eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen diren unean. Abertzaleek gehiengo osoa dute, aldiz, Bizkaian (%51,59) eta Gipuzkoan (%57,80). Bi herrialde horietan, PSOEk %13,5eko emaitza baizik ez du lortu. PPrenak are txarragoak dira, %10era mugatu baita Bizkaian, eta %7,91ra baizik ez baita heldu Gipuzkoan.
EAJ hegemonia politikoa galtzen ari
dela eta gal lezakeela erakutsi dute
hauteskunde horiek. Hego Euskal
Herrian 6.000 boz gehiago lortu ditu EH
Bildu-k, baina berdinketa teknikoaren
heinean daude bi alderdiak.
Baina joera interesgarriak, biziki interesgarriak, datoz Arabatik eta Nafarroatik. Nafarroan, EH Bildu da bigarren indarra, bozen %20rekin. PSOEk sekulako zigorra ukan du hautesleen aldetik, %14,5ean gelditu baita. Hain segur, UPNren gobernuaren kontrako zentsura moziorik ez aurkeztea eta gobernu horri zilegitasuna ematea ez diote barkatu.
Etorkizunera begira, PSN gero eta ahulago eta isolatuago izan daitekeela pentsa daiteke. Abertzaleak gero eta indartsuago dira Nafarroan, eta heldu den urteko hauteskundeetan edo ondoko batean lor lezakete gehiengoa, ezkerreko koalizioekin elkartuz.
Araban, PPk gobernatzen duen herrialdean, EH Bilduk ustekabea eman du: lehen indarra izan baita, bozen %19,49rekin. Eta PP ez da bigarren indarra izan ere, EAJk lortu baitu postu hori, bozen %17,10ekin. PPk %16ko emaitzarekin konformatu behar izan du. Abertzaleek bozen %36,59 lortu dute Araban; espainolistek bozen %31,18. Zerbait aldatzen ari da Araban, eta ez da puntuala, aitzineko hauteskundeetako joera berretsi baizik ez baitu egin horrek. Herrialdea abertzaletzen ari da, eta ezker abertzalea da horren fruituak biltzen dituena.
Gipuzkoan ere indartsu dago EH Bildu, bozen %31,24rekin lehen indarra baita; eta EAJk 5 puntu gutxiago lortu baititu. Ukaldi aski gogorra da jeltzaleentzat, herriko bozetarako urte bat baizik falta ez denean. Duela hiru urte ezker abertzaleak Gipuzkoako ia herri guztietan eta Gipuzkoako Foru Aldundian irabazi ondoan, EAJk oposizio gogorra egin du Bilduren kontra, eta zikinen sailkapenaren inguruko polemikak ezker abertzaleari kalte eginen ziola espero zuen. Europakoak ez dira herriko bozak, baina gipuzkoarrek konfiantza berretsi diote ezker abertzaleko koalizioari, eta hori ez da seinale ona EAJrentzat.
EAJ hegemonia politikoa galtzen ari dela eta gal lezakeela erakutsi dute hauteskunde horiek. Hego Euskal Herrian 6.000 boz gehiago lortu ditu EH Bildu-k, baina berdinketa teknikoaren heinean daude bi alderdiak.
EAJk Bizkaian dauka indar handia. Baina ondoko urteetan lehia bizia izanen da bi familia politiko nagusi horien artean. Neurtu beharko dute ea herri honi komeni zaion bi indar horiek hegemonia lortzeko borrokan aritzea bata bestearen kontra, ala hobe duten adostasunetara heltzea.