Lurralde erreformaren atea oraino zabalik dago. Pentsatzen zen 2014ko aldaketak zirela aukera ezin huts egina, Ipar Euskal Herrian zerbait aldatzeko. Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenari atea hetsi zion, gogorki, Manuel Valls-ek, Frantziako Barne Ministro zen denboran. Orain, Lehen Ministro kargura igan denean, lurralde erreformaren bertze ate bat zabaldu du, eta berriz ere aukera bat Ipar Euskal Herrian aldaketa bat gertatzeko.
Ondoko aste eta hilabeteetan ere gai hori mahai gainean izanen dute Frantziako Gobernukoak eta Ipar Euskal Herriko hautetsi eta eragileek.
Baina zerbait aldatu da.
Bitartean André Durand Paueko prefeta etorri da bazterren nahastera. Orain berak ekarri ditu etxeko lanak, Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketarako bost proposamenekin. Hautetsiek gogoetatu beharko dute, eta
proposamen horietatik bat hautatu. Baina lan hori ez ote zuten egina? Zertan aritu dira, prefetaren ustez, azken urteetan?
Ba ote daki zenbat eztabaida, azterketa eta ikerketa egin den Lurralde kolektibitatearen proposamena mahai gainera ekarri aitzin? Proposamen horrek bazituen bermeak, juridikoki zentzuzkoa zen eta politikoki adostua.
Prefetak ba ote daki zenbat eztabaida,
azterketa eta ikerketa egin den Lurralde
kolektibitatearen proposamena mahai
gainera ekarri aitzin?
Orain, zergatik hartu du bertze proposamen batzuk lantzeko lana? Eta hautetsiek, Hautetsien kontseiluak eta Garapen kontseiluak zergatik hartu behar lukete, berriz ere, lan handi hori?
Prefetak garbi erakutsi du zenbateraino mespretxatzen dituen Ipar Euskal Herriko hautetsiak, eta bi egitura horiek.
90eko hamarkadan, Frantziako Gobernuak Garapen kontseilua eta Hautetsien Kontseilua bultzatu eta goraipatu zituen, eta aitzakia gisa erabiltzen zituen, Ipar Euskal Herriari ezagupen instituzional gehiago ez emateko.
Orain, bere sabeletik atera ziren bi egitura horien gogoeta eta iritzia ez kontuan hartuz, garbi uzten du egitura horien balio falta. Eta, aldi berean, ezin garbiago agertzen du sasi-erakunde berri bati ere zer balio emanen dion. Orain goraipatuko du, baina zinezko botere eta eskumenik ez badio ematen, zenbait urteren buruan berriz gutxietsiko du.
Prozedura aldetik, onartezina da prefetak egin duena. Eduki aldetik, ez dio erantzuten Ipar Euskal Herriko eskaerari.
Zorigaitzez, bazterrak nahasi ditu, bai. Zenbait hautetsi hasi dira erraten prefetaren proposamenak ez direla txarrak; aukera baliatu behar dela. Beste batzuek arrisku gisa ikusten dituzte epe luzera begira: beste zenbait hamarkadaz gibelatuko litzateke Ipar Euskal Herriarentzat erakunde autonomo bat sortzeko aukera. Ondorioa argia bezain dramatikoa da: Lurralde Kolektibitatearen aldeko batasuna zatitzeko arrisku bizia dago aste hauetan. Irailetik aitzina, erne jokatu behar izanen da, erantzun ahal bezain batua emateko prefetari, eta zinezko eskumenak eta boterea dituen erakunde baten alde segitzeko.
Gauzak gehiago konplikatzeko, prefetak aurreikusten duen herri elkargo handi bakarrak ere kezkak sortuko ditu. Herri elkargoetako hautetsiek nola hartuko dute? Nola kudeatuko litzateke horrelako egitura bat? Zein izanen dira ordezkariak? Nola hautatuko dira? Gerta liteke prefetaren aterabideak nahasmendu handiagoa eta arazo berriak sortzea. Beraz, Lurralde Kolektibitateari eman liezaioke berriz ere indarra?