Sivensen (Okzitania) gertatu den hilketak frantses Estatuko hiri eta herrialde asko inharrosi ditu joan den hilabete bukaeran, bereziki Naoned-en (Nantes) eta Tolosan.
Maiz bezala, erru gabe irten da Frantziako polizia, aldarrikatu zutelarik Fraisse ekologizale baketsu gaztea erahil zuen tresna “legearen arabera” erabilia izan dela. Cazenave barne ministroak zigor gehiago hartu beharko zituelakoan gaude militante edo pentsalari asko. Zoritxarrez, ez da lehengo aldiz militante ekologisten aurkako eraso hilkorrak egiten direla: Vital Michalon erahila zuen 1977-garren urtean Frantziako poliziak; Gladys del Estal Tuteran tirokatu zuen Guardia Zibilak 1979-garren urtean; gertaera larri bi horietan militante baketsua eta eskolatuak izan ziren biktimak; granada erasokor batek hil zuen Vital Melanchon, Fraisse gazteari gertatu zitzaion bezalaxe; halaere 1977 urtetik hona granada madarikatu hori erabiltzen darrai poliziak. Vital eta Gladysen kasuetan oso apalak izan ziren erahiltzaileeri emandako zigorrak: hiru eta hemezortzi hilabete bakarrik hurrenez-hurren.
1985-garren urtean, Zelanda Berria eta Frantziaren arteko liskar diplomatikoak eta Parisen kinka politiko bat ezarri zituen Green Peace Warrior arazoak, bainan beti bezala argazkilariaren heriotza eragin zuten bikote faltsua ongi atera zen nahas-mahas honetatik. Aipatutako gertaera horiek puntu amakomun bat zeukaten, nukleartegien eta bonba atomikoaren aurkako borrokak alegia.
Sivens-go kasuan, aldiz, aintzira artifizial baten eraikuntza dago hauzian. Ezin da ere Naonede-ko aireportu berriarekin konparatu, herri honetan aspalditik aireportu bat egonik, jende arruntak ulert baitezake beste baten erakitzea nahikeria politikoa edo handi mandien erokeria bat baino ez dela. Okzitaniako Cominge herrialdean dagoen Charlas herritxoan urtegi erraldoi bat eraki nahi zuten duela urte zonbait, bainan eraginkortasun edo faktibilitate mailan zeuden estudioak, Kaskoinako beste bi tokiekiko alderaketa bat egiten zutelarik. Aurkako jende asko ukan d(z)itu(en) proiektu horrek, bainan haren helbururen bat idorte garaietan Golfecheko (Kaskoina) nuklertegia hozteko ur erreserba bat egitea zelakoan.
Sivenseko urtegiak bertako nekazaritzarentat emaitza onak ukanen dituelakoan, bertako okzitaniazaleek (Partit de la Nacion Occitana – PNO) haren defentsa hartu dute. Horren adierazgarri irakurleak beren web sarean hilabete honetako azken “Lo lugarn” kazeta elektronikoa topatzen ahal du. Alderdi horren kideen aburuz, hain zuzen ere, kanpotik heldu puskatzaile eta sasi ekologista batzuek zalaparta eta liskarrak ezarri dituzte.
Egia da hainbeste ekintza bortitzek ez dituztela gauzak konpontzen, baita ez dutela ere gazte bakezale baten heriotzak eta poliziaren sasi errugabetasunak egoera hoberatzen. Bainan kasu, puskatzaile porrokatu hauen artean polizi infiltratuak omen daude.
1972- garren urtean Larzac-en gertatu ez zen bezala, ezin dezakegu ukatu Sivens-go urtegiak ondorio onak ukanen dituenik, bertako nekazari batzuek onharten dutelako. Bainan zer nekazaritza mota zerbituko duen jakin beharko genuke, eta bereziki bertako nekazarien borondatetik joan beharko du ebazpen horrek. Zer da egiazki proiektu horren helburua? Probetxuzko nekazari baten garapena ala laborantza iraunkor baten babestea? Nire ustez bigarren hautakizunari eman behar zaio lehentasuna. Hau da ikerketa lanek zukeeten hutsunea.
Nire ofizioaren esperientzak erakutsi dit ingurumen ikerketarik gabe edozein proiekturi (izan dadin aireportu, bide, urtegi) ezin zaiola baimena eman, areago ingurumena babesteko legeak agertu diren 1983-garrenetik hona. Hortaz, ez da batere normala Sivens-go lanak hasi izana Ingurumen Ministerioak bere baimen osoa emateke. Mementukoz lanak hortan geldi daitezela, ingurumen azterketak berregin ete errebisa ditzatela.
Gogoratzen naizenez, duela berrogoi urte Gipuzkoako Ormaiztegi-ko bailaran urtegi handi bat egin nahi zuen Madrileko Gobernuak; bertako biztanleak naski kontra jarri ziren; orduan ERAIKI Donostiko bulego batek frogatu zuen leku berean hobe zegoela urtegi txiki batzuk egitea, eraldoi bat baino. Sivensgo aferan hildo honetatik ibiltzea gauza baikorra litzatekeelakoan nago.