Belfasteko egonaldiak, bertako egoera zabalki ikusterat nakar. Iparraldeko probintzia hau Erresuma Batuen menpe dago, bainan, ez osoki, probintziako bederatzi county-etatik hiru Irlandako Errepublikan daudelako. Zatiketa Ipar Euskal Herrian baino argiagoa zela uste bazinuten, usteak erdi Ulster! Egoera hainbat gatazken sortzaile (edo hiltzaile) izan da 1969tik, hogoita hamar urtez segidan.
Irlanda, elikagaien eta produktu industrialen bidez hazi da, garagarno onena eGuinness. Orokorki, eta Belfasten bereziki, metal eta itsasuntzi ekoizpena da zutabe ekonomikoaren altza(d)irua! Sektore hau ez zen eraiki zuten Titanic-arekin batera urazpiratu, nahiz eta urrezko uste zuten garaia erruzkoa izan zen! Ezta Jainkoak ere ezin zuen urazpiratu! Protestanteen ala Katolikoen jainkoak?
Hemen, markaturik utziko nauten ezaugarriak bi dira: eskuzabaltasuna eta ironia.
Ingles klaseak urririk dira, eta han berian emaiten duten jatekoa ere. Punduak irabazten dituzte 0 pound-en truke. Ze klasea! Astean behin, zinema debalde da inglesa ikasi nahi duenarentzat. Gauen, besta batetik sartzen baldin bazirezte, ez duzue Euskal Herrian ohi dugun arroltze moleta janen. Aldiz, bixkotxak, ogia, kafea eta dutea eskainiko dauzkiziete, beti dohainik. Alkoholan itorik, kafea kitorik!
Bestalde kristoren ironia dute: Irish aritzeko ohitura! Ez da harritzekoa beraien Historia leiendaz josia dela. Huna baño. Inglaterrako bi anaik parioa egin zuten, Irlanda izango zen isla hunkiko zuen lehena, bertako lurretaz jabetuko zela. Kurtsa denboran, kostarat heltzear zirelarik, gibeleko anaiak, desesperaturik, bere eskua moztu zuen eta isla gainerat bota. Honela, lurra hunkitzeko lehena izan zen eta orain, bere eskua irudikatua da Ulster-eko banderan. Hori al da irlandesek ondorengotzan jaso duten esku-zabaltasuna?
Iron-ia, baita burdinezko eskuzabaltasun hunekin e(i)re (azken hunentzat, aipatutako ekonomia eta ohiturer begira egoiten bagira), erran daiteke me(n)talitate ederra dutela!