Arño Heguiaphal Sohüta / Sorhoeta Üharteko jabea, laboraria zen, aita familiakoa, herritarra, abertzalea, intelektüala, kiristia ere bai, eta ez züan gordatzen. Ez niz oritzen xüxen algarren ezagützak noiz, non eta nola egin günütüan, bena goizik algarrekin agitü ginen Enbata mubimentüan.
Biek beste zonbaitekin talde iraünkor bat bildü günüan Xiberoan. Artetarik jüntatzen ginen berrikatzeko eta ikusteko zer egiten ahal günüan. Arño Enbatari fidel egon da bürüalano, hots Frantziako gobernüak mubimentü hori debeta lezan arte, 1974ko urtarilaren 30ean.
Arñok militante lan güzietan parte hartü züan : afixa, trak eta kaseta hedatze, bide tintatze, izkiribü, ele, mintzaldi, bilküra, bozka…
Egintzarik aipagarriena zait 1967a depütatüen berritzeko bozketan Enbataren izenean haütagei agertzea honartü züala, Kristiana Etxalüzen lagün. Kanpaina ederra egin günüan, herriz herri bilküretan arrakasta franko üken. Eüskal Herri barnean orokorki, botzen ehüneko bosta bildü züen biek algarrekin, Xiberoan haatik ehüneko hamarra : zonbaki ederra mubimentü abertzale gazte batentako, kontrekoek egiten zeiküen fama gaiztoaren despit. Orit niz bereziki Hazparnen egin günüan bilküra püblikoaz. Herriko zinema jentez mükürrü zen eta giroa zinez bero, kontrekoak indarrean jinik beitziren bazter nahastera. Izigarri gogor eta gaitz izan zen : Kristiana ez züen mintzatzera ützi nahi ; oihüen artean, ahal bezala heltü zen, sonoa gorenean ezartez eta berak botza ahal bezainbeste altxatzez. Aldiz Arño errespetürekin entzünik izan zen, baxenabartarrez mintzo, kasik Hazparneko eüskaran, baxenabartar mota bat delarik horko mintzajea, nahiz Lapurdin dagoen, lapurtera itsas aldealat hersatürik beitago aspaldian.
Arño Arrasate / Mondragoneko kooperatiba famatüen ikusten izan berri zen Iparraldeko abertzale saldo batekin, eta haiez mintzatü zen hanitx ontsa, batere paperik gabe. Hazparneko oskigintza nekezietan sartzen hasirik beitzen, jentea Arñoren mintzaldiari zinez interesatü zen, indüstriako bide berrien bila.
Beste oritzapen handi bat : 1971an, herrietako bozken ondotik, hebenko Enbatatiar taldekoek Xiberoko Sindikatean sindik gei bezala presentatzera bulkatü günüan. Honartü züan, eta hanko jüntan 10 boz bildü zütüan, Duboscq jaunak haatik 30, eta beste hiru agertü ziren Enbata izkiribüarekin: hurak ere Arñoren aldekoak, bena emaileek berek dakien ñabardura (nuance) bat agertü nahi üken züen. Botzen kasik herena laborari ttipi eta hein bat gazte batentzat fama handiko jaun bati bürüz, ez zen batere gaizki, eta lehenik eder zen agertzeko ausartzia hori bera.
Enbataren ondotik sortü zen EHAS, Euskal Herriko Alderdi Sozialista. Zazpi urtez iraün züan, 1974ko bedatsetik 1981ekoala. Hor ere Xiberoko talde bat antolatü günüan Enbatako kide ohi elibatek, abertzale gazteagoekin. Hilabete oroz biltzen ginen heben berrikatzeko eta egiten ahal güntüan ürratsen prestazeko. Arño hortan ere beti bardin arrahein.
Arño Heguiaphal laboraria, intelektüal bat zen ber denboran : hanitx irakurtzen züan, bereziki Eüskal Herriko historiaz, kültüraz, politikaz, soziologiaz… eta bürüalano ildo hortan aitzina erauntsi dü.
Laborari hau, intelektüala zen ber denboran: hanitx irakurtzen züan…lüma trebea züan eüskaraz eta frantsesez…
Lüma trebea züan eüskaraz eta frantsesez. Hein bat üsü mubimentüko bülegoari gütün lüzeak igorten zeitzon, Xiberoko egoeraz eta bere gogoetez berriak emaitez.
Düala urte zonbait Eusko Alkartasuna alderdian sartü zen, bere zentzü honezko bideari fidel egonez, beti anpleki bezain fermüki eta süharki.
Agur fidel bat arren hiri, Arño Heguiaphal Ühart, aspaldiko adiskide, bide lagünari. Ez haigü ahazten.Berriz arte, betiereko Gaztelarian, bai eta bortü goran. Dolüminik barnoienak dolütan den familia penatüari.