Eskuz esku ibili da Korrikako lekukoa, hain ederki, hain adiskideki, hain baikorki… Urepeletik Bilbora, herriz herri, Euskal Herri osoko euskaldunek bat egin dugu, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko.
Baina euskara ez da aldarrikapen kontu bat bakarrik. Euskararen ofizialtasuna eskatzen da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako gune batean.
Euskal Herria Bai-ek bere hauteskunde kanpainan ere eskatu ditu euskararen aldeko neurriak, euskaraz bizi nahi dutenek horretarako trabarik izan ez dezaten, euskaraz bizitzeko aukera osoa ukan dezaten.
Hori zioen hautagai batek, bideo batean… frantsesez.
Har dezagun minutu pare bat “euskaraz bizi nahi dutenei” buruzko solas horretaz.
Ulertzen da herri honetan batzuek euskaraz bizi nahi dutela, eta ez dutela horretarako eskubiderik. Baina arazoa ez da badela herritarren gutxiengo – handi edo ttipi – bat euskaraz bizi nahi duena, eta gutxiengo horren borondatea errespetatu behar dela. Afera da herri hau, berez, Euskal Herria izanik, herri euskalduna dela, frantsesek iparretik eta espainolek hegotik erdaldundu dutena, politika ezinago makur eta gaiztoen bidez.
Euskaraz bizi nahi duten horien eskubideei begira ari bagara euskararen ofizialtasuna eskatzen, ez gara erraten ari herri gisa menperatuak garela: menperatuak garela onartzen ari gara, eta menperatzaileek pixka bat errespeta gaitzaten eskatzen ari gara. Euskaraz bizitzea ez da herritar batzuen eskubidea; ez da herritarrei dagokiona, baizik eta herriari dagokiona.
Eskatu, beti eska dezakegu, baina Frantziaren geneetan dago estatu uniformea bermatzea; euskarari eta Ipar Euskal Herriari ezagupen bereziak onartuz, bere uniformitate hori ukatuko luke. Ez du eginen. Eskatzen ibiltzeko ordez, gure esku dauden hainbat neurri har dezakegu, eta ez ditugu beti egiten.
Adibide konkretu bat, zinez adierazgarria: euskal laborarien hainbat produkturen – besteak beste Idoki izendapena dutenak – etiketei hurbiletik so eginez, ez gara guti harrituko ikustean produktuaren izenaz aparte, ez dagoela hitzik euskaraz. Euskarak frantsesaren pare izan behar luke, gutien-gutienez, gainetik ez bada. Alta, gure eskuetan da sortzen ditugun produktuetan euskara normaltasunez erabiltzea: ez badugu hori egiten, nola errespetatuko gaitu Frantziak? Idoki markak eta gainerako euskal izendapen orok bete behar luke baldintza bat gehiago: euskaraz etiketatzea. Ekoizpenaren prozesuaren bermeak eskatzen diren bezala, hizkuntza irizpideak ere errespetatu behar lirateke izendapen horiek lortzeko.
Euskararen aldeko aldarrikapenei seriotasuna kentzeaz aparte, produktu horietan euskara ez erabiltzeak beste zerbait ere erakusten du: uste dugula Ipar Euskal Herriko merkatua frantsestua dela osoki, eta gainerako merkatu eremua Frantzian dagoela bakarrik. Euskal Herri gisa pentsatuko bagenu, berehala ikusiko genuke Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean ere badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heldu nahi badugu, ez gaitezkeela frantsesez aritu.
Ororen buru, euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa. Eta horrek are menpekoago egiten gaitu. Guk egiten dugu gure burua Frantziaren menpeko.
Euskal Herriari begira arituko bagina gehiago, euskara anitzez gehiago erabiliko genuke. Biak guztiz lotuak dira, herria eta hizkuntza. Nolako hizkuntza erabilera, halako herri ikuspegia.
Korrikak erakusten du euskarak lotzen duela Euskal Herri osoa. Korrikak erakusten duenaren arabera joka dezagun gizarteko eta ekonomiako arlo guztietan. Hori gure esku dago, eta Frantziaren beha egon gabe emanen genioke hatsa euskarari eta gorputza herriari.