Alde batetik Basabürüko Barkoxo, bertzetik Pettareko Sohüta/Sorhoeta, bien artean Arrokiaga herri txikia (ahozkeraz Arrokiga), Arbaila eskualdeko azkena, bospasei ehun metroko mendi biribilen aska hertsian kokatua. Horrat mundu bat bildu gareigande arratsaldean, “Jose Mendiague” pastoralaren gozatzeko. Aroa hauta: estalia, ateria, eztia. Antzokia: herrira gabe, bide bazterretik, belardi, soro, pentze zola batean eraikia; jargiak azken malda zutean herritarrek taula luzez plantatuak 3.500 bat jenderentzat, eta inguruan belarra libre, Alozen (2009) eta Barkoxen (2010) egin zuten bezala. Entzun eta ikusteko zinez leku egokia.
Arrokiaga herriak “Agirre presidenta” pastorala ederki agertü zaikun 1995. Urtean. Aurten “Jose Mendiague” trajeria emaiten daiku. Idazlea Jean Bordachar/Johañe Bordaxar kantari ezaguna, herriko semea, orain Maule Lextarren bizi dena. Iragan urtean Larrainen, arrakasta ukan zuen “Monzon” piezarekin. Bigarren hau are hobeki joan zaio. Pastoral errejenta Jean-Fabien Lechardoy barkoxtar bipil eta fina: bere trebezia jadanik frogatua zaikun antzerki andana batean, eta oraikoan ozka bat gorago ikusi dut. Bergauza diot kantariak maisuki gidatu dituen beste barkoxtarraz, Sophie Larrandaburu andereaz: profesional handi agertu zaiku sekula baino gehiago. Hirukote azkarra, zinez. Emaileez ere dudarik ez genuen, boz ederrik entzuten baita ibar xoko maitagarri horretan, aktore seriosik ber gisan ikusten, dantzari gazteak araberan, eta batasun ederra herrian. Bazuten zer kanta eta zer erakuts, koplari joria eta gizon prestua izan baitzen Jose Mendiague (1845-1937).
Baxenabarreko Alduden sortua, Lapurdiko Hazparnen handitua, hegoaldeko Ameriketarat bizitzera joan zen gazterik, orduko euskaldun ainitz bezala. Han familiatu zen eta Uruguaiko Montevideon hil, Euskal Herria berriz ikusi gabe. Hango euskaldunez arta hartu zuen azkarki. Kantu hunkigarri asko asmatu zuen, eta haietarik andana bat gozatu dugu beraz Arrokiagan. Mendiaguen historia Rio de la Plata inguruan iragaiten da parte handiena: Argentinan eta Uruguain. Duela ehun bat urte oraino, baina XIX. mente erditsutik, euskaldunak burrustan joan ziren harat, bereziki Zuberoatik eta Baxenabarretik. Horien oroitzapena ederki ospatu da poetaren inguruan.
Arrokiagak eskaini daiku pastoral bat borobila, zinez aberatsa, arraultzea bezain betea, finki emana bi zentzuetara. Jalgialdien artean denbora galtzerik ez. Dena ongi lotua, bakunean, purruskeriarik gabe. Batasun eta diziplina handiak. Urdinak ere hainbat bizi ari eta ez mantso mantso, ezin mugituz, bertze zenbait pastoraletan bezala. Gorriak biziago, bistan da, baina sobera basatu gabe: haien erranak ongi aditzen genituen. Hiru oren eta erdiz iraun du, baina nehor ez bide da enoatu.
Idazleak ekei ona prestatu zuen: istorioa ongi josia, oinarrizko euskara sinplen azkar eta klarrean, hitz berriak batutik hartuz, basa lotasrik gabe. Zuzen eskolatuak eta gidatuak izanki gainera, herritarrek bihoztoiki jokatu dute. Hala gisan idatzia, ongi ahozkatua, bozgoragailu andan bikaina lagun, testua hitzez hitz ongi entzuten zen, euskaldun ertainak ez zuen libretari so egin beharrik.
Estadistikak maite dituztenentzat: 24 jaialdi, 12 kantu, satanen usaiakoaz gain lau dantza. Kantuetan sei Mendiaguerenak, lau Bordaxarrenak, bi Hego Ameriketakoak gazteleraz. Ohiz kanpoko dantzetan, bi Hego Ameriketakoak, hango euskaldunen fandango bat eta, bukatzeko, haurren dantza berri bat, arras polita, hunkigarria.
Froga berriz ikusi da: pastoral klasikoak, testu azkar bat oinarri, jendea biltzen du eta bozten. Beraz ez dut endelgatzen antzerti mota hori itzulipurdikatu nahiz dabiltzanen errabia santua. Guti dira naski, baina dudaren sartzeko aski. Hor inguruka dabila komedia musikal arin eta errexerat erortzeko deia. Mementoan ez gare horretara lerratu. Jo aintzina, trajeria/pastoralaren bidetik baztertu gabe! Maite ez duenak ez du baitezpada etortzerik: maite dugunak utz gaitzala bakean gozatzer, hala nola datorren igandean, berriz Arrokiagan.