Bi urtetarik antolatua den Confédération paysanne laborari sindikataren kongresua Izpuran iragan da apirilaren 22 eta 23-an. Hara ELBren parte hartzeari esker antolatua izan den lehen kongresu honi buruz zonbait berri.
Onartu behar dut dozierrak ezagutzen dituela Le Foll ministroak eta eztabaida frankoa izan duela gurekin, faltsukeriarik gabe
Confédération paysanneko kongresua bi urtetarik da. Aldi huntan, ELBk nahi ukan ditu Frantziar estadoko xoko guzietariko delegatueri ongi etorria egin gure lur huntan, Garazin. Lan haundia izan da bi egun horien antolatzea.Diru biltzetik hasita, lekuak bilatzen, eztabaida gunetarako, jateko, lo egiteko, etxalde bisita, bazkari eta afarien antolatzea… Hunarat etortzen ziren ehunka jendeen garraioaren antolatzea.
Azkenian jin dira egunak, jin dira Frantziar estadoko xoko guzietarik baita ere biziki urrunagoko ugarteetarik, gizon eta emazte laborariak, Conf-eko langileak, gazte eta zohituak…
Kongresua hasi aintzin ere, bezpera gauean 160 bat jende bazen jadanik Faustin Bentaberri gela ondoko soropiloan talo eta xingar jastatzen ari. Nik lehen aldia nuen holako laborarien elgarretaratze batean parte hartzen nuela eta lehen gau hartako haurridetasun sentimenduak markatu nau! Aspaldian elgar ikusi gabe ziren gizon eta emazteen irriek, besarkadek. Gero berant artio, multxoka, jendea eztabaidan, solasean ari izan zen.
Biharamun goizean ikusi izan dugu zoin aberatsa den sindikataren barne bizia, zonbat bilkura, zonbat dozier administrazionearekin, gure partaideekin, nazio artean ECVCrekin (Europako Via Campesina).
Eztabaida frankoa
Ostegun goiza ere memento azkarra izan da: alde batetik Conf-eko bozeramailea den Laurent Pinatel-en ezagutza egin baitugu ainitzek hemen Izpuran. Loire departamenduan behi esnedunak ditu Gaec-an arrebarekin. Harritu nau bere mintzaldiak! Edukian edo mamian erran beharrak, argiki erran dazko ministroari! Eta forman edo moldean ere harriturik utzi nau, zer ahala, zer gaitasuna erran dituenak pentsatzeko, lerrokatzeko, entzunarazteko ! Hemengo beste ainitz laborarieri ere entzun diet merezimenduak badituela putiko horrek!
Baginakien Le Foll etzela gure laguna. Parrekoeri, FNSEAri, guri baino ainitzez opari gehiago egiten baitie. Bainan aitortu edo onartu behar dut dozierrak ezagutzen dituela gure ministroak eta eztabaida frankoa izan duela gurekin, faltsukeriarik gabe. Ministroaren jitea antolatzeko bilkura bat izan zen ELB, administrazionea eta nik dakita zonbat polizia buruekin. Ezin sinetsia da protokoloaren izenean zer zinema antolatzen den! Frantziar errepublikak badu monarkiaren ondar ainitz oraino! Horiek hola ze bilduma egin orai? Esperientzia aberatsa
izan da enetako, ELBko laborariendako kongresu hortan parte hartzea. Nahi ditut eskertu hiru egunez lan egin duten laborari guziak. Esker mila ere gure langileeri, hilabete ainitzen lana baita ; ta zer pazientzia behar den gurekin ikusita. Milesker deneri!
Eta ez ahantz :
pour des fermes nombreuses dans des campagnes vivantes,
pour des paysans reconnus aux savoir faire valorisés,
pour une alimentation saine, savoureuse, accessible,
pour un environnement préservé,
Restons fermes!