2015eko urriaren 24an, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatak, bere Sindikatu batzordea bildu du Kanbon, Prefetak aurkeztu duen Herri arteko lankidetzarako departamendu eskemaren aztertzeko besteak beste. Prefetak Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatari galdegin dio bere iritzia eman dezan eskema horri buruz, hunkia den herri arteko sindikatu orori bezala.
Ipar Euskal Herriko 158 herrien artean, 146 dira Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikateko kide. Kide diren herrietatik dirua biltzen du Sindikatak (1,40€ biztanleka), Euskal Kultur Erakundea eta Euskararen Erakunde Publikoaren funtzionamenduaren diruztatzeko. Hala, egitura hauetan, herriak ordezkatzen dituen erakundea da Sindikata, Estatua, Eskualdea eta Departamenduaren ondoan. Bada hogei bat urte ere, Sindikatak Euskal Autonomia Erkidegoko telebistako (ETB) euskarazko kateen hedapena antolatzen duela gure lurraldean.
Herri arteko lankidetzarako departamendu eskemak Sindikataren desagertzea aurreikusten du Ipar Euskal Herri mailako herri elkargo bat sortzen bada, azken honek Sindikataren eginkizunak beregana bailezazke.
Joan den larunbatean, 104 delegatuk bozkatu dute Kanbon, zuzenean edo ahalorde bitartez. Eztabaida baten ondotik, aho batez aldeko iritzia eman dute Prefetak proposatu Herri arteko lankidetzarako departamendu eskemaz. Erabaki honi lotu deliberoa ondokoa da.
EUSKAL KULTURAREN ALDEKO HERRIEN ARTEKO SINDIKATA
2015eko urriaren 24eko Sindikateko batzordea, Kanbon
Deliberoen zatia
Gaia : Herri arteko lankidetzarako departamendu eskemaz iritzia
Herri arteko lankidetzarako departamendu eskemak, elkargo bakar bat aurreikusten du Ipar Euskal Herriarentzat. Elkargo bakar horrek gaur egungo 10 herri elkargo eta hirigune elkargoak ordezka litzake. Proiektu horrek, euskara eta euskal kulturarentzat politika publiko eraginkorragoen aktibatzeko aukera eman dezake, baldin eta, gaur egun aurreikusia den bezala, elkargo horrek euskara eta euskal kulturaren garapen eta sustapenerako errespontsabilitea hartzen badu bere estatutuetako eskumenetan. Ondorioz, Prefetak gutunez helarazi galdeari erantzunez (ikus 3. eranskinean 2015eko irailaren 29ko Prefetaren gutuna), Herri arteko lankidetzarako eskemaz aldeko iritzia ematen du Sindikatak.
2015eko urte bukaerako, ekarpen bat idatziko du Sindikatak, hizkuntza politika eta euskal kultura argiki aitzina arazteko gisako antolaketa moldeak aholkatuz.
Hautetsien kontseiluak, Estatua, herri eta herri elkargoekin daramatzan gogoetetan, aholku hauek ongi kontutan hartuko dituela zainduko du Sindikatak.
Halaber, heldu den primaderan, herri elkargo bakarraren sortzeko erabakia hartzen badute Ipar Euskal Herriko herrietako kontseiluek, euskara eta euskal kultura nahikeria handiz ibiliak izanen direla zainduko du Sindikatak, elkargo berriaren sortzeko lanak eramanen direlarik 2016ko bigarren urte erdian.Euskal Kulturaren aldeko Herrien arteko Sindikateko Lehendakaria
Jean-Claude Iriart