Frantziako egunkari ospetsuenetariko batek izenburuan jarri zuen Aurore Martin “etarra” ez dela presondegira itzuliko.“Etarra”? Orain arte, Batasuneko militante gisa aurkeztua zen, politika egiteagatik zuzen-kontra preso sartu zuten pertsona gisa. Eta orain “etarra” da?
Ezker abertzaleko erakunde publikoen kontrako ngarren auzia iragan da Madrilen, baina ez da beste auziak bezala bururatu.
Aldi honetan, akusatuek eta akusatzaileek (Espainiako gobernuaren ordezkaritzak eta ETAren biktimen elkarteek) akordio bat lortu dute: akusatuak ez dira preso joanen, baina leporatzen zaizkienak onartu behar dituzte, hala nola, “erakunde terroristako kide” izatea.
Gehien-gehienek ezinago baikorki baloratu dute akordio hori. Batzuek azpimarratu dute biktimen elkarteek eta Espainiako estatuak presoen gaian egin duten urrats bakarra dela, ETAk borroka armatua utzi zuenetik. 35 militante politiko ez dituzte preso sartuko, eta hori ez da guti.
Haatik, horren ordainez, onartu behar izan dute Batasuneko kideak ETAko kideak direla. Eta hori, berez, Espainiako epaileen “dena ETA da” teoria egitzat jotzea da. Hainbeste urtez salatu da Espainiak egiten zuen kriminalizazio masibo hori, injustizia ikaragarri hori, hainbeste auzi izan dira, hainbeste presondegiratze bidegabe… Eta orain hori onartzeko? De facto, jurisprudentzia bat sortzen da. Orain, auzi horretan epaitu dituzten guztiak ETAko kide direla erran dezakete kazetariek eta nahi duten guztiek, akusatuek berek onartu baitute.
Politikan maiz erabiltzen da marra gorrien metafora, eta Euskal Herrian ere ez da eskas izan. Ez ote da, oraingoan, marra gorri bat gainditu?
Herri bat suntsitu nahi duen estatu batek erabiltzen dituen estrategietan fase garrantzitsu bat da kriminalizazio kolektibo eta masiboarena. Espainiak eta Frantziak mendeetan zehar kriminalizatu dituzte euskaldunak, ustezko krimen horiek epaitzeko xedez sortuko zituzten lege bidegabeak justifikatzeko eta, azkenik, zigor gogorrak ezartzeko. Kriminalizazio kolektiboa da herri baten genozidioaren urratsetarik bat. Kriminalizazio kolektiboa onartzea, herri honen suntsitzeko xedea duen estatuari suntsiketa hori egiteko asmatutako aitzakia onartzea da. Marra gorri bat da. Akordio horretako irabazlea Espainiako estatua da.
Lau urte baino gehiago iragan dira Aieteko konferentziatik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik. Hastapeneko itxaropena etsipen bihurtu da. Espainiak ez du tutik egin presoen egoera konpontzeko, ez eta ere goxatzeko. Ondorioz, presioa jasaten dutenak euskaldunak berak dira. Zer egin? Nola jokatu?
Egoera hain dago blokeatua, non zaila baita aterabideak ikustea. Amnistiaren bidea bazterturik (eta amnistia aldarrikatzen dutenak kritikaturik), orain Espainiako legedia betetzeko eskaria egin zaie presoei. Presoak legearen bidetik askatzeko aukerak murritzak dira, ordea. Espainiako eta Frantziako legediek kondenak murrizteko ezartzen dituzten baldintzak beteta ere, oraino 20-30 urtez izanen ditugu euskal presoak, legea bera ez bada aldatzen. Eskubide politikoen (presoenak eta herriarenak) aldarrikapenak lekua utzi behar izan dio gizaeskubideen aldarrikapen soilari, gatazkaren muina eta aterabidea hori baino sakonagoa denean.
Estatuek presoekin egiten dute presioa, mugimendu abertzalea etsipenera kondenatzeko, kriminalizazioa onartzeko (bihar zer?), zatitzeko, ahultzeko, umiliatzeko, noarezean galtzeko, gatazka konponbidetik urruntzeko eta gatazkaren hazi berriak ereiteko.
Anitzez berantegi – eta, ondorioz, gaizki – bukatutako fase armatuaren tragediaren ondorioak dira.