Ipar Euskal Herriarentzat 2016 urte historikoa izanen dela errana izan da behin eta berriz, lehen aldikotz nolabaiteko ezagupen politikoa lortuko duelako, lehen aldikotz lurralde osoa barne biltzen duen instituzioa sortuko baita. Azken hilabeteetako prozesua bururaino joaiten bada gutxienez, irekiko den kapitulu berrian aukera eta erronka handiak izanen dira.
Azken hamarkadan Iparraldeko eremu politikoa polarizatu duen instituzioari bai/ez galdea, eta bereziki azken fase honetan herri elkargo bakarrari bai/ez, beste arazo batzuek ordezkatuko dute ezinbertzean.
Lehenik aurreikus daiteke herri elkargoen bi funtzio nagusien arteko tentsioa nabarituko dela : zerbitzu komunen kudeaketa/proiektuen obragintza. Oraingo herri elkargo guziek ez baitute leku berean ezarri bi polo horien arteko kurtsorea eta bata ala besteari lehentasuna emaitea indar politiko bakoitzak Iparraldearentzat duen bisioari lotua izanen baita.
Bestalde, politika publikoak Ipar Euskal Herri mailan antolatzen hasteak, maila honetan pentsatzea, diagnosiak egitea eta aterabideak proposatzea behartuko ditu hautetsi guztiak, lurralde eta biztanlegoaren ezaugarrien dibertsitatea nahitanahiez kontutan hartuz. Azken hilabeteetako eztabaidetan, ikusi ahal izan dugu batzuei kostatzen zaiela beren podere eremutik haratago pentsatzea.
Abertzaleentzat joera naturala da, beren jarduera politikoa hasieratik maila honetan planteatu baitute eta bestalde, salbuespenak salbuespen, geografia osoan sustraituak baitira.
Ez da indar politiko guztien kasua. Batzuek zonalde batzuetan ez dute presentziarik edota biziki ahulak dira. Indar handienentzat aldiz beste instituzio maila batzuek, departamendua edota eskualdea, egituratu dituzte usu beren eginmoldeak Ipar Euskal Herrian.
Joera naturala
Azken finean, indar bakoitzaren proiektu politikoak dira agertuko eta pentsa daiteke proiektu horien araberako lerrokatzeak ordezkatuko dituela ezagupen instituzionala irabazteko fasean ezaguturiko aliantziak eta blokeak.
Ezkerreko abertzaleentzat erronka berriak direla ezin uka, horien artean lurralde honetako ezker alternatiboaren erreferentzia bilakatzea. Bestalde, martxan eman arau, herri elkargo bakarraren potentzialitateen ondoan, mugak ere agertuko dira. Ikustekoa da horrek zer ondorio izanen duen. Batzuek “errana genizuen” errepikatuko dute bainan beste askorentzat, izan hautetsi, sektore sozial ala herritar, urrunago joaiteko nahikaria elikatuko du segurki.
Iparraldeko berezko instituzio baten aldeko borroka nola segituko duen erraitea neke bada ere, arrunt baldintza berrietan pausatuko da orduan.
Eskuerako tresna
Beste maila batean, Hegoaldearekiko harremanak garatzeko parada hobeak izanen dira, Iparraldeko solaskidea izanen baitute Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak edota Nafar Gobernuak, orain arte soilik Departamendua, Akitania edo kasu hoberenean EEPko Interes publikoko ellargoa ezagutzen zituztelarik.
Noski bi aldeetako borontate politikoa ezinbestekoa izanen da elkarlana bultzatzeko baina bederen horretarako hainbat tresna eskueran izanen ditugu. Horretan ere jendarte proiektu desberdinak lehian izanen dira eta bi aldeetako abertzaleei diskurtsoetatik ekintzetara pasatzeko ate batzuk irekiko zaizkie.
Iparraldeko ezkerreko abertzaleentzat estrategia politikoak eta indar militanteen ber kokapena ekarriko ditu panorama berriak, arrisku berri baten pean : Iparraldeko podere gune berriak jarduera politikoa moldatu eta eraginen badu ere, nola segurtatu politika instituzionalak ez dituela irentsi eta xurgatuko nazio eta sozial askapenerako proiektu politikoari begira ezinbestekoak diren beste borroka frenteak : borroka ideologikoa, jendartearen inplikazioa, herri mobilizazioak, alternatibak eraikitzea.