Printzipioz, ideiaz eta sentimenduz, independentziaren alde nago jakina, euskal herritarren gehiengoak nahi duen ber. Haatik Euskal Herria beregain ikusteko xantza guti dut, batetik adinagatik, bestetik gutieneko baldintzen betetzetik urrun gaudelako, bereziki Nafarroa Garaian eta Iparraldean.
Baina independentzia zertako ?
Zenbaiten gogoan iduri luke berezko helburua dela, edukitik aske, beste anbiziorik gabekoa, eta ez zait zentzuzkoa iduritzen. Munduan zehar ikusten dugunez, Estatu berri baten eraikitzea oso lan dorpea da, lehenik menperatzailearen azpitik ateratzea zinez ebakuntza gogor bezain arriskutsua.
Hortako egiazki balio duen jomuga bat behar da : ene ustez naziotasunaren segurtatzea, zaintzea eta indartzea ; gure kasuan euskaldungoari bere teilatuaren ematea, aterpe horren babesean autogobernu ahalik osoena gara dezan bere nortasunaren zerbitzuko.
Euskaldun egiten gaituena euskara dela, eta ez politika, nahiz horren beharra baduen, gauza jakina da, baina laster ikusiko dugun bezala sekula baino gehiago errepikatu beharra.
1960 irian ETAko buruzagiek, bereziki Txillardegi zenaren bitartez, EAJri botatzen zioten hizkuntza nazionala gibel utziz, separatismo katanges bat bilatzen zuela, Katanga zelarik Belgikaren menetik atera berri zen Kongo handiko eskualde aberatsena, bere meaztegietako mozkinen hobeki gozatzeko bereizi nahi zena.
Geroztik EAJko buruzagiak euskaldundu zaizkigu. Hain euskaltzalea zen euskal ezkerrak alderantzizko bidea hartu behar ote digu orain, katangar itxurako separatismo huts batean sartzeko ?
Eiki azken denboretan ezker abertzaleko parte batek proposamen bitxi eta niretzat harrigarri hau egiten digu: independentziaren alde jende gehiagoren biltzeko, euskara ken dezagun lehen lerrotik…bazter utz identitate baten usaina duen guzia, hala nola historia… zerotik sor nazio abstraktu bat, zibismo hutsean finkatua, frantziar estatu-nazio jakobinoa iraultza denboran artifizialki sortu zen bezala, edo kasik ber gisan, berriz herritar oinarri nazionalik gabeko aberri katangar bat, haatik oraikoan ezkerrekoa!
Hain urrun joan gabe, hor dugu Irlandako Errepublikaren kasua. Independentzia oso nekez erdietsirik, hizkuntza galdua du, bidean bigarren tokia eman baitzion. Bere funtsa hola galtzen duen borroka batek pena merezi ote du? Ez zait iduri. Irlandako Errepublikaren etsenplu antzuak ez dit gogorik ematen. Are gutiago Euskadi erdaldun eta jakobino baten eredu gogorrak. Zergatik Espainia handitik atera, haren alboan Espainia txiki baten eraikitzeko?
Irlandako Errepublikaren etsenplu antzuak
ez dit gogorik ematen.
Are gutiago Euskadi
erdaldun eta jakobino baten
eredu gogorrak.
Iparraldea saihestuz prefosta, beharbada Nafarroa Garaia halaber zokoratuz. Holaz Euskadik ere bere Ulsterra baluke, doblezka gainera.
Aldi bat gehiago, euskararen tokiaz eta biziraupenaz axola guti dutenek estakuru berri bat asmatzen dute hizkuntza nazionalaren apaltzeko, azkenean galtzera uzteko. Eta salbatu nahiz ere, geroko uztea betiko uztea da, Irlandan gertatu den bezala. Autoaren arintzeko motorra ken! Hori ote da independentziara zaluago joateko metodoa? Paradisura heltzeko arima gal, eta beraz denen buru paradisurik ez, arima delarik hango giltza! Profeta berriek hitzematen diguten mirari miragarriak ez gaitu itsutu behar.
Independentzia ezin izan da helburua, bidea baizik ez da, bide nekea. Horretan egiazki sartzeko, nora heldu nahi garen ongi jakin behar dugu. Euskadi erdaldun batek pena merezi ote du? Ez dut uste.