Aste buru honetan Hego Aldetik etorritako bi berri garrantzitsuk nire arreta piztu zidaten: PP alderdiak EAJ-ak harekiko elkartzea uko egitea deitoratu izana alde batetik, eta Espainiako Alderdi Sozialistak Rajoi jauna berriz Espainiako lehen ministroa izan dadin baimendu izana bestetik. Lehengo kasuan PP-a ezinezkoa den irtenbide baten xerkatzen ari zela argi eta garbi ikusten da. Hain zuzen ere, abertzalea ez den alderdi batek nola egitasmo komun bat egin lezake abertzalea den beste alderdi batekin? Honetaz gainera, oso « periltsua » dakusa PP-ak EAJ eta EH-Bildu jaurlaritza berriaren osa dezaten.
Deitoratze honi buruzko artikuluan, BERRIA aldizkariak jartzen zuenaren arabera, PSOE eta EAJ elkartzea gaizki ikusten ditu PP-ak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian duen Alfonso Alonso buruzagiak. PODEMOS/AHAL DUGU, aldiz, ez du pertsona berak aipatzen.
Noiz ulertuko dute alderdi espainolistek edo hobeto esate arren, noiz ulertu nahi izango dute Euskal Herrian eta Katalunian oposizioa ez dela ezker eta eskuin artekoan, baizik-eta abertzale eta ez abertzale diren alderdi eta taldeen artean?
EAJ eta EH-Bilduren artean Euskal Herriarentzat gobernu baten osatzea gaur irtenbide hoberena litzatekeelakoan nago, Katalunian egiten den bezalaxe, independentziaren alderako edo behintzat soberanotasun gehiago lortzeko biderik hoberena delako.
PSOE-arekiko batzea, berriz, txarra litzateke, ikusirik helburu oso desberdinak dituzten alderdi horien elkarrekin lan egiteak joan den mendeko zortzigarren hamarkadan ondorio txarrak eragin zituela.
Espainiako hauteskunde ondoko prozesu luze, zail eta goropiltsuarekiko loturaren bat PP-aren jarrerak baduela pentsatzera nakar. Oposizio sozialista hautsi ondoren, Espainian alderdi sozialistaren barnean gelditzen diren kideen bitartez, eta hauen abstentzioari esker lortu du gaur Raxoi jaunak berriz Espainiako lehen ministroa izatea, baina jakin badaki gutxiengo batean gobernatu beharko duela eta Espainiako langabezien tasa handia (%20) gehi alderdi kontserbadore neofrankistari leporatzen zaizkion ustelkeria kasuak kontutan harturik, ez du lan erreza ukanen, hilabete horren bukaeran haren izendatzea konfirmaturik den heinean naski.
Ez dute eskuin, zein ezker aldeko alderdi berriek bakean utziko eta segurua da ahuldurik dagoen eta Espainiako alderdietarik zaharrena den PSOE-a baino azkarrago izanen direla.
Hiru ehun egun hauetan Espainiak ezagutu duen kinka politiko hori ez da bukaturik izanen, Rajoy jaunak azkenik bere postua berriz lortu arren eta ez da batere ziur lau urte boterean geratuko denik.
Horregatik Euskal Herrian EAJ-aren « babesa » bilatuko zuen, denbora berean badakielako PSOE-k Euskal Herrian dituen ordezkariak Espainiako beste kideek onartu zuten abstentzioaren aurka daudela.
Madrilen bere postuari eutsi nahiaz gainera, aise ulertu dezakegu PP-a Euskal Herriko gauzetan eta erakundeetan gehiago sartu nahi duela, alderdi abertzaleekin nahastuz eta ideologi espainolista bat sartu nahiz.