Ahateak ala sistema industriala ?
Azken urte hauetan ahate hazkuntza beti ta urrunago joan da industrializazio mekanismoan. Sail osoa arrunt zatikatua da (edo «segmenté») : ahate ttipiak accouvoir haundi batzuetan sortzen dira gero hortik segidan badoatzi galkatzeko ahateak («prêt à gaver») egiten berezituak diren etxaldeetarat. Hortik berriz, kamiunetan badoatzi galkatzen berezituak diren azken lekurat. Hor hamar egunez galkatuak dira ta berriz kamiunez badoatzi hiltegirat.
Aldika ehunka, milaka, ahate mugitzen dira leku batetik bestera…
Aspaldiko urteetan gainera, selekzione genetika guzia norabide bakarrean da: produktibitatea hobetzea. Adibidez, duela 30 urte hamabost egunez galkatzen zen ahatea poliki poliki arto egosiarekin. Orain aldiz, hamar-hameka egunez egiten dira, pasta batekin…
«Gain de productivité !»
Bai zoritxarrez, bainan genetika mailan ez da sorgingorik, edo mirakuilurik, ez da denetan irabazten ahal… «Formule 1» batzu lortu dituzte bainan zailtasun edo rustizitate delakoan, arrunt ahuldu dira, eta oraino makurrago, aniztasun genetikoan kasik dena galdu da. Erran ginezake frantziar estadoan ahate mota bakar bat hazten dela denetan! Adibide bat emaiteko, hemen ardi sailan, Aveyronetik jin Lacaune ardi arraza balitz bakarrik (adio manexa!).
Hala egoera! Joan den urtean, neguan, hegaztien gripea agertu zelarik, sistema industriala ikaratu zen. Eritasun horrengatik, esportatzea debekatuko zitzaiela eta… Bainan sistemak erabaki zuen ahate guzien hiltzea, huste sanitarioa egitea eta… berriz hastea sekula bezala! Aterbe handi berrietan, berriz ere kamiunak bideetan barna… Berriz baldintza guziak beraiek plantan eman dituzte gaur bizi dugun egoerarat heltzeko: berriz ere gripea hor dugu!
Joan den urtean ta orai berriz, ehun milaka ahate hiltzen ari dira. Milioika euro gostako da. Diru publikoa baliatzen da interes pribatuek asmatu sistemaren kalteak ordaintzeko. Noiz arte?
Hau da guk ELBn sistema industriala deitzen duguna : laborariak ez du deus kontrolatzen, kasik beti talde agroalimentario haundi batzuk (Lur Berri hemen) dena antolatzen dute.
Kriaxera edo Karrankaria, ahate beltza
Dena «programatua» da: ahateak noiz heldu diren, noiz joan behar duten, zer jan behar duten, zer tratamendu eman behar zaien, etab. Laboraria langilea da, langile merkea! Eta berak du krisia jasaiten zeren ofizialki enpresa buru edo etxalde buru baita!
Alta… Alta hemen bada oraino beste sistema bat bizirik dagoena: lehenik hemengo ahate arraza batekin, Kriaxera edo Karrankaria, ahate beltza, etxalde berean hazia, galkatua, hila, eraldatua eta zuzenki saldua. Laborariak dena kontrolatzen du. Ahatea ez da bideetan ibiltzen. Aise ahate gutiago da lekuan berean. «Sistema» hau, egiazko hazkuntza modelo hau, jasangarria da. Ona da sozialki, ekonomikoki, ingurumenarendako.
Euskal Herriko ahate edo oilasko hazleek ere uste dugu sistema osoa berriz pentsatu behar dela. Ez ditugu guk jasan behar erokeria horren ondorioak ! Sistema industriala hil dezagun, ez ahateak !