Aurten, Ipar Euskal Herrian bizi den bihurgunea markatzeko eta ospatzeko beharra ikusi ondoren, Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrek Aberri Eguna Uztaritzen ospatzeko deia luzatu dute. Egitarau aberatsa dela medio (lurraldeko hainbat elkarteren herrixka, manifa, bazkari alaitua, etab.) antolakuntzaren arabera 1300 pertsonek osatutako manifestaldiaren bukaeran irakurri mezua irakurtzeko parada duzue jarraian. « Urratsez urrats, segi dezagun Euskal Herria eraikitzen ! »
Agur bero bat gaur Uztaritzera hurbildu zirezten guziei. Besarkada bero bat ere Gernikako independentistei.
Zer ospatzen dugu gaur? Herri ukatu bat? Ametsetako herri bat? Ala oraindik asimilatua ez den Herri bat eta urratsez urrats eraikitzen ari giren herria?
2017 urtea aberatsa dugu. Urte luzeetako lanen fruituak bildu ditugu. Azkenean norbait gira. Euskal Elkargoa sortu dugu. Izigarrizko urratsa da baina urrats bat bakarrik, neholaz ere ez baitu asetzen gure gosea. Ez baititu ez herriaren ez eta ere hizkuntzaren biziraupena segurtatzen. Are gutxiago euskaldunei emaiten, beraiek erabakitzeko ahala.
Zerk digu gure geroa segurtatuko? Zoin da amesten ditugun harreman sozial, kultural, politiko edo ekonomikoak ahalbidetuko dituen egitura? Horrek independentzia du izena!! Eta independentzia da gure urratsen helburua.
Eta nola egiten da hori ? Orain arte hasi bezala. Ttipi ttapa, urrtasez urrats, bakoitza bere alorrean: lurra zainduz, euskara erabili, zabaldu eta transmitituz, ekonomia sustatuz, faxismoaren hazi guziak zangopilatuz, kapitalismoaren desmasien kontra borrokatuz eta abar luze bat… Egiten dugunari herri zentzu bat emanez eta gure begiak mundura zabalduz.Gaur, 8 egun betetzen dira, ETAren armagabetzea burutu denetik. Gure herriak bizi duen gatazka, ez zen ETAren sortzearekin hasi eta ez da iragan apirilaren 8an bukatu. ETA hasi zeneko arrazoi berberak hor daude oraindik. Konfrontazio bortitza ez zen euskaldunen hautua izan. Herri hunen hautua amore ez emaitea izan da. Xutik bizitzea. Herri hunen hautua erresistentzia izan da. Nola ez ukan gaur beraz, pentsamendu berezi bat, bide hori jorratu duten gudari guzientzat.
Hamarnaka errefusiatu munduan zehar, 300 presotik gora eta harietarik batzuk larriki eri direnak. Berehala atera behar ditugu. Hurbildu behar ditugu eta egoera politiko berriak eskatzen duen bezala, amnistia osoa eta inkondizionala lortu. Maila horretan ere, bakoitzak badugu zerbait egiteko.
Noski baditugula gauzak ospatzeko! Orain arteko lorpenak eta gaur eginek emango dizkiguten garaipenak.
Urratsez urrats, segi dezagun Euskal Herria eraikitzen !
GORA EUSKAL HERRIA