Frantziako agenda politikoak eta hauteskunde eztabaidek kutsatu dute Euskal Herria. Presidentea hautatzeko bozen harira, abertzaleak sutsuki aritu dira eztabaidan, beren artean edo frantsesekin: Mélenchon gora eta Macron behera, Le Penen mamua aireratzen edo abstentzioaren aldeko kanpaina melenchonianoa egiten…
Kasu guztietan, Euskal Herriko eztabaidak, ñabardurak ñabardura, Frantziako edozein lekutan bezalatsukoak ziren. Euskal gaiaren kutsua ageri zen batzuetan… edo ez, baina ez zen erabakigarria eztabaida horietan.
Hauteskundeak estatu-nazio baten trinkotzeko eginak dira, bozemaileak batzeko (bereizketen gainetik) proiektu nazional baten ospakizuna den egun baten inguruan.
Hauteskundeek mahai gainean jartzen dituzten gaiak estatu-nazio horren gaiak dira. Bistan da, herritar bakoitza hunkitzen duten gaiak dira: gizarte segurantza, langabezia eta enplegua, erretreta, hezkuntza, energia… Gutariko bakoitzaren eguneroko bizian eragina duten hauteskundeak direla sinetsarazten digutelako, natura lnaturalki parte hartu dugu hauteskunde horietan eta bere eztabaidetan. Eta horrek Frantziari lotuago egiten gaitu, oharkabean.
Ez da boz anitz altxatu hauteskunde haietan bozkatzearen kontra, ikuspegi abertzale batetik. Macronen eta Le Penen arteko bigarren itzuliaren harira, batzuk abstentzioaren alde mintzatu dira, baina Macronen eredu ekonomikoa ez zutelako onartzen. Ez, ordea, erranez hauteskunde horiek ez direla gure hauteskundeak. Bai, batzuetan agertzen da euskararen eta euskal gatazkaren gaia. François Bayrou Frantziako Justizia ministro izendatu izanak batzuen itxaropena piztu du. Bayrou hain irekia balitz bezala, eta hala balitz ere, nahi lukeen guzia egiteko giltzak balitu bezala… Ez: beti izanen da Espainiako Gobernuaren esku beltza, beti izanen da Valls-en gisako norbait.
Macroni twitter bidez mezuak helarazteko deia egin zuten Herri Urratsen, euskararen eta ikastolen alde zerbait egin zezan eskatuz. Otoitzean, beti Parisi otoitzean eta eskean. Baina Frantziako ordezkariek itzulpen zerbitzua badute euskaratik frantsesera Herri Urratseko ekitaldi instituzionalean; Hego Euskal Herrikoek ez, frantsesetik euskarara. Hori da Frantzia, hori da Frantziako politika eta Frantziako hauteskundeek gorpuzten duten egoera.
Frantzia herrialde demokratiko bat da… Frantziarentzat. Ez Euskal Herriarentzat. Demokrazia hori, frantses demokrazia da, bermatzen ditu frantziar hiritar gisa ditugun eskubideak eta betebeharrak. Euskaldun gisa ez. Horregatik, behar ote dugu parte hartu Frantzia egituratu eta Euskal Herria desegitea helburu duten hauteskundeetan?
Galdera honek ez du balio bakarrik Frantziako presidentea hautatzeko bozentzat. Balio du, baita ere, Frantziako legebiltzarra osatzeko hauteskundeentzat. Hain zuzen, diputatu boz hauek presidente bozen jarraipena baizik ez dira, eta agenda politikoa, berriz ere, Frantziarena da. Abertzaleak aurkezten dira hauteskunde horietan. Baina Euskal Herriak zer du irabazteko hortik? Hauteskundeetako kanpainako presentziak berak ez du bermatzen mezua zinez zabaltzea, are gutiago xehetasunetan sartzea edo jendeak interesa jartzea. Abertzaleen emaitzek eragina izan lezakete bigarren itzuliko hautagai bat kanpo uzteko edo diputatu bihurtzeko. Eta gero zer? Frantziako Gobernua sozialisten esku izan da azken bost urteetan, eta abertzaleen bozei esker diputatu bihurtu ziren bi sozialista zeuden Frantziako legebiltzarrean. Eta? Zer egin ahal izan dute? Pentsa abertzale bat diputatu bihurtzen dela, zer lortuko luke? Frantziak, bai, lortzen du, euskaldunak gehiago integratzea bere sisteman.
Okasione bakar bat gelditzen zauku podere gutixago uzteko Presidentaren partidu bakarrai: Collette Capdevielle-entzat bozkatzea.
Bera eta Sylviane Alaux EHko diputatu hoberenak ziren dakidanez.
Beraz ez dezagun gal okasione hori.
On egiten du honelako artikulu bat irakurtzeak hauteskunde arrotz oro gertatzen den kakanahastean arnastu ahal izateko.
Hala ere, ideia batekin ez nator bat: « Frantzia herrialde demokratiko bat da… Frantziarentzat ». Ez. Frantsesak, kapitalismoaren eta sistema hori bermatzen duen Estatuaren menpe bizi dira. Nahiz eta kulturalki « haiena » den Estatua izan, burgesiarena (biztanleriaren zati oso txiki batena) da estatua eta ez gehiengoa den langileriarena.
Hortaz, Euskal Herritarrok inguruko herriek bezalako Estatu (kapitalista) baldin badugu helburu, behin independentzia lortuta ere askatasuna hurrun geldituko zaigu.