Hauteskundeek betitik ezagutzen dugun giroaren sentsazioa dakarte.
Zonbat jende ez zen interesatu presidentzialetako erregea hautatzeko?
Hainbeste gora-beheren ondotik, sorpres «on» ainitz agertu ziren: alderdien hautagaitzan Fill-on eta Ham-on, eta azken finean, Macr-on. Lehen bi «on» delakoak «off» eta hirugarrena «boff».
Agian izango da hau ondoko Napole-on…
Bainan, nola jendeak hauteskunde monarkiko hauek hain sutsuki segi zitzakeen, segidan parlamentukoak bazterrerat uzteko gero? Edo bederen ez bozkatzeko? …
Nola dezake botere betearazleari garrantzia eman eta legegilearentzat axolagabekerian murgildu? Iduri du biztanleriak legeak bere buruari inposatzeko beharra duela, beti pleñituz segitzeko, bainan hauen aldatzeko indarrik egin gabe. Eta aldatzen direnean nigar egin.
Bestalde, zaila da onartzea ipar Euskal Herriko zirkunskripzio batzuk Biarnoarekin nahasirik egoitea. Ez arrazakeriarik ikusi hemen, bainan, bata eta bestearen errealitateak ezberdinak dira.
Guk Bourbon palaziorat heldu nahi dugularik, haiek sala batekin nahikoa dute. Bainan sala antiterrorista hunek agian bere azken hatsak eman ditu. Horiek hola, alde baterat utz ditzagun istorio hauek eta lot giten egiazko hautamenari.
Egiptiarrek piramideak eraiki zituzten, erromatarrek palazioak, Arthur-ek Kaamelot, Inka populuak Machu Pichu, Luis XIVak Versailles eta nafarrek Etxauzia!
Elkarte batek bereganatu nahi duen gaztelua. Nor izanen dira erregin-errege? Milionario pribatu bat baldin bada errege, proiektua erregai! Bainan elkartea baldin bada erregin, gazteluaren funtzioa berregin! Eraikin sinbolikoa izanen da, bi Nafarroak eta zortzi probintziak (diaspora barne) lotuko dituena eta muga bere maneran zizelkatuko duena. Etxe sinbolikoa. Guggenheim-en gisara… bainan izen ezberdin batekin: GuGeukEin jauregia!
Interes kultural, sozial eta ekonomikoek gurutzetoki ezin hobea irudikatuko dute.
Freskura berri honek zaharluaz gaztelu bat eginen du! Denen beharra bada! Edo orain erosten dugu eta leku hotz hori berotzen, edo ebasten digute. Ez da harrigarri «ebatsi»-ren sinonimoa «ostu» dela. Bozka dezagun beraz behar bezala, subiranotasun herritar baten alde gure laguntza eskainiz!
Ni hasteko, Euskal Herri autokudeatu baten alde bihar noa!