Uztaileko Enbatako zenbakian laborantza biologikoaren garatzeko plangintza berri baten berri eman nuen « Laborantza biologikoa bihar » artikulua. Ildo beretik segituz, aldi huntan, oroitaraziko dut laborantza biologikoaren ibilbidea zein izan denEstatu frantziarrean eta irriskuak zein izan daitezkeen, geroari begira.
Enplegu berri sortzaile, lurraren zaintzale eta osagarri publikoaren bermatzaile, laborantza biologikoa abiadura haundiz ari da emendatzen Euskal Herrian, Estatu frantsesean bezala funtsean.
Garapen hortaz oharturik, industria agroalimentarioa eta supermerkatuak ari dira “merkatu” berri hortan lekua hartu nahiz.
Hortarako beharrezkoa zaie biologikoaren funtsezko oinarriak mendratzea, bereziki europar komisioa presionatuz.
“Deusek ez du sagar baten iterik, beste sagar batek baino”. Alabainan, ezberdintasun bakarra ez da agerikoa, baloreena baizik. Garatzen ari den bioaren merkatua ez du janariaren industriak balore agronomikotzat hartzen, baizik eta beste edozoin merkatuko merkantzia soil gisa.
Alta laborantza biologikoa sortu bada, produkzio intentsiboaren eta janari industrialaren salaketa egiteko izan zen.
Biologikoa sortu zen ere laborarieri autonomia haundiago bat emaiteko “intermédiaires” edo arartekoeri begira.
Kontsumitzaileen konfiantza berenganatzeko eta beren produktoak aise hobeki balorizatzeko, nahi ala ez, behar izan dute beren antolakuntza instituzionalizatu.
Nazio arteko, Frantzia mailan edota Euskal Herri mailan sortu dira, urteetan zehar, hainbat elkarte edo federakuntza, izan Ifoam, Fnab edo BLE. Gutti edo aski, denek bide orri berdintsua aldarrikatzen eta obratzen dute : lurraren, landareen, kabalen eta jendeen osagarria. Lau elementuak zatiezinak dituzte ekologia orokorrean berkokatuz eta bioaniztasuna orekatuz.
Luzaz frantses estatuak begiak hetsi ditu laborantza molde berri hori ukatuz. 1988an baizik ez du ofizialki bere txostenetan aipatzen laborantza biologikoaren zeregina eta funtsa. 1991an baizik du europar batasunak laborantza molde berri hunen arauketa bat onartzen, bainan gauregun oraindik ez da bioaren arauketa orokorrik Europa osoan, hainbat pundutan ez direlako gobernu guziak ados jartzen ahal. Mail hortan arazoa osoa gelditzen da. Gauregun oraindik bio laborariak kontrolatuak eta baimenduak izaitekotan, pagatuzko organismo pribatu batzuren eskuetatik pasatu behar dute. Halere Frantziak badauka bere kontrola eta baimentze organismo publikoa, COFRAC deiturikoa.
Zein arau biharko?
Kontestua zaila izanikan ere, azken urteetan molde arras ezberdinetako laborari biologiko ainitz abiatu dira produzitzen, aipatu gabe ere ararteko beste hainbeste. Ingurumenari begirako diskurtso “light” bat erabiliz eta maila gorako argumentu ekonomiko nabarmenak lehenetsiz, hasi dira nazioarteko bio mailako normak leuntzen. Carrefour, Monoprix edo Systeme U bezalako hipermerkatuek “beraien” filierak eta banatze markak bultzatzen hasi dira, bio laborari batzurekin kontratuak izenpetuz.
Arriskua zoin izaiten ahal da? Epe ertainean, ez erraiteko laburrean, hipermerkatu edo marka haundi horiek bio merkatuaren jaun eta jabe bilakatzea, eta gauregungo prezio duinak (konbentzionalari konparatuz, %30 eta 40 artean gorago) emeki eta segurki beherantz tiratzea.
Begi pean dugu adibide aski argigarri bat: arroltze produkzioarena. Orain arte bio bide orriak oiloen nunbrea 3.000-tarat mugatzen du bastimenduka; bainan ez du mugatzen bastimenduen nunbrea. Aski ez balitz, hazkuntza espazioa Label Gorrikoa baino ttipiagoa da (4 m2 oiloka, 5en ordez). Italian Eurovo enpresa ahoa beteka goraipatzen ari da bio hazkuntzak badauzkala 90.000 eta 250.000 oilo arroltzegilekoak. Logika hortan errentabilitate inperatiboek gaina hartzen ari dute biologikoaren oinarrizko baloreeri. Frantzian, arroltze bioen %78 hipermerkatuek eta hauen erospen zentralek segurtatzen dute jadanik. Bio hazle hauetarik arras guttik beren bazka etxaldean produzitzen dute, ondorioz bazka saltzaileen menpekotasunean dira erabat. Gisa hortan hainbat laborari bio entseatzen dira elkartzen, merkatuaren eskala ezberdinak ahalik eta hobekien kontrolatzeko edo bederen eragin zerbait lortzeko sail hortan. Azken urteetan zehar, frantses estatuan berean, produktore biologikoen hainbat erakunde ekonomiko sortu dira, biologikoaren ikuspegi amankomun bat bultzatu nahiz, izan Biolait, Bio Loire Océan, BioBreizh etab.
Epe ertainean, ez erraiteko laburrean,
hipermerkatu edo marka haundi horiek
bio merkatuaren jaun eta jabe bilakatzea da arriskua,
eta gaur egungo prezio duinak
(konbentzionalari konparatuz, %30 eta 40 artean gorago)
emeki eta segurki beherantz tiratzea.
Biologokoaren geroa kontsumitazileen esku
Logika horren beste puntan nunbait, FNSEA sindikatak ere badauka bere “bio” lan komisioa. Ezin bazterrean egonez, laborantza ganbarek ere sail hau tratatzen enseatzen dira, nolabaiteko mugeki halere. “Ahalmen mugatuak ditugu, gure kontseilari batek ezin ditu soilik 10 laborari bio segitu; 80 bat badauzka segitzeko… organismo publiko gisa laborari guzietaz behar dugu arduratu, ezin dugu haien artean segregaziorik egin”.
Hori da, gutti gora behera, estatu frantseseko laborantza ganbaren asanbladaren prediku ofiziala. 2016ko bukaeran, Auvergne Rhone Alpes Eskualdeko Laurent Wauquiez lehendakari bozkatu berriak erabaki du ordu arte Corabio elkarteari emaiten zen diru laguntza eskualde hartako laborantza ganbarari emaitea. Neurri horrekin betan, laborantza iraunkorraz arduratzen den Terre de Liens bezalako organismoari ere diru iturri guziak ezabatu ditu.
Dilema haundi baten aintzinean da laborantza biologikoa: merkatuaren zirkuito klasikoan integratuz, ez ote du bere arima galtzeko arriskurik? Jadanik abiadura bikoitzeko sail biologoko bat marrazkitzen hasia da. Lehena, merkatu orokor sakratuaren logika bereganatu nahi du, bio normak ahalik eta gehien guttietsiz. Bigarrenak bere funtsezko oinarriak eta berezitasunak zaintzea erabaki du, kontsumitzaileari xarta berriak aurkeztuz, label edo sor marka zorrotzagoak bideratuz. Azken hauen egiazko parioa da, puntaren puntan, kontsumitzaileek diferentzia egitea.