Piriniotan Lan eta Bizi programa Euskal Herri mailan diren desorekei eta hauek murrizteko beharrei erantzuteko sortu zuen Udalbiltzak. Orotara 203.000 euroko diru laguntza eman zen 2014 eta 2015 urteetan baldintzak betetzen zituzten 43 proiekturi. Urriaren 5 eta 6 an « Piriniotan posible delako » jardunaldian, Iratiko Etxoletako Bilkürentako gelan programaren bilana eginen da eta geroari buruz eramaiten ahalko diren ekintzak erakunde eta hautetsiekin gogoetatuko dira. Jarraian, Udalbiltzak Enbata.Info-ren hainbat galderei zehaztapenak ekartzen ditu.
Zertako eta nola sortu zen Udalbiltzaren « Pirinioetan lan & bizi » egitasmoa ?
Udalbiltza Partzuergoak bere sorreratik arreta handia jarri izan dio Euskal Herri mailan dauden desorekei eta hauek murrizteko beharrei.
Horregatik Euskal Pirinioetan Lan eta Bizi Udalbiltza Partzuergoak 2002 urtean abian jarri zuen programa izan zen. Espainiako epaileek Udalbiltza legez kanpo uzteko saioak porrot egin eta gero, berriro heldu zitzaion gaiari eta testuinguru honetan 2013. urtean Udalbiltza Partzuergoak ondorengo helburuak
gauzatzeko abian jarri zuen aipaturiko programa:
- Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen lagundu.
- Nazio eraikuntzarako beharrezkoak diren egitura eraginkorrak sortzen hasi.
- Ariketa praktikoak eta ekimen zehatzak abian jarri.
Zergatik Pirinioetan?
Gaindegiaren laguntzarekin, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak euskal geografia sozio-ekonomikoa aztertu zuen, Euskal Herriko Pirinio aldeko lurraldea: mendi aldeko udalerrien problematiken erakusgarri azterketaren bidez. Ondorio interesgarriak jarri zituen azterketa horrek mahai gainean. Ondorio nagusia ondorengoa izan zen: gaur gaurkoz, aldagai geografiko, orografiko eta sozio-ekonomikoak kontuan hartuz Euskal Pirinioa da, bere kokapen eta egoeragatik, gabeziarik handienak bizi dituen lurraldea. Pirinioetan aurkitzen dira egoerarik larrienean dauden herri eta bailarak. Hori ikusita, eskualde hori sustatzeko ekimena abian jarri zen.
Guztira 203.000 euroko diru laguntza eman zen hainbat proiektuetarako. Orotara, 43 proiektu aukeratu ziren eta laguntza jaso zuten.
Zer ondorio zehatz ukan ditu?
Lehenik eta behin esan behar da jarduera ekonomiko berriak sustatzeko balio izan duela. Bestetik, eskualdeko eragileen arteko saretzea bilatu izan du, jakinik ekonomia indartzeko eta ekimenak sustatzeko elkarren arteko sinergiak sortzea dela trena egokienetarikoa. Eta azkenik, egitasmo sozialak bultzatzeko xedea zuen.
Lehen aipatu bezala, 42 proiektu lagundu dira eta emaitza ezin hobeak izan ditu
Zer da aste honetan eginen duzuen jardunaldien xedea?
“Pirinioetan posible delako” jardunladiek, urriaren 5 eta 6an, programa oso honen bilana egun nahi dute. Emandako laguntzen eraginkortasuna nolakoa izan den, zein mailan lagundu duten, proiektuek zein egonkortasun maila lortu duten.
Eta hori guztia, onuradunekin egin nahi dugu, laguntza jaso zuten pertsona zuzenekin. Baina baita ere, eskualdeko eragile eta erakundeetako ordezkariekin. Horiekin guztiekin gogoetak, iritziak, ideiak eta balizko ekimenen aukera partekatu nahi ditugu, saretzeak hori ahalbidetzen duelako, denon artean aurrera begira jartzea oinarri sendoekin.
Hori guztia bi egunez egingo dugu Iratiko etxoletan, aste honetako ostegun eta ostiralean.
Geroari buruz zer xede du Udalbiltzak EH mailan diren desorekei aurre egiteko?
Udalbiltzak une honetan Xiberoa Garatzen ekimenak eman zuen diru baliabiderik ez du. Baina argi dio lurralde kohesioa eta gure herriaren garapen sozioekonomikoan sakondu nahi badugu lan itzela dugula aurretik. Beraz, denon artean partekatu beharreko gaia da etorkizunekoa. Euskal Herrian badaude lurralde desoreka handiak. Horiek zaintzen ez baditugu, eta ikusita erakundeek nola lan egiten duten, bakoitza bere eremura begira soilik, Udalbiltzak hori guztia bere neurrian jartzen ez badu, azterketa partekatu zorrotza egiten ez bada, Euskal Herri herren bat izango dugu, edota Euskal Herri gaixo bat, lehenbailehen botika behar duena okerrera egin ez dezan.
PIRINIOETAN POSIBLE DELAKO
jardunaldiak
Noiz: 2017ko urriaren 5ean eta 6an.
Non: Iratiko Etxoletako Bilkürentako gelan
Urriak 5
9:30 Harrera.
10:00 Jardunaldiaren hasiera, ongi etorria
Luis Intxauspe, Udalbiltza Partzuergoaren lehendakaria.
Kattalin Sainte-Marie, “Euskal Herriko Pirinio aldeko lurraldea: mendi aldeko udalerrien problematiken erakusgarri. Kokapena eta ondorioak” ikerketaren egilea
Maite Iturre, Baztango hautetsia, Udalbiltzako kidea eta Cedernako lehendakaria.
Pirinioak lan eta bizi egitasmoa kokapena eta balorazioa.
11:00 Esperientzien berri, testigantzak
Eskutik, Auritzberri, Nafarroa.
Labore, kontsumo kooperatiba.
12:00 Atsedena eta mokadua
13:00 Esperientzien berri testigantzekin jarraitu
Irati 4 bailara, basoaren bihotza.
Belaun eta Aldudeko ibarra.
Lurzaindia.
Elkarrizketarako tartea
15:00 Lehen egunaren bukaera
Urriak 6
9:30 Harrera
10:00 Eztabaida eta hausnarketa: Piriniotan posible delako
12:00 Atsedena eta mokadua
13:00 Mahai ingurua Eta orain zer ? Ondorioak eta aurrera begirakoak.
Zonaldeko hautetsiak:
Gustavo Goiena, Zaraitzuko Batzrdeko lehendakaria.
Jojo Goiheneix, Lekunberriko auzapeza eta Xiberoko Mendi Sindikatuen Elkarteko ordezkaria
Maite Goihenetxe, Biharko lurraren elkartea (BLE).
Imanol Esnaola, Gaindegiako zuzendaria.
Haizea Isasa, Udalbiltzako kidea.
15:00 Jardunaldiaren bukaera