Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Espainiako konstituzioak garbi dio Espainia “zatiezina” dela. Hori da Espainiaren zutabe nagusia. Hori gabe, gainbehera eror liteke. Horregatik, Espainiak ez du nehoiz onartuko, bere konstituzioaren atal hori aldatzea. Ez da, beraz, sekula posible izanen Espainiarekin adostea independentziari buruzko erreferendumik, erreferenduma egitea bera “zatiezintasun” hori dudan jartzea bailitzateke.
Espainia eraiki zen konkista bidez, besteak beste Katalunia eta Euskal Herria bereganatuz eta mendez mende kolonizatuz. Armekin eta bortizki, bistan da. Zuzen-kontra okupatzen dituen lur horiek aise gal litzake, konstituzioaren artikulu hori gabe. Soka gisa erabiltzen du bere legea. Baina eztabaida juridikoak balio guti du Kataluniako auzian. Hasteko, arazoa ez baita juridikoa, baizik eta politikoa.
Espainolek beti jartzen dute legea mahai gainean, eztabaida politikotik ihes egiteko. Bistan da, beren legea. Lege horrek ez du baliorik Katalunian eta Euskal Herrian, bi herri horiek menean atxikitzea duelako helburu. Kataluniak eta Euskal Herriak ez dute konstituziorik, estatua bahitu zietelako aspaldi. Konstituzioa balute, hain segur, konstituzio horrek aldarrikatuko luke Katalunia eta Euskal Herria herri askeak direla eta ez dagoela beste estaturik haien gainetik jar litekeenik. Ez Frantziak, ez Espainiak ez beste estatu bakar batek ere ez luke onartuko ondoko herriaren armada bere lurretan sartzerik.
Herriek berez dute aske izateko eskubidea. Haatik, independentziaren aldeko erreferenduma egin baledi askatasuna eta herri izaera ukatzen dizkion estatuaren legediaren arabera, erreferendum hori ez litzateke askea. Ez litzateke askea, estatu horren okupazioak mendeetan zehar izan duen eraginak, memento honetako administrazioak, poliziak, armadak, hedabideek, propagandak, laguntza sozialen antolaketak eta abarrek emaitza faltsutuko luketelako. Hots, ez litzateke demokratikoa. Ez da aski bozkatzea, demokrazia bermatzeko. “Pertsona bat=berdin bozka bat” ez da gauza bera herri aske batean edo herri zapaldu batean. “Herriaz” aritu beharrean “gizarteaz” ari bagara, hala nola norbanakoen borondateen batuketa batez, ez kontuan hartuz zapaltzaileak daukan eragina norbanako horien kontzientzian eta herriko demografian, ez gaude prozesu askatzaile batean.
Kataluniaren indarra da azken hamarkadetan, isil-isila eta apaltasunez, estatu bat eraikitzen aritu direla. Mentalki deskolonizatu direla. Oharkabean, hizkuntza politika sendo bat altxatu dute, komunikabide sisteman aitzinatuak dira, hezkuntzan berdin… Estatu logika batekin funtzionatzen duen herria da, nahiz eta oraino independentziarik ez duen. Egia da azken hamar urteetan Espainiako Gobernuak eta auzitegiek katalanen borondateari erakutsi dioten mespretxuak eragin duela independentismoa ikaragarri haztea. Lehenago ez zen hainbesteko indarrik independentziaren alde. Baina katalanek azpiko lan sakon hori ez balute egin, independentismoa ez zen hain aise loratuko.
Horregatik, lehenik lan egin behar da estatuek lotzen gaituzten soketatik libratzeko, korapiloak banaka-banaka askatzeko. Askatasuna ezinbesteko baldintza baita demokrazia lortzeko. Herri batean, zenbat eta pertsona, talde, elkarte, enpresa edo erakunde aske gehiago izan, orduan eta indar handiagoa dago independentziara buruz bidea egiteko. Aske izatea da Espainiaren eta Frantziaren logikatik urruntzea, haien propagandari kasurik ez egitea, euskaraz bizitzea, herriaren batasunetik aritzea, gure sistema ekonomikoa sendotzea… Eta ahalkerik gabe, gehiengoak pentsa lezakeenaren kezkarik gabe.