Inkesta soziolinguiztikek diote euskal hiztunen kopurua goitituz ari dela. Euskararen erabilpena haatik ez da biziki hazten, guziz gizarte harremanetan eta eguneroko harathonatetan. Euskararen erabilpena bultzatzeko sortzen ari diren hainbat herri ekimen direla medio jarraian ikusiko dugu euskararentzat zertako apartekoa izanen den 2018 urtea.
Iparraldeko hiru herri nagusietan BAM! izeneko ekimena abiatzekotan zen momentuan, Bilbon usaiaz kanpoko prentsaurreko baten bitartez, Euskaraldia ekimena aurkeztua izan da azaroaren 23an. Alabainan lehen aldikotz euskal lurraldeetan hizkuntza politika publikoaren ardura duten erakundeetako ordezkariak eta euskalgintzako herri mugimenduenak elkarren ondoan agertu baitira. Azken Korrikan Santiago zubian elkarrekin lasterka egin bazuten, aldi honetan ekimen indartsua aurkezteko bildu dira: urte baten buruan, hots 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez Euskal Herri osoko herritarrei hizkuntza ohiturak aldatzeko gomita luzatu diete. Erronka handia, desafio ausarta.
Esperientzien orokortzearen beharra
Ekimena ez da hutsetik abiatzen. Azken urte hauetan probintzi desberdinetako hainbat herritan erabilpena sustatzeko antzeko esperientziak eginak izan dira, azkena Baiona, Angelu eta Biarritzen berrikitan.
Kezka nagusi bati erantzuten diote herri dinamika horiek.
Hots inkesta soziolinguistikoek hiztun kopurua goiti doala frogatzen badute ere, erabilpen soziala maila apal batean blokaturik gelditzen da, ez bada zenbaitetan beheititzen ere.
Euskararen aldeko iritziak baikorrak izanik ere, jendearen atxikimendua zabala eta dakitenen proportzioa handia izanik ere, inertzia sozialak erdararen alde jokatzen du.
Hizkuntza ohiturak pertsonalak bezain kolektiboak dira eta familian, lagunartean, lantokian, komertzioetan edo beste edozein arlotan, behin finkatu ondoren, ez dira errexki aldatzen. Herrietako esperientzia horiek emaitza positiboak izan dituzte, zenbait egunez modu boluntaristan lorturiko erabilpen maila ez baita abiapuntura itzuli, ekimena bukatzean gibelera egin badu ere.
Topaguneak, euskara herri elkarteak biltzen dituen federazioak esperientzia horiek bildu, aztertu, modelizatu eta Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailarekin batera orokortzea proposatu du. Geroztik euskalgintzako eragile nagusiek egitasmoari sostengu aktiboa adierazi diote.
Aspaldikoak dira euskararen erabilpena sustatzeko ekintzak, izan herri mugimenduen eskutik nahiz instituzioen aldetik, eta begi bistakoa da hainbat alorretan emaitzak lortu dituztela.
Euskaraldiaren berezitasuna dimentsio psiko-soziologikoan zentratzea da. Euskaldun orok, izan zaharra ala berria, osoa ala ez, bizitzen dugun stress linguistikoa du abiapuntua, hizkuntza ohiturak aldatzeko gainditu behar dena hain zuzen. Erran nahi baitu ingurune ezagunetik kanpo euskaraz noiz egin, norekin egin, zein erreakzio sortuko duen sekulan ez jakitea. Euskal Herrian toki, egoera eta momentu gehienetan erdaraz aritzeak “norma” izaten segitzen du.
Euskaraz aritzea aldiz norma honetatik aldentzea da, norma berri bat sortzeko. Euskaraldiak helburu zehatza du beraz : euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz aritzeko ulertzen duten herritar guztiekin.
Horretarako euskararen alde diren guztiak, izan euskaldun ala erdaldun, mobilizatu nahi ditu, rol zehatza duten bi figurak identifikatuz.
Ahobizi : “Ulertzen duenari euskaraz egiten diot, hark erdaraz erantzun arren. Eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten diet”.
Belarriprest : “Egidazu euskaraz; nik erdaraz zein euskaraz erantzunen dizut”.
Euskal Herrian
toki, egoera eta momentu gehienetan
erdaraz aritzeak
“norma” izaten segitzen du.
Euskaraz aritzea aldiz
norma honetatik aldentzea da,
norma berri bat sortzeko.
Aldekotasunetik pratikara
Instituzio eta herri mugimenduen arteko elkarlanean oinarriturik, eta hori ekimenaren berritasun handia da, epe luzeko dinamika baten abiapuntua izan nahi du ekimenak, 2019an bere garapena izanen duena. Alabaina, pertsonen eta entitateen erantzukizuna partekatua dela aitortzen du.
Pertsonen urratsak bezain inportantak, entitate desberdinek (instituzioa, lantegi, komertzio, batasun edo elkarteak) hartuko dituzten euskaraz lasai eta naturalki aritzeko neurriak izanen dira. Ez da euskararen berreskurapena xirmi xarmaz konponduko duen mago ziria baina aldekotasuna praktika bihurtu nahi du.
Euskaldunak ahalduntzea nahi du eta hizkuntza komunitatearen ikusgarritasuna indartu edo hobeki erran, entzungarritasuna. 1999/2000garren urteetan Bai Euskarari ekimenak izan zuen dimentsio eta anbizioarekin konpara daiteke Euskaraldia.
Geroak erranen du zer arrakasta bilduko duen bainan urtarriletik bertatik abiatuko da, herriz herri bilguneak sortuz, tokiko euskaltzaleak aktibatuz, ingurune sozial berriak euskararen erabilpenerako antolatuz. Iparraldean BAM!-eko esperientziatik ikasitakoa abiapuntu aberatsa izanen da dinamika hedatzeko. Babesa ekarri dion Euskal Elkargoak bere hizkuntza politika propioa udaberrian definituko duela kontutan harturik eta EEP-k bere aldetik instituzio guztien arteko hizkuntza politika berritu eta hobeki uztartzea helburu hurbila duenez, argi da euskararentzat apartekoa izanen dela 2018ko urtea.