Zein da herrialde guttituek burujabetasuna lortzeko estrategia politikorik errentagarriena: independentzia aldarrikatzea ala erabakitzeko eskubidea eskatzea? Hara auzi honetan, bigarren hautuaren lehenestearen zonbait arrazoin.
Kronika hau idazterakoan inspirazioak harat hunaten potentzialtasunaren gainbeherak aldi huntan beste kronika egile batzuren ganat eramanen nau. Alabainan duela gutti euskal kazetari eta sindikalgintza munduko bi kronikagileen burutazioek aski inspiratu nautenez, iritzi hauek ditut zuekin partekatuko.
90 hamarkadan jadanik intelektual batzu hasi ziren “burujabetza edo lurraldetasun” konzeptuak sakontzen, ainitzetan ezkerreko mundu euskaltzale/abertzalean isladatzen ziren intelektual edo analista horiek. Aski fite ildo abertzale politikoan kokatzen ziren hainbatek beretu zituzten bi konzeptu horiek, izan EAJ edo ezker abertzale ildokoak. Bi konzeptu horiek ezaugarri nagusi baten inguruan oinarritzen dira. Gutti gorabehera español (edo frantses) estado formaren mimetismo bati obeditzen dute.
Ramon Zallok duela gutti berriz bereganatzen zuen kronika batean ideia berdinaren bandera hori “erabakitze eskubidearen pertinantzia politikoa” titulupean. Laburbiltzen zuen gauregungo Gasteizko parlamentuko ordezkari politikoen indar korrelazioa ikusita hiru alderdi (EAJ, EH Bildu eta Podemos) % 76a erabakitze eskubide horren aldekoak direla. Bere ustetan erabakitze eskubidea konzeptu autokonstituientea da, ez da soilik elite batek bereganatutakoa eta legezkoa den instituzio politiko batek aldarrikatuz gero, juridikoki segurua eta ataka ezina bilaka daiteke… Zalloren ustez erabakitzen eskubidea forma instituzional batean aldarrikaturik bada, printzipio demokratiko hutsa eta herrikoia bilaka daiteke Europari eta ONUri begira adibidez.
Borroka politiko berritua
Beti Ramon Zalloren ustetan erabakitze eskubidearen aldarrikatzeak baditu abantaila edo potentzial haundiak, independentzia edo autodeterminazio aldarrikatzeak baino askoz haundiagoak gainera. Posizio politiko konkretuagoa, hurbilagoa, praktikoagoa, baketsuagoa eta konzentizaleagoa da.
Ondorioz ahalmen politiko haundiagoa dauka eta errextu lezake indar politiko ezberdinen arteko programa minimo bat, epe labur eta ertainean dinamika eta ilusio berriak sortuz, nahizta helburua oso (gehiegi?) pragmatikoa izan.
Ikuspegi berdinetik, eskubideak ez dira sekulan zerutik erortzen, ez ditu nehork oparitzen eta soilik epe luzerako indar ttipiez eta prozesu konkretu eta “minimalistak” idekiz dira eragile ainitzak eta desberdinduak batuz lortzen. Ondorioztatzen ahal ditaike beraz perspektiba hori ipar orratz emanez borroka politiko berritu bat aktibatzen dela zointan instituzio legezko batek eragindako bide orria “podere herrikoi estrategia” bat bilakatzen den. Zentzu hortarik erabat iraultzailea ere bilaka daiteke, funtsean kontrapodere ere bilakatuz, ordezkaritza sistema demokratikoa ere nolabait gaindituz.
Ramon Zalloren ustetan
erabakitze eskubidearen aldarrikatzeak
baditu abantaila edo potentzial haundiak,
independentzia edo autodeterminazio aldarrikatzeak
baino askoz haundiagoak.
Indarren batzearen premia
Hau guzia erranik, Ramon Zallo eta ELA sindikatuko Xabier Anza bat datoz azpimarratzeko Gasteizko parlamentuko indar korrelazio hori aktibatuz ere, ez litaikela aski estadoa(k) mugiarazteko.
Anza-ren iduriko ez da aukerarik Catalunya edo Euskal Herria eta Espainiaren artean elkarrizketa bilateral bat bideratzeko, fede onez eta parekotasun osoan oinarriturik. Espainiak bere burua azkar eta gaindiezin dauka. Bere lurralde osoaren batasuna inposatzeko gai da, nahiz ta bere “barneko” nazio batek milioika herritar mobilizatu bestelako estatus politiko baten alde. Gogortasun politiko hortarik ondorioztatu daiteke erabakitze eskubidearen lortze bide luze hortan ttanttoak eskuratzekotan gauregun Catalunyan edo Euskal Herrian lortu den indar metaketa ainitzez haundiagoa eta zabalagoa, kasik monumentala lortu behar litaikela.
Zallo eta Anzak zehaztasun haundirekin bururatzen dute aholkatuz erabakitze eskubidearen bandera politiko gisa aldarrikatzekotan “indar akumulazio monumental” bat lortuz soilik dela estadoarekiko konfrontazio tresna eraginkor bilakatzen hasiko.
Biek azpimarratzen dute konfigurazio hortan Podemosek daukan zeregina, Catalunyan eta Euskal Herrian bidelagun rola baitezpadakoa izan behar luke.
Bide hortan beren burua “español” daukaten beste eragile politiko batzu ere (PSOE?) aglutinatu behar litaizke goiz edo berant.
Katalan proces delakoak ez du Catalunyaren independentzia lortuko. Bainan beste helburu bat lortu lezake hala ta guziz ere. Espainia mailako prozesu konstituzio egile bat aktiba lezake agian zointan “erabakitze eskubidea” bilaka daitekeen aldarrikapen taktiko bat Espainiaren berezko aldaketa edo egokitze bide orri batean adostua. Gisa hortan Catalunya eta Euskal Herritik bermoldatu daiteke Espainia.