«Giza katean denok dugu lekua, piztuta dauden aldarri guztien muinean hori baitago, erabakimena» dio Gure Esku Dago mugimenduaren bozeramaileetariko bat den eta ekainaren 10eko giza katera begira lanez lepo dabilen Jone Amonarriz-ek Tolosaldeko Intereneteko atarian. Gure Esku Dago euskal herritarrak Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzeko arloan aktibatze lanetan ari den dinamikako Zelai Nikolas kidearekin Enbata.Info-k egin elkarrizketa eta gero, hara hemen GED-en Giza Katearen berri eta datozen erronken hobeki ezagutzeko parada berri bat.
Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katearen atarian gaude. Zergatik aukeratu dituzue hiriburuak?
Aurtengo mobilizazioa diseinatzen hasi ginenean bi helburu nagusi genituen; herritarrok gure erabakiguneekin bat egitea eta jende gehien bizi diren eremuetara ere iristea. Bi helburu betetzen dituen ibilbidea diseinatu dugu eta EAEko erabakigunea jarri genuen bukaerako gune bezala. Hasiera batean helburua zen ekimen berezia hiru erabakiguneetan egitea, baina Gure Esku Dago behetik gorako dinamika bat da eta tokian toki hartutako erabakietatik dator giza katearen ibilbidearen eta bukaerako gunearen aukeraketa. Dena den, giza katea pasatzen ez den gainerako lurraldeetako kideek ere parte hartuko dute, giza katea ekimen nazionala da eta euskal herritar guztien parte hartzea bilatzen du, horregatik bereziki egiten diegu dei giza katea pasako ez den herrietako herritarrei ere, mugarri bat jartzera goazelako eta mugarri horrek, nolabait, epe luzeagoan edo laburragoan bere fruituak emango dituelako gainerako lekuetan ere. Mobilizazioa Legebiltzarrean bukatuko da, baina igandea izanda itxita egongo da, beraz, segur aski hurrengo astean entregatuko dugu Herritarron Ituna Gasteizko Legebiltzarrean eta baita Nafarroako Parlamentuan eta Ipar Euskal Herrian ere, bertan ere bagabiltza eta gainerako eragileekin lanketa hori egiten ari gara.
2019. urtea mugarri dela diozue, zergatik?
Hainbat arrazoirengatik diogu ziklo berri bat irekiko dela 2019an. Gaur gaurkoz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan martxan da erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida politikoa eta giza kateak badu bere helburuen artean herritarrok adieraztea benetan zein garrantzia ematen diogun erabakitzeko eskubideari. 2019ari begira gure helburua da erabakitzeko eskubidearen aldeko herri itun bat sustatzea. Hori ezin du GEDk bakarrik egin, baina sustatu dezake, adostasun horiek emateko pausoak ematen lagundu dezake. Herri itun hori Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta bestelako guztiak elkartuta egingo da, adostasunak bilduz; erabakitzeko eskubidea noiz, nola eta zeren inguruan erabakiko eta gauzatuko dugun adosteko unea izango da. Herritarron Ituna horixe da, herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan emandako 2.019 arrazoiak. Gertu gabiltza, 2.000tik oso gertu gaude jada.
2019an ziklo bat itxiko dela diozue, eta zer gertatuko da Gure Esku Dagorekin?
Gure Esku Dagok bost urteko ibilbidea borobildu nahi du, baina horrek ez du esan nahi Gure Esku Dago desagertuko denik, hori aurrerago erabakiko da bazkideen batzar nagusi batean edo dena delakoan. Egia da 2018a eta gero Gure Esku Dagoren papera birplanteatzea tokatuko dela, izan ere, kontuan hartu behar da hauteskunde ziklo batean sartuko garela eta Gure Esku Dagorentzat hori ez dela testuingururik egokiena aurrera egiteko. Hausnarketa fase bat irekiko dugu tarte horretan, eta bitartean abenduko Donostiako eta Irungo galdeketak izango dira. Aurreikusita dago ere 2018 bukaeran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan galdeketen ildoari amaiera ematea, eta espero dugu giza kateak ere horretan lagunduko duela.
Eta ekainaren 11n zer?
Bakoitzari egokituko zaio hausnartzea zer egitera iritsi garen, espero dugu irakinaldi bat izango dela eta giza katean lehertuko dela. Eta hortik aurrera zer egin erabaki beharko dugu. Mobilizazio jendetsu bat eta gero garrantzitsua da hori horretan ez geratzea eta epe motzeko perspektiba batean pausoak ematen jarraitzea. Kataluniarrek askotan esan digute garrantzitsua dela herritarrek ikustea mobilizazioek eragin bat dutela jarritako helburuetan. Momentuz hori da itxaropena, hau da, herri bat garela erakustea tokatzen zaigu, eta egin genezakeela.
Elkarrizketa osoa ikusteko, klika hemen : https://ataria.eus/tolosaldea/1527847812337-giza-katean-denok-dugu-lekua-piztuta-dauden-aldarri-guztien-muinean-hori-baitago-erabakimena-gure-esku-dago-erabakitzeko-eskubidea