Zenbait hilabete barne Herriko etxeetako hauteskundeak izanen ditugu, heldu den martxoan. Beti danik boz hauek izan dira abertzaleentzat premia haundiena daukatenak. 2020ekoek garrantzi oraino haundiagoa izanen dute, herrietako kudeantza erreberritzearekin batera, Elkargoarena ere baldintzatuko baitute. Guziz, gobernuaren lege egitasmo batek Euskal Herri Elkargoaren desagerpena ekar bailezake.
2020eko martxoan herriko bozak izanen ditugu. Bistan denez, hitzordu elektoralei heltzeko orenean, duten garrantzia azpimarratzea jokabide ohikoa da. Baina kasu honetan, ez gaude “beste” herriko bozen hitzordu baten aitzinean.
Hortaz ohartzeko, lehenik eta behin, gibelera behako baten emateak balio digula iduritzen zait: “norat joan jakiteko, nundik jin jakin behar!”.
Izan ere, azken hauteskundeak iragan direnetik, hau da, 2014tik gaur arte, pausu deigarriak eman direla konstatatu behar dugu. Horien artean, konponbide prozesuaren garapena (armagabetzea, ETAren desagerpena,…), Herri Elkargoaren sortzea. Ibilbide horri begira, datu bat azpimarratu behar dugu : 2014ko herriko bozetatik atera zen Ipar Euskal Herriko hautetsien “tropa” ezberdina izan bazen, azken urteetan ezagutu ditugun pausu horietako batzuk agian ez ziren emanen, tartean, Herri Elkargoaren sortzearena.
2020eko martxoko herri bozek ez dute “beste (edozein)” hitzordu elektorala konfiguratzen, Iparraldearen ibilbide historikoaren momentu gako batean kokatzen direlako. Ondorio hori, aitzina begirako perspektibek baieztatzen dute ere, eta are gehiago indartzen. Alabaina, 2020eko herriko bozen garrantzia Herri-Elkargoaren martxan jartzearen sekuentziaren baitan finkatu behar da.
Eta jakina denez, Herri Elkargoaren instantziak herriko-etxeetako hauteskundeetatik aterako den hautetsi multzo berrituaren arabera eratuko dira.
Elkargoaren egonkortasuna jokoan
Abertzale bezala, Herri Elkargoa baino urrunago doan instituzio bat nahi genuke Iparraldean: Lurralde Kolektibitatea, eta haratago, autonomia estatus bat…
Baina, gaur gaurkotz, Herri Elkargoa bera ez dela oraindik egonkortua onartu behar dugu. Egonkortasun arazo hori aztertzeko, bi faktore kondutan hartu behar dira.
Lehen faktorea, faktore kointurala. Uztailean, gobernuak lege proiektu berri bat ofizializatu du (“engagement et proximité” legea). Lege berri honen arabera, herri bakar batek bere burua herri elkargo batetik ateratzeko erreztasun berriak edukiko ditu. Horrekin batera, herri elkargo handietan dimentsio ttipiagoko herri-elkargoak sortzeko posibilitate berriak egonen dira. Denen bistakoa da neurri berri horiek Iparraldeko lurraldetasunaren aitortzaren egonkortzeari begira sortzen duten lanjerra. Honen aitzinean herriko boza batzuen erronkak gogoetatzeko parametroak aldatzen dira. Adibide konkretu bat emateagatik : Donapaule batean, aipatu testuiguruan, Barthélémy Aguerre bat auzapeza bilakatzeak suposa ditzakeen ondorioak ez lirateke soilik Amikuze mailakoak…
Bigarren faktorea egiturazko faktorea da. Udaberrian, 120 auzapezek interpelazio gutun bat izenpetu dute Herri Elkargoan ibilmolde dezentralizatuago bat indarrean jarri dadin eskatzeko. Uztailaren 20an, Herri Elkargoaren biltzarrak gobernantzaren irizpide berriak lantzeko erabakia hartu du. Hor askatzeko errexa ez den korapilo bat daukagu. Lehen aldiz, Herri Elkargoarekin Iparralde mailako politikak gauzatzeko posibilitatea dugu. Baina zentralizazio joerak saihestu behar ditugu, ahalik eta dezentralizatua den ibilmolde bat praktikan jarriz.
Hirigune eta baserri eremuen arteko osagarritasunaren premia
Korapilo hori ez badugu askatzen, Herri Elkargoarekiko desatxikimendu sentimendu bat errotu daiteke, eta horren haritik Iparralde mailako instituzio indartsuen kontrako aurreiritzi bat… Beraz, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaren dinamikari begira arazo nagusi bat dugu hor, funtsezko problema batek ezaugarritzen duena: hirigune eta baserri eremuen arteko osagarritasuna. Gauden mundu globalizatuan, metropolizazio fenomenoa ikaragarri indartsua da, eta gustatzen ez bazaigu ere, hiriguneak ditu gure jendarteen taupadak markatzen arlo gehienetan: ekonomian, arlo sozialean, kulturalean etab…
Hirigune eta baserri eremuen arteko egiazko osagarritasuna ongi ahokatzea asmatu duten leku ainitz dauden ez dakit… Baina guk Iparraldean lortu behar dugu. Eta hori lortzeko hautetsi abertzaleak gakoak dira, abertzaletasuna baita Ipar Euskal Herriko lurralde osoari begira proiektu bat duen sentsibilitate bakarra.
Horrezgain, paradoxola badirudi ere, gure ahulezietako bat Herri Elkargoan indargunea da: abertzaleak barnekaldean eta herri ttipietan gara hobekienik errotuak, eta hain zuzen ere, barnekaldeak eta herri ttipiek sekulako pisua dute Herri Elkargoaren biltzar orokorrean.
Abertzaleak barnekaldean eta herri ttipietan gara hobekienik errotuak,
eta hain zuzen ere, barnekaldeak eta herri ttipiek
sekulako pisua dute
Herri Elkargoaren biltzar orokorrean.
Beraz, bai ikuspegi politikoaren aldetik, eta bai gure eragiletza efektiboarengatik, Iparraldearen traiektorio instituzionala norabidetzeko aukera erreala dugu. Iparraldearen Historiarentzat ondoko urteak ikaragarri inportanteak izanen direnez, gure erantzunkizuna da aukera horri heltzea eta ongi jorratzea!