Uda bukatzerat doala eta udatiarrak etxerat itzultzen ari direla, memento aproposa oporren iragaiteko moldeaz bi gogoeta egiteko. Zergatik jendea, bederen ahal duena, are ta toki urrunagoetara bidaiatzen da? Zergatik milaka kilometro egin urtero gauza berdintsuak ikusteko?
Ainitzetan nere buruari galdera hau pausatu izan dut “Nundik heldu zaigu beti ta urrunago bidaiatzearen behar gorri hori?” Alabainan bizi gira urruna edo urrutia beti ta hurbilago eta batzutan hurbila beti ta urrunago den jendarte batean, nun mugak apurtzeko baliabideak arras arruntak bilakatu diren.
Oportunitateak badira espazio berriak deskubritzeko, gisa hortan baigira omen osoki kunplitzen jendartiar moderno gisa. Gauregungo funtsezko ideal sakonetarik bat litaikelarik “Ahal dut joan nahi dutan lekurat, nahi dutalarik.”
Orain aski normala da edo modan da, oporrak ez 70. hamarkadan bezala hartzea, nun urtero kasik joaiten zen kanpin berdinerat, pertsona berdinak kurutzatzeko, jada ezagutzen zen leku batean, nun kasik lekukotzat hartua izaiten ahal zen.
Ez, gauregungo ideologia dominantean, lehenetsia den opor bidaia da: ehunka edo milaka kilometro bide egitea, behin ta berriz leku ezberdinetarat hurbilduz. Urrunago eta hobekiago.
Imaginarioaren konkretizazioa
Eta paso eta bost axola puntaren puntan leku ezberdin horien arteko desberdintasunak aski ttipiak badira ere, hautatu hoteleko ganbara denetan berdintsua bada ere. Oportunitate berri horiek guziak, urruneko bidaiak baitezpada burutzearen behar gorri horiek joko mediatikoak eta egunero metatzen ditugun irudiek bikoiztu egiten dituzte, gomendatuz behin ta berriz munduko leku berri bat ezagutzea baitezpada.
Kasik erran daiteke ere gauregun bidaiak parte batean etxetik mugitzen hasi aintzin ere eginak direla bideoz, gomendatu lekurat joan aintzin. Bidaiatzea bilakatua da, jada irudien bidez bizitako imaginario baten konkretizazioa. Bidaia ez da gehiago deskubritze abenturatzale bat bainan ainitzetan soilik inzitazio bat irudi ederrak konkretizatzeko. Jakinik ere, bidaiatik itzuli aintzin ahalko dela sare numerikoen bidez erakutsi argazki pollitenak, jakinarazteko eta azpimarratzeko hurbileko guzieri “Egin dut, han nintzen”. Etengabeko bidaiatze gomendio horiek leku bat hartzen dute Sistema globalago batean, nun mugikortasuna norma bilakatzen. Norma horrek aholkatzen dauku ere mugikortasun orokor horren izenean, babesean kasik, lanez, egoitzaz edo lagunez ahal dela aldatu, telefono operadorez bezain errexki kasik.
Hau guzia logika global baten epifenomeno bat baizik ez da ororen buru: leku berean sustraitzea ez da norma kasik. Aski da baizik konbentzitua izaiteko, jendeen erreakzioa entzutea erraitean edo aitortzean ez girela oporretarat joaiten, azpimarratzen bazaie ere “hemen berean” alta aktibitate interesgarriak badirela metaka.
Denetarat joaitearen ideia horiek, denetarat mugitzearen enbeia horiek eta bakotxak mugikortasun dosia bat frogatzearenak, erdiz erdi bat egiten dute gauregun aski barna sustraitua den ideologia batekin. Oporretan ere aktiboak eta erreaktiboak izan behar dugu, eta kitto! Oporrak ez dira izan behar sustut “gelditzen naiz, ez naiz mugitzen edo etxen egoiten naiz” momentu bat. Oporrak ez badira baliatzen urrun mugitzeko eta “aktiboa” izaiteko, huts eginak dira, ez dira egiazko oporrak. Beraz bidaia eta hobe bidaia luzea bilakatzen da etengabeko mugikortasun galde horri erantzun bat. Erantzun ikusgarria eta irudien bidez frogatua.
Bururat jiten ahal zaukun galdera alabainan hauxe da: “Hau guzia sortu ahal da neoliberalismoarekin?”
Urruneko bidaiak baitezpada burutzearen
behar gorri horiek joko mediatikoak
eta egunero metatzen ditugun irudiek
bikoiztu egiten dituzte,
gomendatuz behin ta berriz
munduko leku berri bat ezagutzea baitezpada.
Indibidualtasuna errege
Ainitz tronpatu gabe erran daiteke baduela alabainan ikusteko horrek guziak neoliberalismoarekin, bainan agian dena ez. Baluke ikusteko ere jendarteen indibidualizatzearekin. Prozesu horren arabera alabainan, norbanakoak geroz ta guttiago onartzen du “taldeak edo kolektiboak” definitzea beretzat aintzinetik leku bat edo bizitzeko norma bat. Berak du erabaki behar, bere ahalen (usu ekonomikoak) arabera zer leku hartu, nehori deus galdegin gabe eta kundurik eman gabe. Erraiten baduzu “Nik maite dut ene sort herrian egoitea”, segidan susmagarri bilakatzen ahal da, pentsaraziz “hau nazionalista da, ez da munduari idekia” Alta begibixtakoa da ahal dela ukan bere baitan kosmopolitismo zerbait eta idekia izan beste kultureri, urruneko bidaiarik egin gabe edo etxen egonez. Adibide karikatural bat hartzen badugu : Club Med batean diren turistek azpimarra lezakete “Izan gira Senegalen”, alta ez dutelarik tutik ikusi herri edo erresuma hartaz. Ez da bidaia bat egin delako urrun mekanikoki sortu munduarekilako idekidura. Bainan hala ta guziz, normak balorizatuko du gehien “bidaiatu” duena. Agian eskema horiek itzulipurdikatzeko tenorea jina da funtsezko galdera ekologikoeri lotuta adibidez.