1997an Amikuzeko Zabalik elkarteak abiatu zuen abentura, eta aurten ere, urtero bezala, bere alea utziko dauku. Lau ostegun, lau hitzaldi, arratseko 8ak30etarik 11ak arte, beroan-bero, solasen luzatzeko tragoa eta bere bixkotxa barne. Euskaratik eta euskaraz bizitzeko nahikariak bultzaturik antolatua da hitzordua Donapaleuko Auzitegi karrikan den herri elkargoko gelan. Jarraian aurtengo programa.
2020ko Otsailaren 6a : Aljeriako gerla euskaldunen memorian – Hizlariak : Piarres AINTZIART, Xipri ARBELBIDE eta Jean Louis DAVANT.
« Gertakariak » eta ondotik « Baketze operazioak » deitu zena, egiaz gerla bat izan zen 1954tik 1962ra. Erraiten da 20000 euskaldun gazteek parte hartu dutela, 9 adin klasa, Aljeria urrunean, urte bat et’erditik 2 urte edo gehiagotarako, 105ek bizia han galduko zutelarik. Ondoko belaunaldiek ezagutu ditugu, beren gerlari ohi bilkuretan biltzen zirela, nehori aipatzen ahal ez zituztenak beren artean arrapasatzeko mementoak zituztelarik menturaz. Ezagutu ditugu ere, eta herri gehienetan izanen ziren, eriturik bizi zirenak, « bitzituak » erraiten zen ahapeka, aipatu gabe handik salbu itzuli izanagatik, hemengoarekin bukatzea hautatu dutenak ondotik. Gerla guziek, gerla denborakoetaz gainera, sekulako itsuskeriak gordetzen dituzte ondorioetan, irabazle ala galtzaile bezala ekarria izanik ere berdin. Zeren, irabazten den baino gehiago galtzen baita, jendetasuna lehenik, gaztetasuna segur !
Gerla horren hiru lekuko gomitatzen ditugu aurten : Piarres Aintziart, Xipri Arbelbide eta J Louis Davant. Hiruak ezagunak dira, besteak beste, beren lekukotza idatzietan emana baitute, gogoeten bidez, poesiaz edo bizitako-fikzionatuetan. Hiruek aitortzen dute, mina eztitzeko, beltzuria tripatik jaliarazteko dutela idatzi. Aldi huntan, ahoz ekarriko daukute beren lekukotza, eta lagunduko gaituzte Aljeriakoa bere historian kokatzera, kolonisaziotik askapen gerlaraino, eta beren bizipen eta pentsamendueri jarraikiz, estatu puxanten eta askapen prozesuen eginmoldeeri buruz gogoeta zonbaiten egitera.
2020ko Otsailaren 13a : Leiho hormatua ; sorginkeria prozesu bat Amikuzen 1370. urtean – Hizlaria: Ander BERROJALBIZ
Noizbait aipatu izan da sorginkeria prozesuak garaiko herri xehearen bizimoldea, sinesmenak, beldurrak etab. ezagutzeko leiho ezin hobeak direla. Hitzaldi honetan orain arte ia guziz ahantzia egon den leiho hormatu bat ezagutzera eman nahi dugu: 1370. urtean, Garrüzen, Ilharreko Pes de Goiti eta Condessa de Beheitiren aurka burutu sorginkeria epaiketaren parte diren bi dokumentu.
Prozesu hau, Euskal Herrian gorde den zaharrena izateaz gain, Europa mailan garrantzi handikoa da ere. Adibidez, animali itxura hartzeko ahalmena edukitzearen salaketa jasotzen duen, eta gorde den, lehen epaiketa da; baita Akelarre hitza sorginkeriari lotuta aipatzen duen lehen dokumentu historikoa ere, hurrengoa 1450. urtekoa delarik.
Ander BERROJALBIZ Durangoarra da. Hogei urte zituela, historiako ikasketak bere gisa utzi zituen musika ikasketetan sakontzeko. Gaur egun, antzinako musika jorratzen duen Khantoria taldeko biolin-jole eta sortzaileak Musikaren Historia irakasten du Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioan. Azken urteak Durangoko heresiaren eta Euskal Herriko sorginkeriaren historia ikertzen pasa ondoren, «Losherejes de Amboto. “Luteranos” enelaño 1500» (Pamiela, 2016) eta «Herejeen alaba» (Pamiela, 2017) liburuak argitaratu ditu, orain arte ezezagunak ziren zenbait iturri plazaratuz. Ikertzen ari zela, Garruzeko auziaren paperrak auzrkitu zituen, eta horien garrantzi historikoaz oharturik, ezagutzera eman nahi dauzkigu hitzaldi honekin.
2020ko Otsailaren 20a : Euskararen haurride, lehengusu eta askaziak – Hizlaria: Eñaut ETXAMENDI
Eñaut ETXAMENDI azken bi hamarkadetan, denbora osoz ari da gure hizkuntzaren barneak ikertzen, disekatzen, xardakatzen eta berriz eraikitzen. Ez du euskara hizkuntz isolatu gisa ikusten, eta metodo konparatiboa baliatuz, grekera zaharra eta latina ditu bidelagun, horiekin sanskritoa, rusoa eta Europa edo Ekialdeko hamarnaka hizkuntza ezagun eta ez hain ezagun.
Aski hedatua da jakintza ofizialen guneetan, euskarak ez duela deus ikustekorik bere inguru hurbileko hizkuntzekin, nolazbait zerutik jautsi meteorita bailitzan. Bizkitartean, populuen migrazioak begiratzen badira, bereziki glasazio handien garaieri buru egin izan genuenean eta ondotik nola Europa berriz populatzen den eremu bildu batetik abiatuz, ohartzen gira betidanik Euskal Herri eta Pirineoak Europako populuen bilgune, abiapuntu eta etengabeko pasaia gune izan direla. Populuen mugimenduek diotena, Eñaut ETXAMENDIk hizkuntzen konparaketan begiratzen du : urrunen diruditenak, uste baino hurbilekoago ditugu agian !
Zein diren linguisten egiteko moldeak, zein den berak erabiltzen duen lanmoldea eta nondik datorren metodo hori, nola lan egiten duen eta zein diren bere ondorioak, hona gure linguistari pasatu diogun komanda. Eta bidenabar, galdeginen diogu zein den beretako lan animale honen funtsa, interesa eta geroa, gurea bezalako hizkuntza indartsu baina mehatxatuarentzat…
2020ko Otsailaren 27an : Komunitatea hats-bahiturik ; euskal komunitateak zerendako sufritzen duen, lekuko bati esker, ulertzeko giltzak – Hizlaria : Ainize MADARIAGA
Zer da hizkuntza gizakiarendako? Komunikazio-tresna hutsa dea? Norberaren hizkuntza bortxaz erauzteak zer ekar liezaioke? Ondoriorik ote dakar? « Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak » liburua galdera horier arrapostu ematen entseatu da lekukotasun paradigmatiko bat ekarriz. Helduaroan hainbat zailtasun komunikatibok ekarri zuten lekuko hau psikoanalisiaren egiterat. Ikerketari esker, xeheki behatu ahal izan diogu pertsona horri zer ondorio ekarri dizkion; ttipitan, eskolan eta etxean, bere hizkuntza debekatu izanak. Gaia hunki duten aditu zenbaiten aipuak ere txertatu ditugu, bai ere terapeutaren eleak, hobeki ulertzeko gisan lekukoak pairatu nekeziak euskal komunitateak ere berdin bizitzen dituela, orain eta hemen. Azkenik, patologia sozial hori zerk senda lezakeen bilatzen entseatu da ikerketa, behin betiko erremedio sendagarririk ediren ez badu ere, egunerokoa arintzeko zenbait gako bederen.
Ainize MADARIAGA, Hoztako kazetaria gaur, soziologian eta antropologian diplomatua da. Ikerketa hunekin bati baino gehiagori barnea korapilatzen eta burua hazkatzen dien fenomenoa esplikatzera heltzen da.
Pourquoi certains articles ne sont-ils pas traduits en français ?