Herriak hizkuntza-politikak finkatzen eta garatzen laguntzea Euskal Elkargoaren zereginetariko bat da. Lurralde hizkuntzen promozioaren ardura instituzio maila guzien artean partekatua denez, Euskal Konfederazioak herriko bozen kanpaina baliatu nahi izan du euskara kanpainaren erdigunean kokatzeko eta herritarrek duten instituziorik hurbilena izanki euskararen garapenean herriek duten ardura eta rol estrategikoa oroitarazteko.Ekimen horrekin erakutsi da herri anitzetan euskararen aldeko neurriak hartzeko prest direla. Hiru galdera Euskal Konfederazioko Sébastien Castet-i.
Zer kanpaina mota eraman du Euskal Konfederazioak Herriko Etxeen eta Euskal Elkargo mailan euskararen aldeko neurrien hartzeko premia azpimarratzeko?
Euskal Elkargoak 2018an finkatu zuen bere hizkuntza-politika Euskara jalgi hadi plazara dokumentua elkargo kontseiluan bozkatuz. Bozkatu aitzin, euskalgintzako eragileekiko kontzertazio fasea iragan zen eta Euskal Konfederazioak ekarpenak egiteko parada baliatu zuen bere oharrak egin eta proiektua aberasteko.
Hizkuntza-politika horrek bi ardatz nagusi ditu: euskara Euskal Elkargoaren eskumeneko arlo eta zerbitzuetan sartzea alde batetik eta herriak beren hizkuntza-politikak finkatzen eta garatzen laguntzea bestetik.
Lurralde hizkuntzen promozioaren ardura instituzio maila guzien artean partekatua denez, herriko bozen kanpaina baliatu nahi izan dugu euskara kanpainaren erdigunean kokatzeko eta herritarrek duten instituziorik hurbilena izanki euskararen garapenean herriek duten ardura eta rol estrategikoa oroitarazteko.
Konkretuki, euskararen aldeko neurriak biltzen dituen Hizkuntza-eskubideak bermatzeko Protokoloa: garapena herriko etxeetan dokumentua egin genuen publiko otsailaren 6an. Izenak dioen bezala, neurri konkretuak hartuz euskal hiztunek dituzten hizkuntza-eskubideak berma ditzakete herriko etxeek. Bainan tresna kutxa honen aurkezpenaz gain, herriko bozetako hautagaiei hautatuak izanen ziren herrietan hizkuntza-politikak abiatzeko edo sakontzeko engaiamendua hartzea galdetu diegu bereziki.
Zein izan dira kanpaina horren ondorioak?
Gure ekimena arrakastatsua izan dela erran daiteke, engaiamendua publiko egin genuen egunetik herriko bozen lehen itzulira 33 herritako 60 zerrendek izenpetu baitute. Bestalde, hautagai batzuek jakinarazi digute ez zutela baitezpada egoki ikusten herriko bozak baino zenbait egun lehenago izenpetzea bainan ekimenarekin bat egiten zutela eta hautatuak izanez gero izenpetuko zutela. Hain zuzen, ekimena ez da herriko bozen kanpainarekin bukatzen eta auzapezak izendatuak eta herriko kontseiluak finkatuak izanen diren ondotik ere euskararen alde engaiatzeko gomita berriz luzatuko diegu.
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak hautagaiekiko eraman kanpaina honek zehazki zer ahalbidetukodu datozen 6 urteetan?
Herriak hizkuntza-politikak finkatzen eta garatzen laguntzea Euskal Elkargoaren zereginetariko bat da. Ekimen horrekin erakutsi nahi dugu herri anitzetan euskararen aldeko neurriak hartzeko prest direla. Herriko etxeen lan ildoa Euskal Konfederazioak zuen abiatu 2001ean eta lau urtez, langile bakar batekin, 42 herri engaiatu ziren euskararen aldeko neurriak hartzen proposatzen genuen hitzarmena izenpetuz. Lan ildoa 2005ean Euskararen Erakunde Publikoari utzi genionetik hamar bat herrik bakarrik dute hobekuntza kontratua izenpetu. Gure ustez erritmoa azkartu behar da eta gaur egungo baldintzak (lan ildoa Elkargoak hartu du bere gain, euskara teknikarien sare aberatsa du…) ezin hobeak dira herrietan dauden hizkuntza-politiketan urrunago joateko edo politika berezirik abiatu ez dutenetan martxan emateko. Garaia da euskara usaiazko irakaskuntza eta kultur arloetatik kanpo ere garatzea eta herriko etxeen bidez ere erabilerari bultzada azkarra ematea. Euskal Elkargoaren hizkuntza-politika proiektuak dioen bezala: Euskara jalgi hadi plazara!