Bai, Covid-19a hilgarria da, baina zein da lanjerosena? Birusa bera ala frantses gobernamenduaren jokabidea “birusetik gure babesteko”? Ene senarrak hiltzea arriskatzen du Covid-19arengatik. Ez du birusa. Bakterio batek dio erasotzen eta hiltzeko arriskuan ezartzen.
Bizkitartean Frantzian, eta Euskal herrian, hitz bat baizik ez dabil osasunaren arloan: koronabirusa. Zuzen edo makur, ez da horretaz ene solasa. Gogoeta oro inhibitzen duen obsesio horrek nau kezkatzen. Gripearen sintomak, mialgia eta sabeleko mina, eta medikua ez da gehiago etxera etortzen. Bere bulegoan, goratik hartzen ditu eria eta haren herstura, eriaren emaztea eta haren atsekabea, eta eri arranguratuari erantzuten dio: “Har ezazu Doliprane bat, egizu proba, et sustut bakartu zaitez.”
Telefonoz larruaren kolore horia ez da ageri, tentsioa ez da neurtzen. Alta, protokoloa da.
Telefono dei horretarik aitzina, gauza bakarra da nagusi: ea Osasunaren Eskualdeko Agentziaren zerrenda luzean gehitu beharreko kasu berria ote den. Artean, ene gizona ahultzen ikusten dut, ahalmenik gabe. Orain, burasoek irakasleak ordezkatzen dituzte, ahaideek medikuak. Ahulenak urrundik laguntzen dira, eta horrek egunero pixka bat gehiago urruntzen gaitu gizaditik.
Fite ulertu dut nik dudala hauteman beharko zein den memento egokia SAMUa deitzeko, baina bakarrik « arnasketa zailtasunak » baldin baditu. Nik eta nik bakarrik. Ez da gehiago nehor etxeraino etorriko. Kaltegarriak bilakatuak gara. Eta “arnasketa zailtasunik” gabe, SAMUrik ez. Noiztik goiti da pertsona bat arnasketa zailtasunetan? Kanapetik komunetara bi metro kurritzea eta bi oreneko ibilaldi baten hats-bahitura ukaitea, hala dea? Ezetz, erantzuten didate, erreferentzia puntua dela. Larriagotzen balitz, SAMUa deitzeko. Medikuntza mailakoa omen den argibide horrekin lasai lo egin dezaket. Hiru oreneko ibilaldi baten hats-bahitura seinaleak ukanen dituelarik SAMUa deitu beharko dut… Protokoloa da.
Gauza bera biharamunean, SAMUa deitzean: “Anderea, zure senarrak arnasketa zailtasunak ote ditu?” “Medikua ote naiz? Gaizki da, lagun nazazu.” Azkenean sokorriak heldu dira etxera. Gurutze Gorriko hiru boluntario. Ez dira medikuak. Gizon horiek konstanteak neurtzen dituzte, eta segidan SAMUko medikuak deitzen. Hauek dute, azken beltzean, ospitalizatzea erabakitzen. Protokoloa da.
Orduan dena lasterrago joaten da: helikoptero bat igortzen dute medikuekin barnean. Covid-19a edo haren arriskua badelarik ospitaleak ez du desinfektatzeko ahalik. Helikopteroa hutsik partituko da. Protokoloa da.
Protokoloa? Frantses gobernuak eta lehendakariak segurtatzen dute osasun protokoloek koronabirusetik babesten gaituztela, jarraiki behar gatzaizkiela, gure onetan. Beraz zergatik ez ote diete ospitaleei gure salbatzeko ahalik ematen?
Azkenean emaitzak ukaiten ditut telefonoz: “Ez da Covid-19a”! Alta, ene senarra hiltzeko lanjerean da, erreanimazioan da egoera larrian. Ez nik ez haren familiak ez dugu ikusteko eskubiderik. Protokoloa da.
Salbatuko ote zuten ospitalera lehenago heldu izan balitz? Ez dakit. Ikasi dudana hau da: beldurrarekin eta gaitz horren irazkitik bizitzeak gure biziak lanjerean ezartzen ditu. Ez du Covid-19ak baizik hiltzen.
Ane Lore