Euskaraldia, 15 egunez, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Ipar eta Hego Euskal Herriko herri desberdinetan antolatuko da, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko gisan.
Euskaraldiaren bigarren edizioko berrikuntza nagusia, belarriprest eta ahobizien arteko ariketa gune desberinetara hedatzea da, leku horietan ere dudarik gabe euskaraz aritzeko. Horretarako, entitate edo egiturek (elkarte, ikastetxe, haurtzaindegi, aisialdi zentro, kirol klub, ostatu, saltegi, lantegi, mediku, instituzio…) funtsezko funtzioa izanen dute hizkuntza ohiturak aldatzeko eta hobekuntzak finkatzeko, Belarriprestak eta Ahobiziak terrenoan sustengatuz.
Saltegi/zerbitzu/elkarte/ instituzio gisa Euskaraldian nola parte hartu ?
«Euskaraz ez gira errexki ari ez baitakigu euskaraz artzen ahal girela…» entzuten dugu. Aurten, entitate edo egitura ezberdinek horretan laguntzen ahalko dute entitatearen baitan dudarik gabe euskaraz mintzatzen ahal dela erakutsiz. Haien parte-hartze aktiboa finkatzeko, oinarrizko konzeptu bat lagungarri izanen da: arigunea edo euskaraz lasai aritzeko gune idenfitikatua.
ARIGUNEAK edo euskaraz lasai aritzeko guneak urte bukaeran iraganen den Euskaraldirako ari dira antolatzen
- Saltoki, zebitzu gune, enpresa, elkarte edo instituzio desberdinek ariguneak osatu eta Euskaraldian parte hartzeko parada izanen dute aurten
- Herrietako batzordeen sorrera erritmo onean doa, Baxe Nafarroa Lapurdi & Xiberoan gehienetan lehen edizioko herri kopuruak izena eman baitu
Euskaraldi denboran 15 egunez, arigune gisa izena eman dutenek ahobizi eta belarriprestei haien baitan euskaraz mintzatzeko babesa ekarriko die. Bi motako ariguneak osa daitezke :
– Kanpo-ariguneak : arigunearen ikurrarekin seinalatuz herritar/bezeroei harrera euskaraz segurtatzen dute ahobizi/belarriprest txapak erabiliz.
Adibidez : farmazia batetan, 3 harrera gune (edo kontuar) dira, eta bat euskaraz segurtatzen ahal da. Farmaziak kanpo-arigune bat sor dezake beraz. Euskaraldi denboran, kanpo-arigunea arigunearen ikurraren bidez idenfitikatua izanen da, eta kontuar gibeleko pertsona ahobizi/belarriprest txaparen bidez.
– Barne-ariguneak : lankide edo elkartekide artean euskaraz funtzionatzen duten edo funtzionatu nahi duten taldeek sor ditzakete. Horretarako taldearen %80ak ados izan behar du ahobizi/belarriprest gisa parte hartzea.
Zertarako Euskaraldian arigune gisa parte hartu ?
Arrazoin anitz ditu entitate batek Euskaraldian parte hartzeko, hona batzuk :
– Ahobizi eta belarriprestari ariketan babesa emateko
– Tokiko herritarrak hunkitzeko & hurbiltzeko parada eskaintzeko eta euskara ikasten dutenei mintzapraktika aukera naturalak eskaintzeko
– Lekuko hizkuntzari atxikimendua eta sustapena erakusteko, euskara esparru publikoan baloratuz
– Entitateari ikusgarritasuna eskaintzeko eta euskaraz lanean ari diren sarea agerian emateko (aterako den aplikazioan ariguneen mapan agertuz besteak beste).
Arigune gisa nola izena eman ?
www.euskaraldia.eus webgunean, irailaren 27a aitzin izena ematen ahal dute Ariguneek. Izena ematen laguntzeko « tuto » edo bideo esplikatibo bat bada ere Kanalduden (https://kanaldude.eus/bideoak/4419-ariguneen-izen-ematea).
EUSKARALDIAren bigarren edizioaz jakin behar dena
Noiz: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra, 15 egunez
Non: Euskal Herri osoan
Leloa: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan
Helburu nagusia: Euskararen erabilera handitzea hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabalduz
Herri Batzordeak:
- Lapurdin (Ziburu, Angelu, Hendaia, Bidarte, Getaria, Bardoze, Zuraide, Baiona, Biriatu, Ahetze, Luhuso, Ezpeleta, Itsasu, Urruña, Larresoro, Biarritze, Hazparne, Make, Uztaritze),
- Baxe Nafarroan (Aiherra, Aldudeko ibarra, Amikuze, Arberoa, Arrosa, Baigorri, Bidarrai, Garazi, Irisarri, Armendaritze, Heleta, Iholdi, Landibarre, Suhuskune, Ortzaize, Oztibarre),
- Xiberoan (Maule).
Webgunea: https://euskaraldia.eus
Sare sozialak: Euskaraldia ipar-eh (facebook), Euskaraldia Ipar_eh (instagram), Euskaraldia_IparEH (twitter)Oinarrizko konzeptuak:
- Belarriprest: norma: “zuk nerekin euskaraz” – Euskara egunerokian ulertzen dute eta pertsona, toki eta egoeren arabera mintzo dira euskaraz. Euskaraldi denboran 15 egunez euskara ulertzen duela agertarazten dute txapari esker. Jendea berekin euskaraz aritzera gonbitatzen dute berek ere, egoeraren arabera euskaraz egin dezaten.
- Ahobizi: urratzailea: “nik zurekin euskaraz” – Ahal duten guziz euskaraz ari dira eta euskara ulertzen duten guziekin beti euskaraz ari dira. Euskaraldi denboran 15 egunez lehen hitza euskaraz egiten dute nonahi, noiznahi eta denekin, txapa papoan. Elkarrizketa elebidunetan euskaraz segitzen dute, parekoari/egoerari egokituz.
Heldu diren hilabeteetan kontuan hartzeko faseak:
- 2020 irailean: iparraldeko xoko desberdinetan Herri Batzordeekin bilkurak
- 2020 irailean: Herri Batzordeek herriko ariguneak identifikatu izena emateko
- 2020 irailaren 27a: Ariguneen izen emate bukaera
- 2020 urri hastapenean: Herri Batzordeen topaketa
- 2020 urritik>azarora: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
- 2020 azaroaren 20tik abenduaren 4ra EUSKARALDIA.