Jone Markuleta (Argia.eus-etik)
Euskaraz ikastea eta irakastea eskubide bat dela aldarrikatuz 1.000 lagun inguru elkartu dira Baionan. Antolakuntzak adierazi du ondorengo egunetan mobilizazio gehiago egongo direla.
Emaitza ezin hobea izan duela adierazi dute Euskal Konfederazioa, Biga Bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas-bi eta Seaska elkarteek antolatutako giza katean parte hartzeko eragileek egin zuten deialdiak. 1.000 lagunetik gora elkartu dira Baionan.
Elkarretaratzean Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikoaren erabakia babestu nahi izan dute eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarena gaitzetsi. Baste-Quieta eskolan irakaskuntza euskara hutsean ematea debekatu du Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak. Erabaki honek haustura bat ekarri duela salatu nahi dute euskararen irakaskuntza sustatzearen alde lan egiten duten eragileek.
Baionako mobilizazioak bat egin du Frantziako Estatuan hizkuntzak gutxituak defendatzeko egin diren 21 mobilizazioekin. « Gure hizkuntzak bizi daitezen » lelopean, derrigorrezko irakaskuntza ez dela zertan frantsesez egin aldarrikatu dute eta hizkuntza gutxituak errespetatu behar direla defendatu.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria ere bertan izan dira. Gaubekak honela adierazi du: « Euskarazko murgiltze eredua debekatzeak argi erakusten digu gutxitutako hizkuntzen aitortza eta babesik ez dagoela frantziar estatuan, gure kasuan, euskara babestea eta sustatzea ezinezkoa da frantsesa oinarri eta ardatz ez den eredu guztiak debekatzen dituelako. Frantziar Konstituzioa bera oinarrizko giza eskubideen zapaltzaile bihurtzen da. Beraz, ez du herritarren aniztasuna errespetatzen eta etorkizuneko herritarren hizkuntza eta kultura homogeneizatu nahian jarraitzen dute« .
Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak honela erakutsi du bere atsekabea: « Kexu gara. Ez dut entelegatzen Frantziako Gobernuaren postura: gibelatzea da, Euskal Herriaren aitzinamendu adierazgarriekiko. Politikoki ere, ez dut ikusten zer interes duen gobernuak horrelako erabaki dogmatikoen hartzeko; ez du bat egiten gobernuaren irudiarekin. Eskatzen dut aterabide bat atzeman dezaten lehenbailehen”.
Antolakuntzak adirazi du erantzun ezin hobea izan duela deialdiak eta azaldu du ondorengo egunetan mobilizazioak egongo direla.
Euskal ordezkaritza bat Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bilduko da asteartean, urriaren 13an.