Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Aurten ez da pasatu Korrikaren lekukoa. Iaz ez zen izan Herri Urrats, ez Nafarroaren Eguna, ez beste hainbat ekitaldi; bide erdian gelditu zen Xilaba bertsolari txapelketa, hotza izan zen Durangoko Azoka digitala. Eta aurtengo ekitaldiak ere arriskuan daude. Euskal Herriari bizia ematen dioten kultura ekitaldiak eta besta handiak agendatik kanpo gelditu dira. Baitezpadakoak baldin badira herri honen izaera bermatzeko, herritarren arteko loturak atxikitzeko, kultura sustatzeko, hizkuntza indartzeko edota kontzientzia zabaltzeko, pentsa zer kaltea eragin dion herriari dena bere gisa uzteak!
Euskal Herriaren artikulazioa, herritarren arteko lokarriak eta ekimenen arteko harremanak sustatzea izan da betidanik Iparra Hegoa elkartearen helburua. Iaz zen ospatzekoa 25. edizioa, eta ezin izan zuen antolatu. Aurten gauza bera. Iparra Hegoa ezin antolatu, eta muga administratiboa harresi bihurtu digute. Euskal Herria halako ekitaldirik gabe gelditzeak dakarren hutsunea nolazbait bete nahian, Bizi Gira Kutxa Bira ekimena antolatu dute Iparra Hegoak eta Bernat Etxepare lizeoak. Kutxak ez du hutsunea beteko, baina Kutxa Biran parte hartuko duten elkarteek eta ekimenek kutxa beteko dute, beren amets eta aldarrikapen mezuekin. Bernat Etxepare lizeotik abiatu zen, eta Argentinaraino hegaldatu, hango euskal diasporak har zezan. Maitasun eta ilusio handiarekin egin zioten harrera, garbi utziz nolako lotura trinkoak ditugun euskaldunek, eta euskara zein lokarri garrantzitsua den itsasoaren alde bateko eta besteko kideentzat (beraz, nola ez da, bada, lotura izanen zazpi herrialdeetako herritarren artean ere?).
Kutxa Birak irudikatzen du euskararik gabe ez dagoela euskal herritarren sarea josterik, ez dagoela Euskal Herria eraikitzerik. Amets Arzallusek idatzi du Kutxa Birako mezua, eta argi dio euskararen zentralitatea zein handia den: “Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deit dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea”.
Euskara da ardatza, euskara da herri honen hatsa. Baina Kutxa Birak –eta Iparra Hegoak urtez urte– erakutsi duen bezala, beste dozenaka gai eta kezka biltzen dira herri proiektu horretara. Muga ofizialetatik gaindiko harremanak, ingurumenaren zaintza, sektore ekonomiko anitza eta enplegu arduratsua, etorkinen harrera, presoen askatasuna, kultura bizia, herriaren independentzia…
Argentinatik itzuli ondoan, kutxa Euskal Herriko herri andana batean gaindi ibiliko da. Antolatzaileek azpimarratu duten bezala, aurten jendearen mugimenduak ez direnez libreak eta ezin denez elkarretaratze handirik egin, kutxa bera joanen da herrietara eta jendeen artera, jendeak eta ideiak jostera.
Koronabirusak jotzen duen jendeak arnasteko zailtasunak izaten ditu. Milaka hil dira Euskal Herrian, milioika munduan. Ikaragarria da. Baina ez du bakarrik jendea jo. Pandemiaren kontrako neurriek hatsik gabe utzi dute Euskal Herria (besteak beste), bizitzeko funtsezkoak dituen ekitaldi eta lokarri horiek gabe.
Pandemiak ez du bakarrik jendea jo.
Pandemiaren kontrako neurriek
hatsik gabe utzi dute Euskal Herria (besteak beste),
bizitzeko funtsezkoak dituen ekitaldi eta lokarri horiek gabe.
Ariketa zaila da oreka aurkitzea herritarrak hatsik ezin hartuz hiltzen ez uzteko hartu behar diren neurrien eta herria arnasgabetzen ez uzteko antolatu behar diren ekimenen artean. Antola litezkeen ekintza xumeen arteko bat da Kutxa Bira. Beharrezkoa da, herri gisa ez gaitezen etsipenean eror, kolpatua den euskara ez dadin zokoratuagoa izan eta lehendik ahulduak genituen loturak ez daitezen betiko eten.