Nehork zalantzarik balu Xipri Arbelbide elizgizonaren eliza katolikoarenganako atxikimenduaz, berrikitan agertu duen liburua irakurri behar du. Ez da Xiprik idatzi duen lehen idazlana. Beste hamar bat baditu argitaratuak aitzinetik, idazle ekoizpen oparoa. Azken hau, haatik, bere apez bizi osoa gidatu duen engaiamenduaren lekukoa da, gazte gazte danik hartu zuen ibilbidearenganako leialtasuna. Leial bainan ez itsu. Euskal Herrian, beste leku gehienetan bezala, elizak bizi duen krisia du aztergai Xiprik aldi hontan.
Dio girostino kopuruen beherakada eta elizak orokorrean bizi duen krisiaren erroak urrun heltzen direla. Xiprik egiten duen azterketa historikoa sakona da. Elizaren barruan eztabaidak eta desadostasunak badaudela? Elizaz kanpoko munduaren eta elizaren artean auzi frango badela dela? Bai, eiki. Bainan hauek ez dira bakarrik gaurko arazoak. Aspaldi danik, eliza katolikoa sortu zenetik, hor daude eliza barneko eta kanpoko munduarekilako eragozpen eta eztabaidak. Hastapenetik.
“Oilarra kukuruka » du izenburua liburuak. Oroitarazteko, giza erakunde guziek bezala, elizak ere bere ahultasunak dauzkala, gizakiek osatzen dutelakotz eta gizakia ahula eta mendrea delakotz. Oilarrak kukuruka egin aitzin Jesus hiruetan ukatu zuen Jondoni Petri lehen aitasainduak! Liburuaren interesa, besteak beste, hori da hain xuxen. Perspektiba historiko zabal baten barnean kokatzen dituela elizak Frantziako mundu laikoarekin ukan dituen zailtasun edo auziak. Edo hobeki erran, mundu laikoak eta hunen barnean mundu politikoak, elizarekin ukan dituen hareman polemikoak. Guziz 19. mendeaz geroztik. Adierazgarri frantses iraultzak, 20. mende hastapeneko Estatu eta Elizaren behextea, kongregazionen kontrako legeak, eta abar.
Elizatik haratago Europako, Frantziako eta, nola ez, Euskal Herriko gizarteak bizi izan dituen aldaketak ditu aipagai idazleak: mediek zentzazionalizmoari emaiten dioten premia, jendartearen « askatasun” gosea, 68ko maiatza, materialismoa, kontsumismoa, abortua edo sexu berekoen arteko ezkontza, besteak beste.
Apeza da Xipri, ordea, ez ditu nihundik ere elizak eta elizako hierarkiak egin dituen itzalak, hutsak edo eskasak sabai zokoan gorde nahi.
Bereziki Baionako diosesaren eta diosesako apezen gehiengoaren euskararen erabilpenaren eta garapenaren alderako herabetasuna edo kontrako jarrerak. Berdin euskal errefuxiatuen alderakoak. Kuestionatze lan preziagarria arazo horiek elizaren barnetik bizi dituen kide batenganik.
Batzuk erran dezakete Xipriren apezen pedofiliaren kondena eztiegia edo malguegia dela, diolarik haurrek jasaiten dituzten abusugehienak laikoek egiten dituztela, bainan medietan ez direla apezenak baizik aipatzen, zentzazionalizmoaren diktadura baita nagusi gaur egun. Irakurle bakoitzak eginen du bere iritzia.
Kontsumismoak giristinoak elizetatik urrundu ditu, Iparrraldean nola Hegoaldean, Europa osoan bezala. Jendartea biziki aldatu, Iparraldeko eliza ere bai, nola ez. Barnekaldean apez gutti eta Baionakoak barnekalderat joaiteko uzkur.
Dena galdua ote da? Ez, dio Xiprik, bere baikortasunak gaina hartzen duela. Herri honek altxagarriak baditu. “Ahurtara bat altxagarrik orhe guzia hantzen du”.
Adibidez, nun ikusten dira Bakegileek deramaten presoen aldeko inziatibak bezalakoak? Maitasunean eta elkartasunean oinarrituak. Badea balore kristauagorik? Xiprik, behin berriz, liburu huntan egin duen azterketaren merezimendua hain xuxen hori da: etsipen guzien gainetik badagoela baikor izaiteko arrazoinik.
Irakurleak mila elementu aurkituko ditu Iparralde hontako gizarte eta erligionearen arteko harremanak hobeki ulertzeko, idatziarekin ez beti ados izanik ere.
Oilarra Kukuruka
Xipri Arbelbide
Erein 2019.