Maiatzaren 30 honetan, milaka herritar mobilizatu dira Hego Euskal Herriko Greba Orokorraren karietara murrizketari ezetz erraiteko eta eskubide suntsiketari bestelako politikak aldarrikatzeko.
Hego Euskal Herrian, langabezi tasak %17-a gainditzen duelarik, hots langabetuen kopurua 230 000tik goiti den krisi egoera honetan milaka izan dira karriketara atera diren lagunak. Mobilizazio haundi horren lekuko joan den osteguneko Greba Orokorra egunean, eguerdian hiriburuetan iragan diren manifestazioetako parte hartzea dugu. Aroa ez bazen karriketan ibiltzeko lagungarri ere Bilbon (25.000 pertsona), Donostian (25.000), Gasteizen (20.000), Iruñean (15.000, konduan hartu gabe Nafarroako beste hainbat herrietan kalera atera diren milaka) mobilizatu dira.
Krisia hasiz geroztik, Erkidego autonomoan eta Nafarroan deitua izan den 6. Greba Orokorra da. ELA eta LAB, grebara deitu duten bi sindikatu nagusienetako bozeramaileek egin duten adierazpenaren arabera industria arloan, 50 langiletik goitik enpresetan, grebaren jarraipena osoa (hots langileen %70tik goitik jarraitua), izan da haietarik %41etan eta beste %20 enpresetan jarraipena langileen %30-70artean zen.
Sektore publikoan ere Greba orokorraren jarraipena haundia izan da, bereziki hezkuntza eta administrazioan.Garraio publikoari dagokionez, legeak behartzen duen “zerbitzu minimoen”eskaintzarekin ibili da Eusko-Tren Greba Orookor egun honetan.
Sindikatuek egin Greba Orokorraren balorazioa hobeki segitzeko, xehetasunak hemen aurkitzen ahal dira:
Gutun Sozialaz, alternatiba sozializatu
Greba Orokorraren karietara azpimarratua izan da mugimendu sindikalak eta gizarte eragileak ari direla Euskal Herriarentzat Gutun Sozial bat eraikitzen. Gutun horren xedea da partaidetzaren sustatzea, gutuna bera eraikiatzeko, alternatibak zehaztea eta gizarteratzea, politikariei interpelazio zuzenak bideratzea eta eta horren bidez gizartearen mobilizazioa sustatzea.
Maiatzaren 30eko Greba Orokor honen ondotik botere politiko eta ekonomikotik etorri dira “Porrot egin duzue…”edo “Murrizketak ez du alternatibarik…” bezalako balorazioak. Gutun Soziala lagun murrizketak (soldatetan, etxebizitzan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan, menpekotasunean, pentsioetan, langabezia-sarietan…) ez aplikatzeko galdea indartu nahi da. Politika fiskal zuzenaren apustua gauzatzeko galdearekin batera. Hori guzia aberastasuna eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanen eta babes sozialerako euskal esparru baten alde borrokatzeko xedearekin bat.