Loba Laskarai
Martxoaren 8a hurbiltzen zaigu eta jaz bezala, emazte langileen alde aterako gira karrikarat.
Gaur egun bere zentzua galdu badu ere, inportantea da ulertzea duela mende bat, 1910 ean, Emazte Langileen Nazioarteko Egun gisa sortu zela. Zentzu hortan, aurten borroka egun hunen kari, emazte langileen bizi eta lan baldintzen txartzea salatu nahi dugu ITAIAtik.
Hala nola, ulertzen dugu krisi kapitalista testuinguru batean kokatzen girela, pandemiaren ondoriozazkartu dena, eta II.Mundu Gerla eta geroko Ongizate Estatuak ahalbidetu zituen bizi baldintza onak galtzen ari girela. Krisi honek langile klasearen proletarizazioa ekartzen du (bizi baldintzen txartzea) eta emazte langileak ez dira fenomeno horretatik kanpo kokatzen. Hori baino gehiago, emazteek prekarizazio hori azkarkiago bizitzen dute, sistema kapitalistan duten rol sozialaren ondorioz.
Adibidez, %80ean emazteek osatzen duten zaintza lanen sektoreak, lan kargaren handitze bat jasaiten du, denbora berean lan postuen murrizketak emaiten ari direlarik (lan partzialak, behin-behineko lanak, kanporaketak…). Hori gertatzen da, krisi ekonomikoan eta pandemiaren testuinguruan, Estatu, edo Administrazio Publikoek gero eta zerbitzu guttiago segurtatzen baitituzte, zama haundiagoa emazte langileengan emanez.
Aldi berean, aipagarria da ikus entzunezko formatuek hartu duten zentralitatea, kontsumo eredu berri bat bultzatuz. Horrek alde batetik, indarkeria forma berriak sortzen ditu (jazarpen birtuala, gure onespenik gabe gure argazkiak zabaltzea…) eta pandemia testuinguruan presentzia handia garatu du.
Bestetik, masa kultura fenomenoek indar handia hartu dute, gure egunerokoan instagram edo tik-tok bezalako plataformek duten presentzia handitu da, gure itxurarekiko obesisoa, eduki sinplisten kontsumoa… eraginez. Medio hori guzien bitartez, emazteen sexualizazio eta objektibizazioa erreproduzitzen dira eta gainerat, hori gure ahalduntzearekin parekatzen dute (“ene gorputza, ene hautua” bezalako aldarriak). Horrek guziak emazte langileen bizietan dituen ondorioak gordetzen ditu, ustezko ekintza feminista baten gibelean.
Preseski, feminismoaren aldeko aldarria egunerokoaren parte bilakatu delarik, argi dugu alderdi politiko parlamentarioek eta feminismoak, ez diotela aterabiderik emaiten txartzen ari den emazte langileen egoerari. Alde batetik, feminismoa instituzioen bisaia garbiketarako erabilia da eta bestetik, kapitala metatzen segitzeko merkatu berria bilakatu da. Proposamen feministak ere ez dira arazoaren errorat abian ez baitute egitura kapitalistaren iraultzeko beharrezkoatasuna emazte langilearen askapenarekin lotzen. Aldaketa kulturaletara mugatzen dira, arazo bakotxa isolatuki ulertuz eta beraz, aldaketa sozial sakon baten beharra baztertuz.
Guk, sozialismoa ardatz, jendartea bere osotasunean borrokatzera deitzen dugu. Hala nola, emazte langilearen askapen erreala ezinezkoa da, zapalkuntza berezkoa duen sistema kapitalista honen gaindipenik gabe. Horretarako, subjektu politikoa langile klaseak izan behar du, subjektu hori izanen baita gizarte kapitalistari integralki buru eginen dion programa unibertsala garatzen ahal duen bakarra.
Ondorioz, aitzin aipatuak izan diren arrazoinengatik, martxoaren 8an mobilizatzeko deia luzatzen dugu ITAIAtik. Hala ere, argi dugu Emazte Langileen Nazioarteko Egun hori, egun finko bat baizik ez dela, duen inportantzia guziarekin. Izan ere, salatzea ezinbestekoa den heinean, emazte langileak pairatzen duen zapalkuntzarekin bukatzeko ez da nahikoa.
Hori guzia erranik, gomitatzen zaituztegu martxoaren 8an, arratseko 8ontan Itsasuko plazan eginenden elgarretaratze eta ekitaldi poilitikora.
Emazte langileen askatzeko sozialismoa eraiki!