2013ko ekainaren 5an asteazkenarekin, Bizi! Euskal elkarte altermundialistaren 110 kide eta aldekoek Biarritzeko lehen txirrindula bide antolaketa estreinatu dute. Behargin aktibista batzuek egin lanak (seinaletika bertikalen ezartzea eta bidean marra egokien tindatzea) aski izan dira Mazagran karrikan bi norabidezko txirrindula bidea apailatzeko, Biarritzeko hiri erdi erdian.
Jarraian den bideoan agertzen den ekintza sinboliko bezain konkretu horren burutzearekin, ekainaren 5a den nazioarteko inguramenaren eguna kari, Bizi!-k berriz ere deiadarra jotzen du beroketa klimatikoaren borrokan laster eragin behar dela adieraziz, hots beroketa efektuzko gas isurketak murriztu behar direla. Pertsonen garraioen arloan, txirrindularen aldeko apailatzeak Biarritzen nahiz beste hirietan eta garraio publikoen zerbitzu eskaintza egoki eta onak (autobus bide berezietan),ehentasun azkar bat izan behar direla azpimarratuz.
Alta bada, Biarritzeko Herriko Etxea txirrindula antolaketen mailan duela urte bat pasa engaiatu zen, Bizi!k eraman Bizi! Kleta kanpainaren ondotik. Behereko bideoan, 2011ko abenduaren 3an, Bizi! eta Borotra, Biarritzeko auzapeza, Herriko Etxe aintzinean ikusten dira Bizi! Kleta kanpainaren bururatzeko egin zen ekintzan. Bertan auzapezak txirrindularen gaiaz ardura baduela erakutsi nahi badu ere, ezer ez da egina izan geroztik Bizi! mugimenduaren arabera.
Ondorioz, mundu osoan ospatzen den Ingurumenaren Egunaren karietarat, ekainaren 5an, Bizi!k ekintza honen bidez « hitza hitz»-en garrantzia azpimarratu dio Biarritzeko Herriko Etxeari. « Ezina ekinez egina dela», eta ekintza publiko eta pedagogikoan azpimarratua izan den bezala « Deus ez duenak egin nahi, aitzakiak atxemaiten dituela (Biarritzeko herriko etxearen kasuan bideen hertsitasuna, ixtripu arriskuak, etab.)… Aldiz, zerbait egin nahi duenak medioak eta baliabideak!».
Bere ekintzaren premia azpimarratzeko eta mobilizazioa justifikatzeko, Bizi!k esku paper bat ere banatu du non irakurtzen ahal zen: « Bi norabidezko txirrindula bidea – txirrindula kontra bidea deitua ere – bi norabidetan zirkulatzen ahal den bidea da, norabide bat txirrindulentzat baizik ez delarik. Errepideko kodean sartua da posibilitate hori 2008tik geroztik. Bere gauzatzea beharrezkoa da 2010etik geroztik norabide bakarreko karrika guzietan, 30 sailkatu guneetan. »
Ekintzaren karietarat, Iban Grossier-ek, Bizi!ren bozeramaileak argi uzten zuen: «Mazagran karrika eta Biarritzeko hiri erdiko beste karrikak aski zabalak dira bi norabidezko txirrindula bideen orokortzeko. Nantes, Grenoble, Toulouse eta berrikitan Baiona bezalako hirietan antolatu dituzte bi norabidezko txirrindula bideak, batzutan karrika askoz hertsiagoetan ere». Horri gehituz: «Gainera, ideia faltsuei ihardoki behar zaie : ez, bi norabidezko txirrindula bideak ez dira lanjerosak!»
Trantsizio energetikoaren eztabaida betean, Herriko hauteskundeentzat urte bat baino guttiago eskas denean, Bizi!k harri batez bi xori lortu ditu.
Alde batetik azpimarratu du garaia dela herriko eta herri-elkargoetako politika anbiziotsuen galdegitea neurritasun energetikoaren eta beroketa klimatikoaren mailan.
Bestetik, argiki erakutsi du antolaketa ainitz, ekintzan burutua bezala, egin errazak eta merkeak direla!
Hots, zinez hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela.
Txirrindulendako zentzu bikoitzeko bizikleta bidearen txosten tekinikoa eta estreinaren argazkiak : ikus beherean