Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Asumitu behar dugu, ez baldin bada errexa ere, betidanik euskal herritarren artean, euskaldunen artean, eta behar bada bereziki abertzaleen artean, harrotasun pixka bat agertzen dugula noiztenka.
Batzuetan, kanpotik ohartarazten digute, berdin harroputzak girela edo bederen gutaz aski harro girela euskaldunak.
Entzuten da abertzaleen artean, auto-antolakuntzan gaitasunak ditugula, gauzak gure gain hartzeko errexki ari girela edo proiektu batzuk sortzeko tenorean, ideia bikainak ditugula.
Ez gira sartuko joan diren hauteskundeen bilan edo analisian; argi da abertzaletasun politikoa aitzinatzen dela Ipar Euskal Herrian, boz kopuruetan, ehunekoetan gora ari dira gure emaitzak jakinez legebiltzarreko bozak ez direla usaian hauteskunde errexenak, bereziki aurtengo testuinguruan. Baina gustu gazi gozoa uzten digute aldi berean emaitza horiek, baita azken denboretan iragan diren gertakari batzuek ere.
Konparatzen bagira gutituak diren Europako beste herrialde batzuekin, galdera pausatzen ahal diogu gure buruari, zertan giren Euskal Herrian eta konkretuago izateko, labur biltzen ahal dugu galdera baten inguruan: Euskal Herria bai ala ez?
Sudurra gidoinetik altxatzen badugu, ohartzen gira hainbat tokitan aitzinamendu handiak lortu dituztela; nola ez aipa (fruituak ez baldin badituzte oraindik biltzen ere) Kataluniak azken urteetan espainol estaduarekin garatu duen lehia. Irlandara ere joaten ahal gira azpimarratzeko Sinn Fein alderdiak ateratu dituen emaitza historikoak joan diren hauteskundeetan. Eskozian, hor ere beste adibide ederra, Brexitaren testuinguruan, SNP alderdia, gobernuan dena, erreferendum berri bat antolatzeko bidean baita. Azkenik, Korsikan pasatzen denak ere gogoetak pizten ditu, hiru diputatu igortzen dituzte berriz Parisera, Iparraldean kontent girelarik bozen ehuneko 10a edo 15a gainditzen dugularik. Bistan dena, egoera ez da berdina, alta elementu batzuk konparatzekoak dira Ipar Euskal Herriko eta Korsikako problematikak hartzen direlarik.
Euskal Herrian, beldurtzekoak edo harritzekoak dira azken berri edo gertakari batzuk: presoen aldeko manifestaldi umil bat Baionan, non ikusten ziren nagusiki buru zuri batzuk, Donostian abertzaleak diren gazte batzuen arteko liskarrak eta zafraldiak, Euskal Herriko eskualde euskaldunetan, euskararen erabilpena apaltzen ari karrikan, Naziometroa neurketaren arabera independentziaren alde diren jendeak gutitzen ari ere azken urteetan, etab. Orokorki mugimendu abertzaleak, txinatar buru hauste baten itxura du, sigla andana batekin, hamaika bide hartzen dituena, ehunka eztabaidatan…
Gaur, sekula baino gehiago behar bada, Euskal nazioak alimaleko erronkak ditu bere aitzinean; aldi berean, abertzaletasunak proposatzen dituen aterabideek mundu mailako desafioekin edo erantzunekin bat egiten dute.
Ez ote da tenorea bide orri bakar bat proposatzeko, programa minimo bat adosteko lau, bost edo hamar punturen inguruan, zazpi probintzietan atzematen diren problematika nagusiei erantzuten dutenak eta aldarrikapen nazionalak, kulturalak eta sozialak kontuan hartzen dituztenak?
Uda aitzineko galderak dira, galderak baizik ez.
Egun on, Peio. Aski ados naiz egiten duzun irakurketarekin, nahiz eta zaila den egoera artikulu bateko lerroetan osoki biltzea. Ene ustez, aipatzen dituzun beste leku horietan aitzin egin badute, hain zuzen izan da, alderdi « abertzale » edo « independentistek » ez dutelako iparra galdu, eta ez dute euren diskurtsoa soilik bozak biltzeko tresna bilakatu. Berdin presoen aldeko mugimendu mediatikoenarekin; horregatik dira hainbeste ile urdin. Azken hamarkadan bereziki, diskurtsoa lausotu dugu, deskafeinatu, jendea erakartzeko (bozetan) baina bide batez eta oharkabean, ildo politikoa ere deskafeinatu dugu. Eta sintoma adierazgarri bezain penagarria aipatzen duzu: Donostian izan diren gazte talde desberdinen arteko liskarrak. Ezker abertzaleak berea zen/den esparrua hutsik utzi ez balu, ez zen horren betetzeko mugimendurik sortuko. Baina, jakina da, naturak ez du hutsunea maite. Azkenik, « abertzale » terminoaz gogoeta sakona egin beharko litzateke; Aberria ezin baita Euskal Herriaren zati bat izan; Aberria ezin baita estatu zapaltzaileen instituzioetan ordezkatua izan. Independentzia zintzoki aldarrikatu beharko dugu berriz.
Funtsean bertze herrialdeekin konparatuz hemen dugun arrakasta apalagoa, bi ezaugarri nagusirekin explikatuko nuke: bata ETAren gehiegikeriak eta gehiegizko irautea (Sarrionandiak ere erran zuen ETA bi hamarkada lehenago desagertu izan balitz hobe), eta bertzea Espainiar estatuaren bortizkeria eta demokratikotasun-eza.
Frantses estatuak gurekin duen zurruntasun bera ez du Kortsikan: han ez dio Madrilek Parisi erraten zer egin, eta horri esker ere aurrerapen politikoak haundiagoak izan dira.
Londresen ere, tradizio demokratikoa bertzelakoa da (azkenaldian Johnson kanporatuz erakutsi duten bezala), Madril bezalako estatu-buru batek Sinn Fein eta SNPri traba askoz gehiago ezarriko lizkieke.
Eta Madrilek nolako trabak ezarri dizkie ere Kataluniako prozesuari, 2017ko arrakastatik hona orain nahiko gelditurik dagoena. Noski honek ere erakusten digu bortizkeria politikoaren aitzakia, aitzaki hutsa zela (Kataluniako prozesu osoa baketsua izanik ere, zenbat jende kartzelatu dituzten!), baina ETAk utzitako zauriak oraindik biziak dira jende askoren gogoetan (Espainiako estatuaren diskurtsoak lagundu baino puzten baditu ere), eta oraindik ez da asmatu ETAko ildotik kanpoko proiektu independetistarik. Nere ustez belaunaldi berriek panomara aldatuko dute, independentziak Katalunian bezainbertzeko zaletasuna bildu arte, armarik gabeko estrategia batean.
Bukatzeko, gehituko nuke gure burua konparatzen ahal dugula ere Ipar Kataluniarekin: Roselló aldean, zenbat katalan hiztun eta zenbat abertzale? Abertzalerik ba ote dago nunbait han, hiriburuko auzapeza RNko kide garrantzitsua delarik, kostalde osoa eskuin-muturraren eraginpean eta barnekaldea pobrezian abandonaturik. Iduri du han Hegoaldeak ez diela inspirazio asko ematen.
Honek ez du erran nahi noski gure arazo guziak kanpotik heldu direnik: euskararen atzerapena euskaldun askoren errua da ere. Eta zerikusia du Hegoalde eta Iparraldearen arteko distantzia (kulturalki) haunditzearekin. Espainolez dakiten euskaldunekin bakarrik mintzo bazara egunero, alferkeriz errexagoa espainolez mintzatzera lerratzea. Eta berdin gure aldean frantsesarekin. Hori abiapuntu bat izaten ahal da.
Ipar euskal abertzaletasuna, euskal Departamentuaren aldeko politika mugimendu abertzalea da. Euskal abertzaletasuna hizkuntz eskubideen eskakizunekin estuki loturik dago. Helburu artean Euskara ofizialtasuna lortzea Iparralde osoan, eta orokorrean Iparraldeko gizartea, ekonomia, etxebizitza, ingurumena, teknologia, unibertsitatea, kultura garatu ahal izatea.
Iparraldeko EAJk euskal Departamentua eta frantses Errepublika anitza aldarrikatzen du.