Henri Duhau
Enbatako Adiskideak, doluminik bizien-bizienak, Jakesen joaiteak sekulako inarrosaldia eragin du gure bihotzetan baina ere Euskal Herri guzian.
Nahi nuke neure lekukotasun xumea erantsi media horiek guti aipatu duten gaiaz: Euskal Dantzarien Biltzarrean Jakesek egin duen lan bikaina 1976ean elkarteburu ezarri genuenetik. Egia da jadanik osasun arras onean zebilela elkarte hau bospasei urte lehenago sortua, baina Jakesek eman zion zabaldura indartsu bat Oldarra taldea lagun.
Urteko lan guzien emaitza izaten zen Dantzari eguna. Biga bederen oroitarazi nahi nituzke. 1977koa, Donibane Lohitzunen, Iparraldeko dantzariez gain bizkaitarrak etorri ziren indarrean: 39 dantzari talde, orotarat 2.000 dantzari eta pilota plaza mukuru mukuru bete zen, dantzatzeko tokia eskas izaterainokoan! Dantzari Dantza hasi zenean, sekulako zirrara piztu zuten eta jende guziak —hiru mila berrehun ikusle— berez xutitu ziren! Erreboteko ikuskizun baten hastean, jendearen berez xutitze hori, ez dut behin ere ikusi hor baizik. Zinez xoragarria izan zen.
Bigarrena, 1980eko Dantzari Eguna, Baionan, Zazpi Lurraldeetako dantzariak bildurik. Suprefetak debekatu nahi izan zuen baina Henri Grenetek eman baimena berretsi zuen. 4.200 dantzari, 12.000 ikusle ordainduz, heldu baita 20.000 jende hurbil bazegoela Baionako kirol zelaian. Euskal besta ospetsuagorik ikusi ote da Iparralde huntan? Arrakasta itzelari buruz gindoazela ikusirik, batzuek nahiko zuten gisa hortako besten zaintzeko berezitua den talde bat ekarrarazi. Jakesek ezetz : mugan ongi pasatzen bada segurtatzen dut denak ongi iraganen direla eta hala hala gertatu zen.