Jakes ez nuen pertsonalki ezagutu, baina eragin arras luze eta zabala izan duten pertsonetakoa izan da, talde ttiki batekin Enbata sortu zuenetik. Ipar Euskal Herriko euskaldun zaharberritu, ekintzaile edota mota anitzeko herri-eraikitzaileen ibilbideak modu ezberdinetan erraztu eta bultzatu dituzte Jakesen lanaren emaitzek. Bere ekarpenak parrafo ttiki honetan ezin dira laburbildu, baina ezaugarri bakar bat atxiki behar banu, erranen nuke oso urrun ikusten bazakiela. Bere garaiko markoetatik kanpoko bilakaerak asmatzen jakin izan zituen 1960ko hamarkada hasieran, Frantziak bere azken koloniak galtzen zituelarik eta Europar Batasuna osatzen hasten zelarik.
Ipar Euskal Herriko gizartea historiak zauritu zuen, obedienta eta konformista bilakatu, gehiengoak sumisio folklorizatu hura berezko nortasuntzat hartzeraino. Apurtzailea izan behar zen kaiola hori bazterrean utzi eta iraupen luzearekin berriz lotzeko. Arnasa luzea izan behar dela zion Jakesek, eta gaurko une nahasi honetan inoiz baino garrantzitsuagoa zaigu bere irakaspen hori.
Krisiak nahaspilatzen zaizkigu, aldi berean gure etorkizunari mehatxu gehiago ekarriz (klima desoreka, energia eskasia, eskuin-muturren gorakada), joan den mendeko markoak zaharkituz, baina ere gure berezitasunei argi berri bat emanez: nortasun konstruktibista, auzonala, elkarren artean antolatu eta eraikitzeko ohitura, hori dena zai dugun guziari aurre egiteko zein lagungarria den ohartuko garenean, Jakes bezalakoak berriz eskertuko ditugu garai egokian hori bera indartzen hasi zirelako.