Xuti Gazte
Gaur, martxoaren 25 honetan, hainbat gazte elkartu gara Miarritzeko Carmen immobilier agentzian. Datuak kezkagarriak dira, urtean 20 000 etxebizitza turistikotik gora daude alokagai Ipar Euskal Herrian, 42 235 bigarren etxebizitza eta 11 904 etxe huts daude, eta herri batzuetan bigarren etxebizitza kopurua %40a baina gehiago da. Ikasleok gure gastuen %65a baino gehiago bideratzen dugu etxebizitzara, eta hala ere, 2020.urtean 11 699 etxebizitza sozial eskatu baldin baziren ere 1 223 bakarrik banatu ziren.
Pozez hartzen dugu berriki onartutako konpentsazio neurria, baina neurri berri hauek ez dute etxebizitza gazteontzako eskuragarria bilakatzen. Gazteok bizi eta lan baldintza prekarioak ditugu, beraz ez dugu aski dirurik gure herrietan etxebizitza bat alokatzeko, are gutxiago erosteko, eta hainbat gaztek haien herriak utzi behar izaten dituzte.
Emantzipatu ezinean gauden bitartean, etxe saltzaile eta higiezin agentziek espekulatzen jarraitzen dute. Ezartzen dituzten prezioak turista dirudunek bakarrik asumitzen ahal dituzte, eta turista horien nahien arabera soilik kudeatzen dira etxebizitzak: ikasturtean zehar bakarrik alokatzen diren etxebizitzak udan turistei alokatzeko, ikasturtean zehar hutsik gelditzen diren etxebizitzak…
Instituzioek ere trabak baizik ez dituzte jartzen emantzipatzerako orduan. Konpentsazio neurria onartu berri den arren, datuek erakusten dute behar dena baino askoz etxebizitza sozial gutxiago banatzen dela, eta gazteon baliabide ekonomikoak ikusiz ezinbestekoa da etxebizitza sozial kopurua emendatzea.
Etxebizitza benetan eskuragarria izan dadin urte osoan prezio apalagoan alokagai egonen diren etxebizitzak behar ditugu. Horregatik, gazteok ere apirilaren 1ean Herrian Bizi plataformak Baionan antolatu duen mobilizazioan parte hartuko dugu.
Angeluko « La Penako lorategiak « izeneko etxemultzoan bizi gara: 7 dorre eta parke zabal eder bat. 2018 urte arte bikote bat bizitzen zen bertan dagoen « etxezainaren egoitza » deitu apartamentuan. Gizonak parkearen mantenketan jarduten zuen eta emazteak dorretako zati komunen garbiketan. Denok nahiko pozik ginen. Baina jubilazioa hartu zutenetik apartamentu hori hutsik dago eta gure etxe multzoa kudeatzen duen Square Habitat sindikak (Carmenekin lotuta) ahalegina egiten ari da bikote horren ez ordezkatzeko. Emaitza: denborarekin apurka apurka izorratzen ari zaikun bizitegi bat. Square Habitatek bilatzen dutena argia da : saldu nahi du! Baina nori? Segurrik ez hemengo bati, baizik eta kanpotik heldu kadre edo juibilatu sosdun bati! Nire ustez Euskal Herriko bikote gazte bat pozik litzateke etxe huts horretan bizi eta etxemultzoaren manteketaz arduratzeko.